Uzt
28
17
Ehun urte bete dira uztailaren 28an Gloria Fuertes poeta espainiarra jaio zela. 36ko gerra ondorengo lehen idazle belaunaldiko kide, garai ilun haietako gaiak landuko ditu bere poesiak, baina irakurlearengana hurbilduko duen soiltasuna galdu gabe, eta gizonezkoak nagusi ziren inguru batean emakume izatearen kontzientziaz. Telebistak eta haur literaturarekiko loturak haren idazle izaera ostendu bazuten ere, produkzio handiko poeta dugu Gloria Fuertes. Haren jaiotzaren mendeurrenean, Josu Landak bere lanaren antologia mamitsu bat egin eta euskaratu du.
Uzt
26
17
Argentinako idazle handietariko bat da Roberto Arlt, egungo idazle goren askorengan eragina izan duena. Narrazio ezagun batzuen egile (berriki euskaratu du Egan aldizkarian Gillermo Etxeberriak El Jorobadito —Konkorduna—), oso azpimarratzekoa da haren kazetari lana. Errealitateari eta hura osatzen duten pertsonaiei begiratzeko, eta, umore gordinez, haien ezaugarri behinenak detektatzeko gaitasun aparta zuen. Aguafuerte deituta osatu zituen hainbat kronika, horien artean Euskal Herrira 1936an egindako bidaian idatzi eta El Mundo egunkarian argitaratu zirenak. Horietako hiru euskaratu ditu Iñigo Aranbarrik Arlt hil zela 75 urte bete diren honetan, hemen eskaintzen dizkizugunak.
Uzt
18
17
Hotz bero liburuarekin ezagutu genuen Mixel Thikoipe, idazle amizkutarra. Bere lurreko eta bere haurtzaroko kontakizunak zekartzan lehen liburu hartan, Maiatz argitaletxearekin 2007an argitaratua. Bere inguruko paisajeko istorioak kontatuz jarraitu zuen, eta Jin bezala liburuan (Maiatz, 2009) bildu. 2017ko uztailaren 18an zendu da idazle eta musikari amikuztarra, eta haren omenez bere azken liburuko bi kontakizun dakartzagu.
Uzt
18
17
2.000.ean hasita, Juan Luis Zabalak urtero osatu du jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako liburuen zerrenda, eta paperezko euskarrian argitara eman. Horiek denak, XXI. mendeko jatorrizko euskarazko lanen bibliografia hau, orain, sarean da kontsultagai, EHUren Euskara Institutuaren eskutik. Liburu bakoitzari buruzko oinarrizko datuez gain, urtez urteko zerrendak kontsulta daitezke, eta, jakina, bilaketak egin. Urtero berrituko den Euskal Literaturaren Apalategia abian da, beraz, 6.094 erreferentziarekin une honetan.
Uzt
16
17
AEBetako FBIren bilatuenen zerrendan egon den lehenengo emakumea Assata Shakur da (2013an bera atzemateagatiko saria bikoiztu zuten, 2 milioi dolar). Poeta, Pantera Beltzetako militantea, errepide-kontrol batean polizia bat hil zuen salaketapean —ebidentziek hori ezinezkoa zela erakutsi arren, lehenik bera tirokatu baitzuten besoetan—, preso sartu zuten 1973an. Assata Shakurrek kartzelatik ihes egin zuen eta 1984an Kubara heldu zen. Kartzelaz kartzela egon zen garaian, AEBetan, torturatu zutela salatu zuen, zoratu zela ia. Baina, berak dio zutitzen jarraitu zuela, eta askoz modu hilgarriagoan. Haren 70. urtebetetzean, Hedoi Etxartek euskaratutako lau poema eskaintzen dizkizuegu.
Uzt
13
17
Eleberri eta itzulpen lan oihartzun handikoak eginagatik ere, bere idazle ibilbidearen hasieratik poesia landu izan du Joxe Austin Arrietak, bere obraren parte garrantzitsua dela. 1983an Arrotzarena liburuarekin plazaratu eta beste hainbat eman zituen argitara, eta isilaldi luzea egin zuen 2003az geroztik, 2016an Estalien gradora eman duen arte. Poesiarekiko jarrera apalez, poesiari omenaldia egingo balio bezala, lanketa formal handikoa da bere poesiagintza, eta baliabide linguistiko eta erreferentzial anitzek osatua. 2003an kaleratu zuen Orbaibar horren adibide, orain osorik irakur dezakezuena.
Uzt
07
17
Gabriel Arestik sarritan ekarri zuen Gernikako sarraskiaren oihartzuna bere poemetara; haietako konposizio zenbaiten irakurraldiarekin Mikel Martinez aktoreak abiatuko ditu asteburu honetan, uztailak 14-15-16, Eako Poesia Egunak. Isaac Xubinek Joseba Sarrionandiaren poemak errezitatuko ditu, Alfonsina Stornirenak Uxue Alberdik. Antzerki eta musika ikuskarian Lauaxetaren eta Garcia Lorcaren piezak entzungo ditugu. Eta haurrentzako poemak eskainiko dituzte Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Yolanda Arrietak. Asteburuko kontzertuak: Errime, Inun, Estomatolito.
Uzt
06
17
Nitasunetik idatzita egonagatik ere, hainbat poemaren hartzailea zu da. Poemena eta hitzena: “Nik idazten ditudan hitzak / nireak ez direlako / beste baten bihotzak / beretzen dituelako”. Hitzak ni horrengandik datozenak, ni horrek kanpoan ikusten duenari, bizi dituen hainbat momenturi kantatzen diona. “Poema bat orduan / pentsatu nuen / nahi nuela zuretzat / baina ez zegoen / nire baitan / zuretzako poemarik” idazten du Mirari Gacia de Cortazarrek Itzaleko hitzak poema-liburuan (BBK/Euskaltzaindia, 1995), baina agerikoa da poemak badituela, poemario hori osatzen dutenak, besteak beste. Lehenengo horren ondotik, gainera beste hiru ere kaleratu zituen. Osorik eskaintzen dizkizuegu lehen hitzok.