Aza
28
11
Egarri egunak portualdean nobela aurkeztuko du Koldo Izagirrek azaroaren 30ean. Egarri egunak, bai, 1977ko uda hartakoak: asean gozatu nahi ditu gazteria matxinatu batek askatasuna, maitasuna, berdintasuna, edertasuna. Egarri anitz honek gatazkan murgilduko du heziketa sozial eta sentimentalean aurreneko pausoak ematen ari den protagonista, hats kolektiboaren eta indibidualismoaren artean bere ezintasun, ahuldade eta ametsekin. Liburua Durangoko Azokara iritsi baino lehen eskaintzen dizugu sarean.
Aza
24
11
Durangoko Azokan egunero zabalduko da Ahotsenea. Musikari eta idazle, 350 sortzaile inguruk parte hartuko du 95 ekitaldiko egitarauan. Idazle hauek izango dira: abenduaren 4an Yolanda Arrieta, Xabier Mendiguren, Pako Sudupe, Leire Bilbao, Fernando Morillo, Iñigo Aranbarri; abenduaren 5ean Xabier Artola, Daniel Landart, Joseba Azkarraga, Gaizka Zabarte; abenduaren 6an Kepa Larrea, Martin Etxeberria, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Jeremias Erro, Tere Irastortza, Goizalde Landabaso, Asel Luzarraga, Lutxo Egia; abenduaren 7an Juan Gorostidi, Ana Urkiza, Xabier Suobelet, Casado da Rocha, Fito Rodríguez, Harkaitz Cano; abenduaren 8an Mitxelko Uranga, Xipri Alberbide, Eñaut Etxamendi, Jimenez Maia.
Aza
22
11
Jack Londonek 1908an argitaratutako kontakizuna da Sua piztu (To Build a Fire), Iñaki Ibañezen itzulpenez eskaintzen dizuguna. 1970ean pelikula egin zuen David Cobhamek, Ian Hogg aktorearekin eta Orson Wellesen offeko ahotsarekin. Henderson errekaren ezker adarreko meategi zaharra zeukan jomugatzat gizonak, husky zakur batek jarraitzen ziola. Ilundu eta pixka bat geroago, seietan iristea zen helburua; sua piztuta egongo zen han, afari beroa prest. Hotza ikaragarrizkoa zen arren, 50 gradu zero azpitik gizonarentzat horixe besterik ez zen: 50 gradu zero azpitik. Hori baino zerbait gehiago izan litekeela, buruan sartzen ez zitzaion ideia zen.
Aza
17
11
Gaztetan surrealisten lagun, gero Gallimard etxeko argitalpenen arduradun, nobela ugariren autore, kantu idazle, zinemarako dialogo egile, OuLiPoren sortzaile… XX. mendeko idazle frantses handienetakoa izan zen Raymond Queneau. Parisera aurreneko aldiz iritsi den neskato baten istorio xarmant, ironiko eta ateraldiz betea irakurtzea proposatzen dizugu asteon: Zazie metroan. Ama amorantearengana joan da bi egunerako eta alaba osabarekin utzi du; metroan ibiltzeko irrikatan da Zazie, baina greban daude hango langileak. Joxan Elosegiren itzulpen apartarekin batera, hitzaurre argigarri bat daukazu.
Aza
09
11
Bost urteko espetxealdian (1980-1985) idatzitako poemez eta presondegitik ihes egin osteko pieza batzuez agertu zuen gatibu esperientzia Joseba Sarrionandiak, 1992an argitaratutako Kartzelako poemak liburuan. Orain edizio berrituan plazaratu du Susak, gaurko grafiara aldaturik eta sei poema gehiagorekin. Liburuan oinarrituta, errezitaldia egingo dute Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik azaroaren 10ean (osteguna) 19:00etan Donostiako Doka kafe antzokian.
Aza
05
11
Aurrerantzean Literatur Emailuak twitter bidez ere zuzenean jaso ahalko dituzue.
@armiarma helbidean automatikoki argitaratuko dira, egunez egun.
Aza
04
11
Duela 30 urte, 1981eko urriaren 29an hil zen George Brassens poeta, chanson izenekoaren ordezkari gorenetako bat. Fedegabea, libertarioa, irreberentea, probokatzailea… ziento bat kantu osatu eta abestu zituen, eta erreferentzia bilakatu munduko entzule askorentzat. Xabier Letek haren 3 kantu moldatu zituen, eta Anje Duhaldek 2001ean George Brassens Kantari diskoa plazaratu zuen 9 abestiz. Horiez gainera, Josu Landak euskaratutako bi eta 1985ean Akademia Sekretuaren Egutegia-n agertutako bat eskaintzen dizkizuegu denak batera.
(gehiago…)
Aza
02
11
Poesia eta narratiba bildumetako liburuak e-book moldean eskainiko ditu aurrerantzean Susa literatura argitaletxeak. Katalogoa 66 idazleren 142 libururekin abiatu da, bi formatutan emanak: epub eta pdf. Deskargak DRM kontrolik gabe egingo dira, irakurleak testuak kontsultatu ahal izango ditu erosketa egin aurretik, eta titulu guztiek prezio berbera izango dute: 3,54 euro.