Urt 29 07

Edgar Allan Poe-ren Belea

Gaurkoa bezalako egun batez, baina 1845. urtean, Edgar Allan Poek The Raven poema argitaratu zuen New Yorkeko Evening Mirror kazetan. Euskaraz Jon Mirandek jarri zuen, Bela izenburuarekin, Euzko-Gogoa aldizkarian 1950ean. Poema izugarri eder honi buruz Joseba Sarrionandiak artikulu bat idatzi zuen 1988an. Belea ingelesez entzutea proposatzen dizugu, Willem Dafoe aktorearen ahotsean (Lou Reed-en disko baterako grabatua, 2003an). Ikus-entzunezko moldean gomendatzen dizkizugu sei bideo hauek ere:

Urt 28 07

Ryszard Kapuscinski: “Historiak galdera bakarrari erantzuten dio: zergatik?”

Ryszard Kapuscinski Varsovian hil zen, asteartean. Time, The New York Times eta Frankfurter Allgemeine Zeitung kazetetarako idatzi zuen, baina hedabideekiko baino, ofizioarekiko konpromiso handiagoa erakutsi zuen. Autodidakta, librea: estilo berezia zuen ikusten zuena deskribatzeko. Mailerren, Hemingwayren, Capoteren inbidiarik gabe, literatura gehitu zion kazetaritza kronikari Kapuscinskik. Literatura xehetasuna eta testuingurua ulertzeko. Harekin hil da kazetaritza eredu bat.

Urt 26 07

Otañoren bertsoak eta operak

Atariko intxaurpean utzi nahi izan zituen hezurrak Pedro Mari Otañok, baina ez zuen lortu. Ameriketako panpetan gelditu ziren, Rosarion hil zelarik, 1910eko maiatzaren 6an. 53 urte lehenago jaioa zen, 1857ko urtarrilaren 26an, Gipuzkoako Zizurkilen, duela 150 urte. Euskal herriminaren kantari handienetako bat, bertsolari sonatua zen Ameriketara lehen bidaia egin zuenerako. Hainbat lagun joan omen zitzaion itsasontzira agur egitera. Ozeanoa bost aldiz zeharkatua, eta gure literaturaren uretan ere halaxe ibili zen. Izan ere, bertsolaria da Otaño, baina bestelako porturik ere jotzen du, literatur arnasa handiko bertso-sorta eta olerkiak onduz: Limosnatxo bat, Ameriketako Panpetan, Txepetxa. Zazpiak bat poemarekin goiburu bat baino gehiago dena ere ehundu zuen. Buenos Aires-en 1900ean argitaratutako Alkar poema liburua jasoa geneukan Klasikoen Gordailuan, bere bertso eta olerkien antologia bat izan zena. Gainontzeko lanak erantsi dizkiogu. Zerbait olerki liburua, 1895ean Biktoriano Iraolaren irarkolan plazaratutakoa (gero ere argitara emango dituen Txepetxa, Limosnatxo bat badakartza). Bestalde, liburuetan plazaratutakoez gain, 38 bertso-sail, Antonio Zabalak bilduak. Horiekin batera, baina, opera bat ere bai, Artzai mutilla, 1900ean Bergarako Lopezenean argitaratua, Felix Ortiz y San Pelayoren musika daukana; eta Lora, ipuin kanta hiru egintzatan.

Urt 25 07

Euskalzale, Ibaizabal eta Eguna sarean

Bizkaiko Foru Aldundiak sarean jarri ditu osorik Euskalzale (1897-1899), Ibaizabal (1902-1903) eta Eguna (1937) egunkaria.
Bilboko zazpi kaleetan sortutako hiru agerkari hauek –Euskalzale Jardines kalean, Ibaizabal Dendari kalean eta Eguna, berriz, Posta kalean- sarean egongo dira aurrerantzean, Bizkaia.net eta hemeroketa.eus guneetan. Azken honetan, digitalizatutako egunkariez gain, aukeran dituzu kazetarien zerrenda, bilatzailea eta pdf dokumentuak neurrira egiteko modua.

Urt 24 07

Gabriel Kortaren Okaranak

Ustela liburu sailean ezagutu genuen Gabriel Korta, Isiletik liburuarekin. Susa argitaletxean izan zuen segida, 1986an, Okaranak lanarekin. Poema neurtuak eta errimak uztartzen ditu koplaren molde klasikoei ihes egiten dieten bestelako poemekin, baina beti ere neurri txikian. Gutxi idatzita ere asko esan litekeelako. 2002an Harri hautsiak poemarioa kaleratu zuen. Osorik eskaintzen dizuegu Okaranak.

Urt 21 07

Pierre Bourdieu: “Ez dago guztiontzat den onurarik”

Kultura, hezkuntza eta egungo bizitzeko moduari buruzko bere saioek izandako eragin sozial eta enpirikoarengatik, XX. mendeko soziologorik garrantzitsuenetako bat izan zen Pierre Bourdieu. 1930ean jaio zen, Denguien (Frantzia), eta duela bost urte hil zen, 2002ko urtarrilaren 23an, Parisen. Filosofiako ikasketak Ecole Normale Superieur-en egin zituen, eta 1958 eta 1960 artean Aljerian burutu zituen lehen ikerketak.

Urt 18 07

Omar Nabarroren Itxastxorien bindikapena

Gernikan ez dagoen Guernica kaiolatuko bakearen usoaren ordez itxastxori libertarioa bindikatzen du Omar Nabarrok Itxastxorien bindikapena liburuan, bere lehen poema liburuan (Susa, 1985). Nerbioi ibaia, itsas hegaztiak, zubiak, Zorrotzako portua… kresal usaina dario poemarioari, baina hori paisajea da, liburua hori baino gehiago baita. Paisajean jendea bizi da, ametsak, sentimenduak… Liburuaren izenburu bereko atalaz gain, Tristuraren inbentarioa eta Alkodola atalek osatzen dute Edorta Jimenez idazlearen heteronimo poetaren lehen lana, poema luze eta laburretan, errimatu eta libretan igerian egiten duena. Osorik eskaintzen dizuegu.

Urt 16 07

Literatuzta aldizkaria

Azpeitian sortutako Literatuzta aldizkariak agur esan du. Bederatzi aldizkari kaleratu dituzte 2003ko uztailetik lehendabiziko zenbakia egin eta 2006ko neguan bukatzea erabaki duten arte. Azpeitian sortutako literatur lanen leiho izan da urteotan Literatuzta, eta aldizkari guztiak Interneten daude irakurgai.

Urt 15 07

Paul Guilsou-ren Petan Mihiku, Moliereren lan baten moldaketa

Urtarrilaren 15arekin jaio zen, 1622an, Jean Baptiste Poquelin, Moliere. Frantses literaturako eta orobat literatura unibertsaleko ezinbesteko izena, antzerkiaren maisu handietakoa da Moliere. Bere bizitzari buruzko datuetan batek hartzen die gaina besteei: oholtzan hil zen, autore izateaz gain aktore ere bazena (1673ko otsailaren 17an). Bere lanak euskaraz liburu moduan plazaratu ez badira ere, izan da haren lanik euskaratua. Dollorra eta Elkorra (biak ere L’avare), mende hasieran oholtzara eramanak, argitaragabeak. Eta hemen eskaintzen dizueguna: Petan Mihiku. Paul Guilsouk Moliereren Le Médecin malgré lui obraren euskarazko egokitzapena. (gehiago…)

Urt 14 07

Italo Svevo: Zubia

Ez idazle klasikoen artean, ezta gerra osteko Europa erdiko idazleen artean ere. Inongo tokian gelditu da. Ez hemen ez han: erbestean baino gehiago ahanzturaren linboan. Bere obra narratibo osoa kaleratu dela eta, Italo Svevoren literatura berreskuratzeko aukera ederra dugu egunotan.

Urt 10 07

Gabriela Mistral hil zela 50 urte

1907ko urtarrilaren 10ean zendu zen, New Yorken, Gabriela Mistral idazlea. 1889an Txilen jaioa, bere literatur ibilbideagatik, poesia lanak batik bat, 1945eko Literatura Nobel saria eman zioten. Irakaslea, XIX. mende amaieran hasi zen poesia sariak irabazten. Amodioa gai nagusietako bat da bere obran, baina baita heriotza ere.1920ko hamarkadan Txiletik lehenbizikoz irten eta geroztik Amerika eta Europa artean bizi izan zen. Gaixorik, New Yorkera erretiratu eta 1957an hil zen, orain 50 urte. Euskaraz bere dozena bat poema irakur daitezke, denak literatur aldizkarietan publikatuak (batez ere Olerti-n), hainbat euskaratzaile izan direla: Santi Onaindia, Juan Anjel Etxebarria, Nemesio Etxaniz, Gabriel Aresti. Bertso eta Olerkien Hemerotekan aurkituko dituzu.
Lucila Goody Alcayaga zuen ponteko izena, eta Gabriela Mistral bere bi poeta gustukoenen izenak baliatuz  osatu zuen: Gabriele D’Annunzio eta Frederic Mistral. Azken hau Okzitaniako poeta nagusienetakoa, Mireio bere obra esanguratsua Orixek euskaratua dago, eta Klasikoen Gordailuan irakurgai.
Gabriela Mistralen berri izan eta bere poemak irakurtzeko gune aproposa Txileko Unibertsitateak eskaintzen du. Idazlearen bizitza, kronologia, bibliografia, gutunak eta poesia lanak on-line.

Urt 10 07

Literatur adabakiak

Orain arte ezagutu ditugun autore zenbaiten txatal piadosoak izan daitezkeen idazlantxoak osatzera dator Klasikoen Gordailuaren aste honetako eskaintza. L.L. Bonaparteren funtsetatik ateratakoak, gaurko emanaldian honako autoreak eta idazlanak aurki ditzake irakurleak Klasikoen Gordailuan, gehienak, adierazi bezala, liburu bibliko eta dotrinen itzulpen-moldaketak eta eliz gaien ingurukoak: J.B. Duvoisinen Beste zenbait itzulpen (1853-1864, 2004), E. Intxausperen Beste zenbait itzulpen (1857-1859, 2004), J. A. Uriarteren Beste zenbait itzulpen (1857-1866, 2004), P.P Hualderen Kristiaiñaren Doktrinaren Introduzionia (1866, 2004), eta, azkenik, Klaudio Otaegiren Beste zenbait itzulpen (1863-1867, 2004) eta Eguren Jaunaren Metodoa (c. 1867, 2004).

Urt 07 07

Alvaro Yunque: kontzientzia piztailea

1982ko urtarrilaren 8a zen. Tandilen hil zen Alvaro Yunque, Buenos Airesko (Argentina) probintzian, garai hartako diktadura militarrak mutututa. Ordutik mende laurden joan da. Alvaro Yunquek berak aitortua da, gas-farolak pizten zituen farola piztailea imitatuz, kontzientzia piztaile izateko bokazioa zuela. Horretaz gain, antifaxista izan zen, ezkertiarra, idazle zentsuratua… Eta, horrekin batera, baita bizitzaren eta pozaren aldeko aldarrien egile nekaezina ere.

Agenda

Efemerideak

Kritikak