Abe
04
24
Munduko Poesia Kaierak bilduma 2014an jarri zen martxan, mundu zabaleko poesia gurera ekartzeko helburuarekin. Hamar urteko ibilbide honetan, 50 poetaren lana ezagutzera eman du. Efemeridea ospatzeko, bilduman ohi ez dugun bezala jokatzea pentsatu dugu: biziei omen eginez.
(gehiago…)
Abe
03
24
Lutxo Egia sortzaile eta kultur aktibista geldiezinaren zenbait testu eszeniko biltzen dira Ganbila bildumak kaleratutako Guardasol gorria liburu berrian, haren antzerkia biltzen duen aurreneko bilduman. Irakurleak liburu honetan hiru antzerki testu aurkituko ditu (Hamalau, Free tour eta Identitarteak), eta baita Haren da nire performancearen bitakora kaiera ere. Umorea, absurdoa eta kritika soziala, horratx Lutxoren antzezlanetako konstante batzuk. Funtsean, egilearen trans-obsesio unibertso ederraren parte bat baino ez dira pieza hauek, jolasean, performancean, trantsizioan, kritikan eta umorean oinarrituta beti. Ezin hobekiago landutako izaki biziek eta bizidunek osatutako piezak.
Abe
02
24
Beharrik, ez gara usatuko Euskal Herriko antzerkigintzari Axut! Kolektiboak eragindako astinaldietara. Aurtengo udan izan zen azkenetarikoa, Lurrez estali deiturikoa, laborantzan jarduten dutenen zailtasunak eta arazoak plazara atera zituen antzezlana. Antzerki zale ugariren ahotan bolo-bolo ibilitako fenomeno hori orain letraz gozatu ahal izanen da Ganbila bilduman kaleratutako liburuari esker. Antzerki garaikidea eta herrikoia konplexurik gabe uztartuz, ekialdea eta mendebaldea ausarki saretuz, hurbilekoenganako maitasun keinu bat da Ximun Fuchsek idatzi eta Axut!ek eraikitako ikuskizun gogoangarria.
Abe
02
24
Ahots soila, hurbila, eta kaleko samarra zuen Jacques Prevertek, Frantziako XX. mendeko poeta ezinbestekoetako bat. Poemagintza oparoa du, estilo eta ahots aldetik, eta narratiboak dira horietako asko, ipuinak ez baina ipuinkarak batzuk. Are, zenbait ale abestekoak dira, kantoreak. Ez alferrik, nazioarteko interprete ospetsuek kantatuak dituzte haren hitzetan oinarritutako makina bat kantu. Mundu arrunta kontatzen du, eta mundu arrunt hori maitasuna da, eta mundua orobat da gerra, odola eta indarkeria, eta munduan daude gabetuak eta pobreak. Prevertek zintzo kontatzen du ikusten duena, umore eta ironia finez, handiusterik gabe trufatuz giza hipokrisiaz eta inozokeriaz, jolasean ia beti. Munduko Poesia Kaierak bildumarako Koldo Izagirrek itzuli du kaiera, sen zorrotz eta jostalariz.
Abe
01
24
Poesia ezezagun samarra da Manuel Vazquez Montalbanena, haren nobelen, saiakeren eta kazetaritza lanen aldean. Eta hala ere berak poetatzat zuen bere burua ororen gainetik. Memoria eta desira izan ziren haren poesiaren bi ardatzak. Egunerokoa emoziotik eta kritikotasunetik erretratatuz historia idazten du, sen etikoaz eta koherentziaz. Halaber, liluraren eta desliluraren artean mugitzen dira desira oinarri duten poemak, erotismoak eta sexualitateak leku garrantzitsua dutela. Poesia urbanoa, asfaltoan, tabernetan, portu ondoko kaleetan gertatzen da, herri-kulturak etengabe bustia, eta Munduko Poesia Kaierak bilduman hauxe duzue udazkeneko aleetako bat, Jon Alonsok euskaratua.