LIBURU HAU EZ DA ENEA...
Mixel Thikoipe

Jin bezala
Maiatz, 2009
armiarma.eus, 2017

 

      ... ez, ez dut nik asmatua, ez dut nik moldatua, ez dut nik idatzia baina nik argitaratuko eta izenpetuko dutala hori gauza segura da.

      O irakurleak, ikusten zaituztet harrituak, hea, nundik eta nola bildua dituztan idazki hauek, eta behar bada ere iruditzen ari zirezte, noizbait, eman dezagun ministerioko funtzionario ixil bezain umil batengandik eskuratu dutala esku-izkribu kaier bat, bere burua gorde nahi zuen batek eman zizkidala istorio zozo batzu, bururik ez buztanik gabeko kondaira batzu, ahalgez ere berak agertu nahi ez zituen esamesa ergel batzu...

      ...edota, notario idazkari zuhur eta herabe baten eskutik ukan dituztala, bere nagusiarengandik esker gaiztoko oharpenik arriskatu nahi ez zuenez holako astokeria batzu idatzirik, alegia deus, ostatu xoko batean edaten ari ginela, ezarri zauzkitala zakutxoaren barnean, gero irakur nitzan eta ezin errefusatzeko plantan ezarri ninduela sekretuzko gauza bat bailitzan, arta nindadin horien etxerat emaiteaz...

      ...zertako ez, behar bada, baserri zoko menditsu eta oihantsu galdu batetako gaztelu historiko batean zegoen jaun zahar eta konkor batengandik jin zitzaizkidala paper zimurtu eta erdi-usteldu batzu nun izkiriatuak baitzituen, bere familiaren ixilean, zentzu gabeko ipuin batzu eta bera hil zenetik, haren ahaideak laguntzen nintuela bere ganbararen husten apartamendu berri baten eraikitzeko lekuak garbitu behar baizituzten, eskuetan gertatu zaitala kartoizko kutxa purruskatu bat nun emanak ziren paper hosto andana bat metaturik eta heiek surat botatzeko xedea zutelakoan, azkenean onartuko nuela heien atxikitzea.

      Ez, batere. Ez zirezte batere xuxen ez, gauzak hori baino xinpleago dira. Erranen dauzuet eskuetan duzuen liburu hau nola nik argitaratua izan den, nola huntaz jabetu nizan. Jabetu erran dut, bai, zeren eta ebatsia dut. Ba, ongi entzun duzue, bai, ebatsia, lapurtua, ohoindua, eta nahi duzuen hitza erabil dezakezue, beti hein bererat heldu gira: ez da enea eta kitto! Beraz, nundik eta nola eskuratu dut idazki hori? Huna nun kondatuko dauzuetan istorio harrigarri bezain bitxi hau, ahal bezain xeheki eta argi.

      Iragan uda zen, badakit xuxen zeren eta Garruzeko feria zen, bero handiak egiten zituelata, gure eskualde autoz ito huntarik jalgi nahi nuela, Garaziko alderat jo nuen, sekulan ez eta hotel batetan gauaren pasatzeko estakururik hoberena nuela. Ez dauzuet erranen zointan, beste gauza anitz bezata gorde behar baititut, doi-doia aipatu dutan ebasketa horrengatik.

      Beraz, huna nun Garaziko etxe xarmanta bezain polit batean kokatzeko xedeetan nintzen, neska mehats muttur fin bat ari zitzautala esplikatzen ganbararen hartzeko paperak betetzeko nola egin behar nuen. Zuen hoberena emaiten zautala segurtatuz, galdegin zautan bezperan ganbara hortan berean aloiatu zuen gizon bat ezagutzen nuenez, segur baitzen ene familiako norbait zela hain ginuen, omen, elgar eite. Nik ezetz errangatik, aitzina segitzen zuen baizik eta bere izena M. zuela (ez, ez duzue jakinen ez xuxena, beti arrazoi berarengatik) eta deitura, nunbaitik ere T., baina ez zakiela nungoa zen, eta gisa horretan, haren helbidea ere ez zuela ezagutzen. Gauza estonagarria, baina ez hainbat, halere, zeren eta izen arras arrunta baita gure eskualde hauetan, izen euskaldun bat, alo.

      Neska xarmanta, bai, baina zer kalakaria! Nihundik ere ez zen atertzen, zenbat duzun hari eite, eta damu da joana baita, barda berean preseski, elkarren ezagutzak eginen zinuzten, eta hau eta hura, azkenean utzi ninduen bakean ene ganbarako gakoak emanez. Doi bat aspertua nitzan, ni bake bila joana nintzelarik, hainbeste kalakaren jasaitea dorpe baitzatan. Baliza hartu eta sartu nintzan delako ganbara famatu hartan, nun ere egona zen ene “azkazia”, zioen bezala. Gela garbi eta txukuna zen, bai segur, denak ordrean, ohea karratuan egina, leiho zabal batzuetarik argia blai sartzen zen, komunak ondo-ondoan, bainugela ttipi bat, enetako aise aski zena, zer atsegina atea hetsi bezain laster etzan nintzelarik ohearen gainean!

      Eta (heldu gira azkenean gure sujetera) orduan nuen zerbaixka senditu bizkar aldean, zerbait trebeska balitz bezala, gogordura bat, o ez hain handia ez, baina ene bizkar zauritu hunek berehala sendiarazi zautan desgrazia bat, desegokitasun bat, eta xutitu nintzen, matalaza altxatuz, eta, jes, zer da hau, gutun-azal lodi bat agertu nuen, dena paperez betea, dena izkribu, marra, tatxa zenbait ere han-hemenka. Harritua nintzen, xerbitxaria deitzera nindoala atera joan nintzan, baina sarriko kalaka hura baldin bazen, ene burua ikusten nuen berriz ere eletan itoa, ez jakin nola edo zer erran, bere hitzen artetik ez bainuen izanen zerbaiten ateratzeko ere astirik. Berriz jin nintzan oheari buruz, gutun-azala eskuetan hartu, zabaldu (ez zuen azala kolatua ere) eta ostokatzen hasi nintzan ikerketako gura zerbaitek sumintzen ninduela.

      Gau guzia ari izan nintzen irakurtzen, begiak hetsi gabe. Interesantea zenez? Hori zuhaurek jujatuko duzue, sarritan irakurtuko baituzue. Baina, ene arazoa ez zen hori: sekulan ene eskuetan gertatu behar ez zitaken idazki hau, enea ez zen esku-izkribu hau, zer egin behar nuen huntarik? Nun galdegin behar nuen eta nori papertxo hauek zer balio zuten bere egilearentzat, eta nola egin berari helarazteko?

      «Jabeari itzuli», zion ene kontzientziak (hau ez baitzitaken sekulan ixilik egon nik hala nahiko nukeelarik), bai ados naiz, baina nor da jabea? Nun dago? Nork daki? Hotel sarrerako neska kalaka hark? Jainkoak begira nik hari berriz hitz egitetik! Aski nardatu ninduen, eta gainera holako gauza delikatu batek diskrezio eta umiltasun pixka bat galdegiten zuen, ez baitziren bi kalitate horiek neska haren lehentasunetan. Eta azkenean, nik nituen atzeman izkribu horiek, irakurtu nituen eta kasik eneak balira bezala kontsideratzen nituen jadanik, hor ziren istorio horiek hain nituen gustukoak, hain ziren polliki idatziak, hain desberdinak ere, eta beren berezitasuna hortarik heldu zaioten nunbait. Kasik nik idatziak izan balira bezala!

      Ez, ez nintzen ados ene barneko bozarekin. Zertako? Ez dakit, ez dakit zer pasatu zautan burutik bat-batean papertxo guziak gutun-azalean berriz sartu nituelarik, poliki poliki bildurik, plegu faltsu bat gabe, kasik perekatuz bezala, izkin bat ere ez bainuen andeatu eta azala hetsi nuen mihiarekin hegia erantsiz eta ene balizan sakatu, izkerbegika nintzala xoko alde guzietara, norbaitek ikus banindeza, baleki bale. Ez zen nehor ez ene ikusteko goaitian zitakenik, goizeko zazpi edo zortziak ziren eta deliberoa hartua nuen: lekuak hustea handik, zalu-zalua, nehori fitsik, bai zinez fitsik erran gabe.

Eta hala egin nuen, sarrerako neska kalaka hura ez zen oraino lanean hasia, uste dut bederen, eta ene baliza tinko atxikiz eskuan etxerat sartu nintzan, nehori deus galdegin gabe, urduri halere... Bada konprenitzekoa, uste dut, idazki horiek norbaitek eginak ziren, norbaitek asmatuak, eta moldatuak, eta kasik segura zen horien jabea noizbait edo nunbait kezkatzen hasiko zela bere obra galduta zegoela ohartzean. Hotel hartako zerbitzariari galde egiten bazuen, laster harrapatuko nindukeen. Beraz, hoberena nuen beha egoitea, azkenean atzeman banindeza ere, aise izanen zaitan ez nakiela nola kontaktatu erraitea. Beraz, egonen nintzen beha...

      ...kasik urte bat, imur aldakorrak jasanez, beti gogoan bainuen nundik eta nor jinen zaitan etxerat «liburu» haren berbiltzera. Etaez, sekulanezdanehoragertu, sekulan ez dut deus jakin, hainbeste nun, denbora jin, denbora joan, kasik segur nintzan horiek oro ahantziak zirela eta liburu hartaz jabetua bezala nintzan. Ez zen enea, eta halere enea zen. Nehor ez bazen hartaz arduratzen, nik behar nuen egin berak egin ez zuena, erran nahi dut publikatu. Eta bai, nola ez bestela? Zuek berek, zer eginen zinuten ene kasuan gertatu bazinezten? Gauza bera. Izkribuak, hitzak, liburuak maite dituenari ez zaio axota nundik eta nola jinak diren beren eskuetara.

      Ba, baina arazo bat bazen, eta behar bada gehiago ere. Noren izenean argitaratu obra hau? Hau zen galdera urte batez kezkatu nauena, sinetsiko nauzue bederen, eta gaur egun oraino ez dakit ongi egin dutan. Hor idatzi istorioak ez zirela eneak, banakien, baina norenak ziren ez. Gisa horretan nik publikatzeko, edo bermoldatu behar nituen nik eginak izan balira bezala, hola eneak izango ziren, edo ziren bezala agertu behar nituzken, baina noren izenean? Behin, lehen ideia izan nuen zerbait pertsonaia edo egoera sartuko nituela istorio horietan, nihaun kabuz, nihaurek pentsatuak eta moldatuak. Baina, ez, ez zen posible, kondairak sobera diferenteak ziren, batetik bestera ez zen loturarik, horren egiteko istorio bakoitzeko zerbait asmatu beharko nukeen pertsonalizatzeko. Ez, hori sobera konplikatua zaitan, ez baita uste bezain aise beste norbaiten baitan sartzea norberaren ideiekin.

      Horretan nintzen, pentsaketa eta pentsaketa, jan edanak kasik galduak, loa ezin harrapatuz, gauak iratzarririk pasatuz, denak nahastuz zer, nun, nor, hura, ni, bestea, nihaur, zentzordatua, buru galdua, aztoratua, asaldatua, ez jakin eta ez jakin... Eta, hara nun, duela gutti, jatzartu nintzan: behar duk egin, iragan nuen gogoan, holako obra bat ez galtzekotan plazara ezak hiaurek (ene barneko boza ere alde nuen iduriz) habil halakoaren ikustera (ez, ez dauzuet erranen nor) esplika zaiok zer eta nola diren gauzak, nunbait zerbitzu egiten diok hau idatzi duenari, hiauri ere bistan duk, baina denen abantailetan dukek, literaturak berak zer ez duke irabaztekorik (uste dut bederen). Baina horretarako aski untsa jakin beharko dituk istorio guzien mamiak, harat-hunatak, pertsonaien izaerak, egitateak, pentsamoldeak, arrazoiak, eta beraz, berriz irakurtzen hasi behar duk, barne-barnean sartzeko.

      Eta hori egin nuen, dena xeheki irakurri, ohar eta nota anitz hartuz han-hemenka, kasik gogoz ikasiz egoerak, pertsonaiak, lekuak, gauzak, etabar. Eta azken orrialdera heltzen ari nintzala, ohartu nintzan paper bat bazegoela han lotua, baina xuri-xuria zena. Gauza bitxia, ordu arte konturatu ez nintzana, eta orain begi bistan nuen papertxo horrek kezkatzen ninduen. Eskuetan itzuliz so nintzaiola ezin asmatuz zertako paper huts hori hor zen istorio hauen bukaeran, bat-batean jin zautan gogora, jadanik zineman ikusia nuen bezala, sekretu zenbait gordetzen zukeela, ba, badakizue, tinta sinpatikoarekin idatzia zitakena. Tirantean harrapatu argizari zahar bat piztu nuen, pelikuletan egiten ikusia nuen bezala, eta hara nun, papertxo xuri hartan, garraren gainetik pasatzean, emeki-emeki agertzen hasi zen esku-izkribu daldaratu bat, hau ziona: «Liburu hau ez da enea. Ez, ez dut nik asmatua, ez dut nik moldatua, ez dut nik idatzia baina nik argitaratuko eta izenpetuko dutala hori gauza segura da... Huna nun kondatuko dauzuetan istorio harrigarri bezain bitxi hau, ahal bezain xeheki eta argi...

 

LIBURU HAU EZ DA ENEA...
Mixel Thikoipe

Jin bezala
Maiatz, 2009
armiarma.eus, 2017