Abe
18
08
Kaliforniako Salinasen jaio zen John Steinbeck 1902an, eta inguru haietan kokatu zituen idazleak bere kontakizun gehienak. Urrezko kikara (1929) izan zen Steinbeckek argitaratu zuen lehendabiziko nobela, Zeruko Belardiak bigarrena (1932). Kolono espainiar batek XVIII. mendearen amaieran Kaliforniako bailara bati ezarritako izena da Las Pasturas del Cielo, eta hango jendearen bizimodua kontatzen da hamabi istorio egoki txirikordatu hauen bitartez. Steinbeck hil zela 40 urte beteko dira larunbat honetan, abenduaren 20an, eta idazlea gogoan osorik eskaintzen dizugu Zeruko Belardiak, Maria Garikanoren itzulpenarekin (1994, Ibaizabal). Steinbecken beste liburu hauek ere euskaratuak izan dira: Perla (Ruper Orodorikak), Tortilla Flat (Koro Navarrok) eta Arthur erregearen eta bere zaldun prestuen egintzak (Joseba Urteagak).
Abe
11
08
Gasteizko Filologia Fakultatean argitaratu zen estreinakoz Kandela literatur aldizkaria 1983ko abenduan, Julen Arriolabengoa, Jon Iñaki Lasa, Tere Irastortza, Manu Lopez eta Xabier Etxanizek egina. Bi zenbaki besterik ez zituen izan Kandela aldizkariak, 1984ko maiatzean kaleratutakoa bigarrena. Nolanahi ere den, liburu bi ere argitaratu zituzten: Euskal Letren Dantza 1983an (urte hartako literatur ekoizpenaren kritikaz atondua) eta Susa argitaletxearen bildumarako koproduzitutako Jon Iñaki Lasaren Andaluziari ene bilduma poemarioa.
Abe
10
08
Lau narrazio eskaini zizkigun Joxean Sagastizabalek Inguratuta gatxeuden ipuin liburuan, 1989an Baroja etxearekin publikatu zuen hartan. Jolasean liburuko tankerako giro eta erregistroan, dialogo bizi eta prosa fresko batez bilbatu zituen istorioak. Garaiko errealitatearen erretratua egitea lortzen du, ironia eta umorea beti lagun, liburuko lau narrazioetan. Hemen irakur ditzakezu.
Abe
04
08
Hogei urterekin idatzi zuen Harkaitz Canok bere lehen nobela. Kea behelainopean bezala (1994) poema liburuarekin aurrena eta Beluna jazz (1996) eleberriarekin ondoren, idazle apartaren estilo berezkoa eta dirdiratsua agerian geratu ziren. Urte batzuetan agorturik egon ondoren Beluna jazz edizio gaurkotu eta berrituan agertu du orain Susak, eta aldi berean osorik eskaintzen dizugu sarean. Bob Ieregi tronpetajolea du protagonista, Beluna Moon klubean jotzen aritu zena. Zorigaiztoz, ordea, Alaska psikiatrikoan gatibu dago Bob Ieregi, eta handik ihesi beharra dauka nola edo hala.