Urt 15 07

Paul Guilsou-ren Petan Mihiku, Moliereren lan baten moldaketa

Urtarrilaren 15arekin jaio zen, 1622an, Jean Baptiste Poquelin, Moliere. Frantses literaturako eta orobat literatura unibertsaleko ezinbesteko izena, antzerkiaren maisu handietakoa da Moliere. Bere bizitzari buruzko datuetan batek hartzen die gaina besteei: oholtzan hil zen, autore izateaz gain aktore ere bazena (1673ko otsailaren 17an). Bere lanak euskaraz liburu moduan plazaratu ez badira ere, izan da haren lanik euskaratua. Dollorra eta Elkorra (biak ere L’avare), mende hasieran oholtzara eramanak, argitaragabeak. Eta hemen eskaintzen dizueguna: Petan Mihiku. Paul Guilsouk Moliereren Le Médecin malgré lui obraren euskarazko egokitzapena.

Familia aberatsekoa, zuzenbide ikasketak egin eta Luis XIIIaren gortean jardun zuen lanean. Haatik, antzerkirako tiradizoa izan eta aktore eta zuzendari gisa hasi zen. Eta hala segi, hil zen arte. Eta idazten, jakina. Estreinako urteetan ez zuen arrakasta handirik erdietsi, baina 1660ko hamarkadatik aurrera arrakastatsuak izango dira bere lanak —eta maiz debekatuak, Tartuffe, adibidez, erlijioari iseka egiten diolakoan; antzokia erreko dute Les précieuses ridicules-en estrenoaren ondoren…—.

Le Malade imaginaire izan zen bere azken lana. Hura eskaintzen ari zela, IV. ekitaldian, ondoezak jo eta handik gutxira hil zen.

Shakespeare, Marlowe, Johnson eta besteren aro isabeldarreko antzerkiaren ondotik, eta Espainiako literaturako urrezko garaiekin batera —Calderon de la Barca, Lope de Vega—, literatura unibertsaleko zutabe bat da Moliererena, Comedie Francaise-ko aitzindariarena. Antzerkigintzan ez ezik, hurrengo urteetakoan eragin handia izan zuen, bere pertsonaien bitartez, eta literatur hizkuntzaren eraikitzean ere giltzarria da. Antzerkigintzan batez ere, garaikide izan zituen Jean Racine eta Pierre Corneillerekin batera (Frantzian noizik eta behin plazaratzen den auzia da Pierre Corneille Moliereren beltza ote zen, obren benetako egilea). Moliereren hainbat obra, egun oraindik ere taularatzen direnak, ondare unibertsaleko parte dira honezkero: Tartuffe, L’avare, Le Malade imaginaire, Dom Juan.

Giza balioen defendatzailea, zorrotz eta gupidagabe kritikatu zituen, pertsonaia tipoen bitartez, giza izaeraren hainbat alderdi: sasi medikuak, jakintsu ustekoak, erlijiosoen hipokrisia, aberats zorri biztuak…

Ez da liburuetan argitaratu, euskaraz, Moliereren lanik. Alabaina, euskaratu eta taularatu dira. Jose Elizondo idazle eta antzerkigilearen Dollorra obra —L’avare-ren moldaketa— saritu zuten 1915eko Donostiako Udalaren sariketan, eta urte bereko San Tomas egunean mustu zen. Amasorrain-ek, berriz, obra bera Elkorra izenburuaz euskaratua du. 1951n, Paul Guilsouk moldatutako Petan Mihiku plazaratu zuen Gure Herria-k (Le Medecin malgré lui-ren moldaketa). Piarres Larzabalek dioenez, bestalde, Madeleine Jauregiberrik ere euskaratu zuen Moliereren L’avare, Zikoitza izenburuaz.

Interneten Molierez hainbat gune daude, bere bizitza, garaia eta obra aztertzen dituztenak. Eta bere lanak irakurgai. Hauexek dituzu gune horietako batzuk:

Bibliografia (taularatze datarekin)

  • La Jalousie du Barbouillé
  • Le Médecin volant
  • L’Étourdi, fin 1654
  • Le Dépit amoureux, 16 décembre 1656
  • Les Précieuses ridicules, 18 novembre 1659
  • Sganarelle ou le Cocu imaginaire, 28 mai 1660
  • Dom Garcie de Navarre, 4 février 1661
  • L’École des maris, 24 juin 1661
  • Les Fâcheux, 17 août 1661
  • L’Ecole des femmes, 26 décembre 1662
  • La Critique de L’École des femmes 1er juin, 1663
  • L’Impromptu de Versailles, 14 Octobre 1663
  • Le Mariage forcé, 29 janvier 1664
  • La Princesse d’Élide, 8 mai 1664
  • Le Tartuffe, 12 mai 1664
  • Dom Juan, 15 février 1665
  • L’Amour Médecin, 15 septembre 1665
  • Le Misanthrope, 4 juin 1666
  • Le Médecin malgré lui, 6 août 1666
  • Mélicerte, 2 Décembre 1666
  • Pastorale comique, 5 janvier 1667
  • Le Sicilien ou l’Amour peintre, 14 Février 1667
  • Amphitryon, 13 janvier 1668
  • George Dandin, 18 juillet 1668
  • L’Avare, 9 septembre 1668
  • Monsieur de Pourceaugnac, 6 octobre 1669
  • Les Amants magnifiques, 4 février 1670
  • Le Bourgeois gentilhomme, 14 octobre 1670
  • Psyché,17 janvier 1671
  • Les Fourberies de Scapin, 24 mai 1671
  • La Comtesse d’Escarbagnas, 2 décembre 1671
  • Les Femmes savantes, 11 mars 1672
  • Le Malade imaginaire, 10 février 1673

Agenda

Efemerideak

Kritikak