|
Sua piztu SUA PIZTU Eguargia hotz eta gris urratu zuen, izugarri hotz eta gris, gizonak Yukoneko bide nagusitik saihestu eta ibai hegi erpinean gora egin zuenean, handik ekialdera bidezidor lauso eta ibil-bakan bat luzatzen baitzen, izai lodien baso-eremuan barrena. Hegi pikoa zen, eta arnasa hartzera gelditu zen gailurrean, bere buruari geldialdia desenkusatuz, erlojua begiratzeko aitzakiarekin. Bederatzi-bederatziak ziren. Ez zen eguzkirik, ez eguzki zantzurik, zeruan hodei bakar bat ere ez egonagatik. Egun garbia zen eta, hala ere, bazirudien halako gandu azal bat ageri zela gauzen gainean, goibeltasun mehe bat, eguna ilunarazten zuena, eta eguzki ezaren kariaz zen. Horrek ez zion axola gizonari. Eguzki ezari egina zegoen. Egun batzuk baziren eguzkia ikusi zuenetik, eta bazekien egun batzuk gehiago igaro behar zutela, haren esfera gozagarria, hegoaldera bidean, zeruertzaren gainetik ozta-ozta azaltzeko eta berehala begibistatik desagertzeko. Gizonak begirada bat bota zuen atzera, etorritako bidearen luzera guztian. Yukon ibaia milia bat zabal hedatzen zen, ur hormatuak hiru oinbetez estalita. Horma horren gainean beste hainbeste oinbete elur zegoen. Dena zuri-zuria zen eta uhin leunetan zimurtzen zen hormatzeak eratutako jela bilduen gain. Ipar eta hego, begiek ikus-ahal guztian, etenik gabeko zuriunea zen, lerro izpi ilun bat izan ezik, izaiez estalitako Ugarte baten ingurutik hasi eta hegoalderantz bihurritzen eta kiribiltzen zena, eta atzera ere iparralderantz bihurrituz eta kiribilduz, izaiez estalitako beste ugarte baten atzean ezkutatu arte. Lerro izpi ilun hura bidea zen, bide nagusia, hegoalderantz bostehun milia luzatzen zena Chilcoot mendateraino Dyea eta ur gaziraino; eta iparralderantz hirurogeita hamar milia luzatzen zen Dawsoneraino, eta oraindik iparralderantz mila milia jarraitzen zuen Nulatoraino, eta azkenik St Michaeleraino Bering itsasoan mila eta bostehun milia haruntzago. Baina horrek denak urrutira iristen zen bidearen lerro izpi misteriotsuak zeruko eguzki ezak, hotz ikaragarriak, eta orok zeukan arroztasunak nahiz apartekotasunak ez zion gizonari zirrararik eragin. Hori ez zen aspalditik ohituta zegoelako. Helduberria zen lurralde hartara, chechaquo bat zen, eta huraxe zuen estraineko negualdia. Arazo bat zeukan, ordea: irudimenik ez zeukala. Azkarra eta ernaia zen bizitzako gauzetan, baina gauzetan bakarrik, eta ez esanahietan. Berrogeita hamar gradu zero azpitik laurogei gradu izozte puntuaren azpitik esan nahi du. Egoera horrek, hotza eta gozakaitza zen aldetik harritu zuen, besterik ez. Ez zion gogoetarik eragin tenperaturaren araberako izaki gisa zeukan hauskortasunaz, ez eta hotz-beroaren muga hertsi jakin batzuen artean bakarrik bizitzeko kapaz denez, gizaki orok daukan hauskortasunaz ere; ez zion ere hausnarketarik eragin hilezkortasunari buruzko auzi badaezpadakoaz, ez eta gizonak unibertsoan betetzen duen eginkizunaz ere. Berrogeita hamar gradu zero azpiko hotzak jelaren erredura mingarria dakar berarekin, eta horren kontra babesteko eskularruak, txanoa, mokasin berogarriak eta galtzerdi lodiak jantzi behar dira. Berrogeita hamar gradu zero azpitik harentzat horixe besterik ez zen: berrogeita hamar gradu zero azpitik. Hori baino zerbait gehiago izan litekeela, inoiz buruan sartzen ez zitzaion ideia bat zen. Aurrera jarraitzeko itzuli zenean listua bota zuen pentsakor. Krak zorrotz leherkari bat aditu zen eta horrek asaldatu egin zuen. Berriro bota zuen listua. Eta berriro, airean, elur gainera erortzeko beta izan aurretik, listuak krak egin zuen. Gizonak bazekien zero azpitik berrogeita hamar gradu daudenean listuak krak egiten duela elur gainera erortzean; listu horrek, ordea, airean egin zuen krak. Dudarik gabe hotz handiagoa zegoen berrogeita hamar zero azpitik baino; zenbat gehiago, hori ez zekien. Baina tenperaturak ez zion ardura. Jomugatzat Henderson errekaren ezker adarreko meategi zaharra zuen, lagunak ordurako hantxe baitzeuzkan. Haiek mugaz gaindi etorriak ziren Indio errekaren lurraldetik. Bera, aldiz, itzulinguru eginez etorri zen, udaberrian Yukoneko ugarteetatik egur biltzeko aukerak ikertzeko asmoz. Kanpamendura seietan iritsiko zen; ilundu eta piska bat geroago, egia da, baina lagunak hantxe egongo ziren, sua piztuta egongo zen, eta afari beroa prest. Hamaiketakoari dagokionez, zamarra azpiko fardelaren konkorra haztatu zuen. Alkandoraren azpian zeukan halaber, musuzapian bilduta eta azal biluziaren kontra etzanda. Modu bakarra zen hori opilak izotz ez zitezen. Irribarre gozoa egin zuen bere golkorako opil haiekin gogoratzean, opil bakoitza erdibituta eta urdai koipetan bustita, eta bakoitzak urdai zerra frijitu eder bana zeukala. Izai lodien artetik barrendu zen. Bidezidorra lauso zegoen. Oinbete bat elur zen gainera eroria azkeneko trineoa igaro zenetik, eta pozik zegoen trineorik gabe zihoalako, zama arinarekin bide eginez. Izan ere, musuzapian bildutako hamaiketakoaz beste zamarik ez baitzeraman aldean. Hala ere, harrituta zegoen hotzarekin. Benetan hotz zegoen, deliberatu zuen, zurrundutako sudurra eta masailak eskularruekin igurtzitzen zituen bitartean. Bizar berogarriaz hornitutako gizona zen, baina aurpegiko ileak ez zizkion masaila jasoak babesten, ez eta sudur lehiatsua ere, aire jelatuaren baitan oldarrez barrentzen zitzaiona. Gizonari orpoz orpo zakur bat zerraion trostaz, bertako husky handi bat, jatorrizko otso zakurra bera, ile grisa eta, itxura nahiz izaera aldetik, anaia duen basa otsoarekin inolako alderik ez zuena. Animalia lur jota zegoen hotz ikaragarri hura zela kausa. Zakurrak bazekien hura bidez bide ibiltzeko giro ez zela. Senak kontseilu hobea ematen zion zakurrari, gizonari zentzuak ematen ziona baino. Izan ere, berrogeita hamar zero azpitik baino piska bat hotzago bakarrik ez, hirurogei zero azpitik baino hotzago ere bazen, hirurogeita hamar baino gehiago. Hirurogeita hamabost ziren zero azpitik. Kontuan izanik izozte puntua hogeita hamabi gradu zero gainetik dela, horrek esan nahi du, ehun eta zazpi gradu ateratzen direla izozte puntuaren azpitik. Zakurrak ez zuen termometroez tutik ulertzen. Seguraski haren burmuinetan ez zegoen hotzari buruz gizonaren burmuinetan zegoen ezagutza zorrotzik. Baina abereak bere sena zeukan. Irudipen ez oso garbi baina mehatxugarria somatzen zuen, eta horrek kikildu egiten zuen eta gizonari orpoz orpo isilean jarraiarazten, gizonaren bat-bateko mugimendu orok jakinminezko zalantza sortarazten ziolarik, kanpamendura heltzea edota nonbait babeslekua bilatu eta sua piztea espero bailuen. Zakurrak bazuen suaren berri, eta berak sua nahi zuen, edo gutxienez elurra atzaparka zulatu eta haize-babesean haren epeltasunera kizkurtu. Arnasaren hezetasun jelatuak intzigar hauts fina zion zakurrari ilean hedatua, eta bereziki kokotsa, muturra eta betileak zeuzkan arnas kristalduak zurituta. Gizonaren bizar-bibote gorriek ere bazuten intzingarrik, baina trinkotuagoa, eta hedapenak jela itxura hartzen zuen, eta botatzen zuen arnasaldi epel, heze bakoitzarekin handitzen zen. Gainera, gizona tabako mastekatzen ari zen, eta jelazko morraleak hain irmoki eusten zien ezpainei, zukua botatzerakoan ezin baitzuen kokotsa garbitu. Ondorioz, kristalezko bizarra, anbarraren kolorea eta trinkotasuna zuena, geroz eta luzeagoa zuen okozpean. Lurrera erortzera utzi izan balu, berez hautsiko zatekeen, beirakiaren antzera, zati txiki-txikitan. Baina eraskinak ez zion axola. Hori zen tabako mastekatzaile orok lurralde hartan ordaindu behar zuen zigorra eta bera bi hotzalditan zen kanpoan ibilia. Ez ziren hau bezain hotzak izan, hori bazekien, baina Sixty Mileko termometroagatik bazekien zero azpitik berrogeita hamar gradu eta berrogeita hamabost gradu ere eginak zituela. Baso lautadan barrena milia batzuk ibili, laharrez jositako zelaiune zabal bat zeharkatu eta, munto batean behera eginez, hormatutako errekasto baten arroraino jaitsi zen. Horixe zen Henderson erreka, eta bazekien adarkaduratik hamar miliatara zegoela. Erlojuari begiratu zion. Hamar-hamarrak ziren. Lau milia orduko ari zen egiten eta adarkadurara hamabi t'erdietan iritsiko zela kalkulatu zuen. Gertakizun hori ospatzeko hamaiketakoa bertan jatea erabaki zuen. Zakurra berriro orpoz orpo atxiki zitzaion, buztana apalduta, atzera itzultzeko adierazi nahian, gizonak erreka arroan zehar ibiltzeari ekin zionean. Narrabide zaharraren ildoa ageri-agerian zegoen, baina dozena bat ontzako elurrak estaltzen zituen azken trineoen arrastoak. Hilabete batean ez zen erreka isil hartan gizonik, ez gora ez behera, ibili. Gizonak astiro-astiro jarraitu zuen. Ez zen oso gogoeta zalea, eta une hartan justu ez zuen gogoeta berezirik buruan erabiltzeko, ez bazen adarkaduran hamaiketakoa jango zuela eta seietan kanpamenduan lagunekin egongo zela. Ez zuen inor hitz egiteko, eta izan balu ere, hizketa ezinezkoa izango zukeen, ahoan zeukan jelazko morraleagatik. Beraz, aspergarriro tabako mastekatzen eta anbarrezko bizarra luzeagotzen jarraitu zuen. Aldian behin gogora etortzen zitzaion hotz handia zegoela eta halako hotzik egundaino ezagutu gabea zela. Ibili zebilela, masailak eta sudurra igurtzitzen zituen eskularruen atzealdearekin. Oharkabean egiten zuen hori, behin eta berriz eskuak aldatuz. Baina igurtzitzeari utzi bezain laster, masailak berriro zurrunduta zeuzkan eta segituan sudur punta ere zurrunduta zeukan. Etsi zuen masailak izoztuta zeuzkala; hori bazekien, eta damu mina zuen, sudur estalgarri bat apailatu ez izana, Budek hotzaldietan jantzi ohi zuena bezalakoa. Horrelako estalgarri batekin masailak ere estaliko zituen eta izoztetik salbatuko. Baina horrek, azken finean, bost axola. Zer zen, bada, masailak izoztea? Oinaze piska bat, besterik ez; ez zen batere larria. Gizonaren burua gogoetaz gabeturik bazegoen ere, gizon oharkorra zen oso, eta errekaren aldaketei erreparatzen zien, okergune eta bihurguneei eta egur pilaketei, eta erne ibiltzen zen oina non ezartzen zuen. Halako batean, bihurgune bati bira ematen ari zela, supituki asaldatu zen, aztoratutako zaldi baten antzera; zapaldu berria zuen tokitik aldegin eta atzera pauso batzuk eman zituen bidea deseginez. Erreka, bazekien hondo-hondoraino hormatuta zegoela Artikoko negute hartan ura eduki zezakeen errekarik ez zen baina bazekien ere iturbegiak zeudela, munto magaletatik borborka sortzen zirenak eta errekako elurraren azpitik eta hormaren gainetik lasterka zihoazenak. Bazekien hotzaldirik gorrienak ere sekula ez zituela iturbegi haiek hormatzen, eta bazekien, jakin, zer arrisku zeukaten. Tranpa hutsak ziren. Elurpean urmahelak ezkutatzen zituzten, sakoneraz hiru ontzakoak edo hiru oinbetekoak ere izan zitezkeenak. Batzuetan ontza erdiko lodiera zuen jela geruza batez estalirik zeuden, eta geruza hori aldi berean elurrez estalirik zegoen. Batzuetan ur eta jela geruzak elkarren gainean mailakatzen ziren, halatan inork goikoa hausten bazuen, azpikoak hausten jarraitzen zuen, batzuetan gerria bustitzeraino. Horrexegatik asaldatu zen eta hainbeste izutu. Oinen azpiko ikaraldia sentitu eta elurrez estalitako jela geruza baten kraskadura aditu zuen. Eta halako tenperaturarekin oinak bustita edukitzeak arazoa eta arriskua esan nahi zuen. Gutxien-gutxienean atzerapena esan nahi zuen, derrigorrez gelditu eta sua piztu beharko zuelako, eta suaren babesean oinak biluzi eta bitartean galtzerdiak eta mokasinak lehortu. Gelditu zen eta erreka arroa eta bazterrak aztertu, eta ur jarioa eskuinaldetik zetorrela erabaki zuen. Piska batean hausnartu zuen, masailak eta sudurra igurtziz, eta gero ezkerretara saihestu zen, poliki-poliki oinkatuz eta urrats bakoitzean oreka neurtuz. Behin arriskua libraturik, tabako zati berri bat hartu eta bideari lotu zitzaion lau miliatako bere abiadarekin. Hurrengo bi orduetan antzeko beste tranpa batzuekin egin zuen topo. Eskuarki, estalitako urmahelen gaineko elurrak bazuen halako itxura hondartu, azukreztatu bat, arriskuaren berri ematen zuena. Beste behin, ordea, gertuko abisu bat izan zuen; eta behin batean, arriskua susmatuz, zakurra aurretik jarraitzera premiatu zuen. Zakurrak ez zuen aurrera joan nahi. Ez zuen amore ematen, gizonak aurreraka bultzatu zuen arte, eta orduan azkar-azkar joan zen gainazal zuri, lauan barrena. Bat-batean jela hautsi, albo batera balantza egin, eta oinarri sendoagora aldegin zuen. Aurreko atzamarrak eta hankak busti zituen eta ia berehala haiei itsatsitako ura jela bihurtu zen. Presazko ahaleginak egin zituen hanketako jela miazkatzeko; ondoren, elur gainean etzan eta atzamarren artean eratutako jela hozka kentzen hasi zen. Sen hutsez ari zen. Jela atxikita uzteak hanketako mina esan nahi zuen. Hori berak ez zekien, bere izatearen leize sakonetik ernetzen zitzaion eragingarri misteriotsuari obeditu baino ez zion egiten. Baina gizonak bazekien, gertaeraren gainean ezagutza erdietsia baitzuen, eta eskuineko eskularrua erantzi eta jela zatitxoak erauzten lagundu zion. Minutu batez baino ez zituen hatzak agerian eduki eta txundituta gelditu zen zeinen azkar zurrundu zitzaizkion. Benetan hotz zegoen. Arrapaladan eskularrua jantzi eta eskua bularraren kontra modu basatian kolpatu zuen. Hamabietan eguna bere unerik argitsuenean zegoen. Hala ere, eguzkia, bere neguko bidaian, urrunegi zegoen hegoaldean, zerumuga argitu ahal izateko. Lurbiraren bizkarra tartejartzen zen eguzkiaren eta Henderson errekaren artean, eta gizona handik zihoan, zerua garbi eta itzalik batere egiteke. Hamaika t'erdietan puntu-puntuan iritsi zen errekaren adarkadurara. Pozik zegoen egindako abiadaz. Abiada horri eusten bazion, egiazki seietan egongo zen lagunekin. Zamarra eta alkandoraren botoiak askatu eta hamaiketakoa atera zuen. Hori egiten minutu laurden bat baino ez zuen eman, eta hala ere, tarte labur horretan, zurrunak hatz ageriak hartu zizkion. Ez zuen eskularrua jantzi; aitzitik, hatzekin dozena bat ukaldi latz jo zuen izterraren kontra. Ondoren elurrez estalitako enbor baten gainean eseri zen hamaiketakoa jateko. Hatzekin izterraren kontra jotzearen eraginez etorritako ziztada hura hain azkar baretu zitzaionez, asaldatu egin zen. Opilari mokadu bat kentzeko paradarik ere ez zuen izan. Hatz joka ihardun eta atzera jantzi zituen eta beste eskua erantzi, jateko asmoarekin. Ahamen bat hartzen saiatu zen, baina jelazko morraleak eragotzi egin zion. Sua piztu eta bizarra beratzea ahaztu zitzaion. Irribarre egin zuen bere ergelkeriaz eta irribarrez ari zela, hatz agerien barnean zurruntasuna piskanaka areagotzen ari zela nabaritu zuen. Era berean nabaritu zuen, hasiera batean esertzerakoan hatzetara etorri zitzaion ziztada hura zegoeneko arintzen ari zitzaiola. Hatzak bero ala zurrunduta ote zeuzkan galdetu zion bere buruari. Mokasinen barruan eragin zien eta zurrunduta zeudela erabaki zuen. Arrapaladan eskularrua jantzi eta zutik jarri zen. Beldurtuta zegoen piska bat. Lurra ostikatuz gora eta behera ibili zen, oinen barnera ziztada itzuli zitzaion arte. Benetan hotz zegoen, horra zer pentsatu zuen. Sulfuro errekako gizonak egia zioen lurralde hartan batzuetan hotz handia zegoela kontatu zionean. Eta berak orduan barre egin ziola pentsatzea ere! Horrek erakusten du batek ezin duela gauze oso seguru egon. Baina horretan dudarik ez zen, hotz handia zegoen. Urrats luzeka gora eta behera ibili zen, lurra zanpatuz eta besoak marruskatuz, eta azkenean sosegatu egin zen berotasuna itzuli baitzitzaion. Ondoren pospoloak atera eta su egiteari ekin zion. Sastraka azpitik, bertan lehengo udaberriko uholdeak jalkitako adaxka iharrezko hornidura bat baitzegoen, errekina eskuratu zuen. Haste-hastetik oso kontuz lan eginez, laster zeukan su bizi bat, eta su horrekin aurpegi aurreko jela urtu zuen, eta su horren babespean jan zituen bere opilak. Oraingoz espazioko hotza menderatuta zegoen. Zakurrak atsegina hartu zuen sutondoan, luze-luze etzanik, berotzeko bezain gertu eta gardostetik eskapatzeko bezain urrun. Gizonak, bukatu zuenean, bere pipa bete eta astialdi bat hartu zuen gozo-gozo erretzeko. Ondoren, eskularruak jantzi, txanoaren belarritakoak belarrien gainean ondo tinkatu eta, ezker adarrean gora, erreka bideari ekin zion. Zakurra nahigabetuta zegoen, sutondora itzultzea gutiziatuz. Gizon horrek ez zekien hotza zer zen. Beharbada, haren aurrekoen belaunaldi guztiek ez zekiten hotzaren berri, benetako hotzarena, izozte puntuaren azpiko ehun eta zazpi graduko hotzarena. Zakurrak, ordea, bazekien; haren aurreko guztiek zekiten, eta berak jakintza hori heredatu zuen. Eta bazekien halako hotz gogorrarekin kanpoan ibiltzea txarra zela. Giro hura zen, elurretan egindako zulo batean goxo-goxo etzan eta hodeiezko errezel batek kanpoko espazioaren bisaia estali arte, bertan egoteko modukoa, hotza handik baitzetorren. Bestalde, ez zegoen adiskidetasunezko lotura esturik gizonaren eta zakurraren artean. Bata bestearen menpeko zen, eta noizbait hartu zituen laztan bakarrak, zartailuaren laztanak izan ziren, eta zartailuaren aurreko eztarri-hots zakar eta mehatxugarriak. Beraz, zakurrak ez zuen ahaleginik egin gizonari bere errezeloa erakusteko. Ez zegoen kezkatuta gizonaren ongizateaz; bere buruaren onuragatik gutiziatzen zuen sutondora itzultzea. Baina gizonak arriztuaren eta zartailuaren hotsarekin hitz egin zion, eta zakurra gizonaren orpoetara bildu eta atzetik jarraiki zitzaion. Gizonak tabako zati bat ahoratu eta anbarrezko bizar berri bat hazteari ekin zion. Gainera, arnas hezeak berehala hautseztatu zizkion zuriz bibotea, bekainak eta betileak. Ez zirudien Herdersonen ezker adarrean hainbeste iturbegi zegoenik eta gizonak ordu erdi batez ez zuen haien arrastorik ere ikusi. Eta orduan, gertatu egin zen. Arrastorik ez zegoen toki batean, hango elur bigunak eta lauak itxuraz azpialde sendoa agertzen zuen toki batean, gizonak jela hautsi zuen. Ez zen sakona. Belaunetaraino bustita zegoen itsumustuan oinarri irmora irten zuenerako. Haserre zegoen eta aho betean madarikatu zuen bere zoritxarra. Bere itxaropena zen seietan kanpamenduan lagunekin egotea, eta horrek ordubeteko atzerapena ekarriko zion, sua piztu eta oin-jantziak lehortu beharko zituelako. Hori nahitaezkoa zen halako tenperatura hotzarekin; berak ederki zekien hori, eta hegi aldera saihestuz muntoan gora egin zuen. Han goian, izai apal batzuen enborren inguruko sastrakan kateatuta, uholdeak jalkitako egur iharra zegoen; ezpalak eta adaxkak, gehien bat, baina baita ere ihartutako adar puska handiagoak eta lehengo urteko belar izpi ihartuak. Elur gainera adar handi batzuk bota zituen. Horrek oinarrirako balio zuen eta sugar ahula elurretan hondora ez zedin, bestela elurra urtu egingo zen eta. Sugarra lortzeko sakeletik urki azal bat atera eta hari pospolo bat erantsi zion. Papera bera baino aisago sutu zen hura. Urki azala oinarriaren gainean ipini ondoren, belar izpi iharrekin eta adaxka ihar finenekin bizitu zuen sugar ahula. Astiro-astiro eta arreta handiz egin zuen lana, zer arrisku zuen ederki asko baitzekien. Apurka-apurka, sugarra indartu ahala, gero eta adar handiagoak botatzen zituen. Elur gainean kokoriko jarri zen, adaxkak sastrakako anabasatik ateraz eta zuzenean sutara botaz. Bazekien ez zuela hutsik egin behar. Hirurogeita hamabost gradu zero azpitik daudenean, gizon batek ez du hutsik egin behar sua pizteko lehenengo saioan, oinak bustita baldin badauzka, alegia. Oinak lehor baldin badauzka eta huts egiten badu, bidean barrena milia erdiko korrika saio bat egin eta horrela odol zirkulazioa bizkor dezake. Baina bustita dauden eta jelatzen ari diren oinen zirkulazioa ezin bizkor daiteke korrika eginez zero azpitik hirurogeita hamabost gradu daudenean. Zenbat eta arinago korrika egin, hainbat eta jelatuago oin bustiak. Hori dena gizonak bazekien. Sulfuro errekako beteranoak horri buruz hitz egin zion lehengo udaberrian, eta orain ari zen abisua aintzakotzat hartzen. Zegoeneko sentsazio oro oinetatik aldegina zuen. Su egiteko eskularruak erantzi behar izan zituen, eta hatzak berehala zurrundu zitzaizkion. Lau milia orduko abiadaren eraginez, odola gorputz azalera eta adar guztietara punpaka aritu zen bihotza. Baina gelditu bezain laster, punpaketak moteltzera egin zuen. Espazioko hotzak lurbiraren buru babesgabea astintzen zuen, eta gizona, buru babesgabe horren gainean egonik, erasoaren indar betea jasotzen zuen. Gorputzeko odola ihes zihoan haren aurrean. Odola bizirik zegoen, zakurra bezala, eta zakurrak bezala, ezkutatu egin nahi zuen eta hotz beldurgarri hartatik bere burua gorde. Lau milia orduko abiadan ibili zen bitartean, odola nahitaez azaleraino punpaka aritu zen; orain, aldiz, odola atzeraka zihoan eta gorputzeko barne zokoetan hondoratzen zitzaion. Gorputz adarrek sentitu zuten lehenik haren gabezia. Oin bustiak hozmindu zitzaizkion arinen, eta hatz ageriak zurrundu zitzaizkion arinen, artean jelatzen hasi gabe egon arren. Sudurra eta masailak zegoeneko jelatzen ari ziren eta aldi berean gorputz osoko azala hotzikarak hartzen zuen odola galtzeaz bat. Baina gizona salbu zegoen. Jelak ikutu baino ez zituen egingo hatzak, sudurra eta masailak, sua indarrean erretzen hasita zegoen eta. Hatzaren tamainako adaxkekin bizitzen ari zen sua. Minutu bat gehiago eta eskumuturraren tamainako adarrekin bizitzeko gauza izango zen, eta orduan oin-jantzi bustiak erantzi eta, horiek lehortu bitartean, oin biluziak sutondoan bero eduki zitzakeen, elurrez igurtzi ondoren, jakina. Suak arrakasta izan zuen. Gizona salbu zegoen. Sulfuro errekako beteranoaren abisua gogoratu eta irribarre egin zuen. Beteranoa oso zorrotz aritu zen, Klondike aldean berrogeita hamar gradu zero azpian inork ere bakarrik ibili behar ez duelako legea ezartzen. Bada, hantxe zegoen bera; istripua izan zuen; bera bakarrik zegoen; eta bere burua salbatu zuen. Beterano haiek nahiko atsogizon ziren, batzuen batzuk bai behintzat, pentsatu zuen. Gizon batek egin behar zuen gauza bakarra burua ez galtzea zen; eta dena ongi aterako zitzaion. Gizon bat, gizona bazen, bera bakarrik ibil zitekeen. Harrigarria zen, ordea, sudurra eta masailak zeinen azkar jelatzen ari zitzaizkion. Eta ez zuen pentsatuko hatzek hain denbora laburrean bizitasuna gal zezaketenik. Bizitasuna galdua zuten, ordea, kostata mugiarazten baitzituen denak batera adaxka bati heltzeko, eta gorputzetik nahiz bere baitatik urrun ziruditen. Adaxka bat ukitzean, begiratu beharra izaten zuen, eta helduta zeukan ala ez ikusi. Bere buruaren eta bere hatzen arteko komunikazio hariak aski indargeturik zeuden. Horrek guzti horrek axola gutxi, ordea. Hantxe zegoen sua, txartaka eta txinpartaka eta bizi-aldarrika gar dantzari bakoitzarekin. Mokasinak eranzten hasi zen. Jelaz estalita zeuden; galtzerdi germaniar lodiak belaunetarainoko burdin zorroen antzekoak ziren; eta mokasin lokarriak altzairuzko kableen antzekoak ziren, zeharo bihurrituta eta korapilatuta, elkar hartuta bezala. Hasieran zurrunduta zeuzkan hatzekin egin zien tira; ondoren, hura ergelkeria zela oharturik, ehiza-labana atera zuen zorrotik. Baina lokarriak eteteko aukera izan aurretik, ezbeharra gertatu zen. Bere errua izan zen, edo hobe esan, bere hutsa. Sua ez zuen izaiaren azpian piztu behar. Argiunean piztu behar zuen. Baina errazago zitzaion adaxkak sastrakatik jaso eta zuzenean sutara botatzea. Ordea, su egin zuen tokiaren gaineko zuhaitzak elurrez zamaturik zeuzkan besangak. Baziren aste batzuk haizerik egin ez zuela, eta besanga bakoitzak soberazko pisua zeukan. Adaxka bat ipini zuen bakoitzean ikaraldi leun bat komunikatu zion zuhaitzari, somatu ezinezko ikaraldi bat, gizonari zegokionean behintzat, baina bai hondamendia gertarazteko nahikoa ikaraldi. Zuhaitz buruan besanga batek bere elur zama irauli zuen. Horrek azpiko besangen gainera erori eta haiek iraularazi egin zituen. Prozesu horrek aurrera jarraitu zuen, hedatuz eta zuhaitz osoa harrapatuz. Elur jauzi baten antzera hazi zen eta abisatu gabe amildu gizonaren eta suaren gainera, eta sua itzali egin zuen! Erretzen egon zena elurrezko estalgi bigun eta nahasia zen orain. Gizona harri eta zur gelditu zen. Bere heriotz-epaia entzun berria balu bezala izan zen. Piska batean eserita egon zen eta begira-begira sua egondako aldera. Gero bere tentura bihurtu zen. Beharbada Sulfuro errekako beteranoa zuzen zegoen. Bidelagun bat edukitzea aski zatekeen orain arriskuan ez egoteko. Bidelagunak bazukeen su egitea. Beno, ezinbestekoa zuen sua atzera piztea, eta bigarren honetan ez zen hutsik egon behar. Lortzen bazuen ere, seguru asko behatz batzuk galduko zituen. Zegoeneko oinak arrunt jelatuta eduki behar zituen, eta denbora puska bat beharko zuen artean bigarren sua prest egon zedin. Halako pentsamenduak zituen, baina ez zen eseri eta haietaz pentsatzera jarri. Lanpetuta ibili zen burutik pasatzen ari zitzaizkion bitarte guztian. Beste oinarri bat egin zuen suarentzat, argiunean oraingoan, itzaliko zuen zuhaitz traidorerik ez zegoen tokian, alegia. Ondoren, belar izpi iharrak eta adaxka finak jaso zituen uholdearen hondakinetatik. Ezin zituen hatzak batera bildu haiek atera ahal izateko, baina eskumenka jasotzeko gauza zen. Modu horretara, usteldutako adaxka mordoa eta goroldio puska gordinak ere eskuetaratzen zituen, eta horiek kaltegarriak ziren, baina ezin zuen hobeto egin. Itsu-itsuan egiten zuen lan, eta besakada bat adar handi ere bildu zuen, geroago, suak indarra hartzen zuenean, erabiltzeko. Eta bien bitartean zakurra eserita eta gizonari begira-begira egon zen, begietan halako etsipen gutiziatsu bat zuela, ezen gizona su-hornitzailetzat hartzen baitzuen eta sua motel zen etortzen. Dena prest zegoenean gizonak poltsikoa arakatu zuen urki azalezko bigarren zatiaren bila. Bazekien azal zatia hantxe zegoela, eta hatzekin sentitzerik ez bazuen ere, kirriz-karraz entzun zezakeen, haztamuka, haren bila ari zela. Ahaleginak egin arren ezin izan zuen atzeman. Eta denbora guztian, bere baitan, jakinaren gainean zegoen oinak piskanaka jelatzen ari zitzaizkiola. Pentsamendu horrek izularria sortarazten zion, baina haren kontra borroka egin eta lasaitasuna gorde zuen. Eskularruak hortzekin jantzi eta besoak atzera eta aurrera inarrosi zituen, eskuak bere indar guztiarekin saihetsen kontra kolpatuz. Hori eserita egin zuen, eta zutik jarri zen gauza bera egiteko; eta bien bitartean, zakurra elur gainean eserita egon zen, haren otso buztan harroa hanka artean bero-bero kiribildurik, haren otso belarri zorrotzak aurrerantz tenteturik, adi-adi, gizonari finko begira. Eta gizonak, besoak inarrosten eta eskuak kolpatzen ari zela, bat-batean inbidia handia sentitu zuen animaliari begiratzean, hura bero eta seguru baitzegoen berezko estalkiaren barruan. Handik puska batera sentsazioaren lehen seinale urrunak somatu zituen hatz kolpatuen barnean. Hasierako kilima eztia biziagotuz joan zen eta azkenean eztenkada mingarri bilakatu, jasanezina bazen ere, gizonak pozarren agurtu zuena. Eskularrua brastakoan kendu zuen eskuinetik eta urki azalaren bila hasi zen. Hatz ageriak bizkor ari zitzaizkion berriro zurruntzen. Ondoren sulfurozko pospolo sorta atera zuen. Baina hotz ikaragarriak ordurako hatzetatik bizia eraman zion. Pospolo bat besteetatik bereizteko ahaleginetan ari zela, sorta osoa elur gainera erori zen. Elurretik jasotzen saiatu zen, baina ez zuen asmatu. Hatz hilek ezin zuten ez ikutu, ez atzeman ere. Kontu handiz ari zen. Burutik uxatu zuen, oinak, sudurra eta masailak jelatzen ari zitzaizkiolako pentsamendua, pospoluei buru-belarri ekinez. Begiratu egin zien, ikusmena erabiliz ukimenaren ordez, eta hatzak pospolo sortaren albo banatan ikusi zituenean, itxi egin zituen, hau da, itxi egin nahi izan zituen, hariak indargeturik baitzeuden eta hatzak ez zitzaizkion esanekoak izan. Eskularrua eskuinean jantzi eta modu basatian jo zuen belaunaren kontra. Ondoren, bi eskularruekin pospolo sorta azpitik bildu eta, tartean elur asko zegoela, magalera jaso zuen. Hala ere, ez zegoen askoz hobeto. Pospolo sorta esku artean behin eta berriz erabili ondoren, jantzitako esku-mamien artean heltzea lortu zuen. Postura horretan ahoraino eraman zuen. Jela kraskatu eta zartatu egin zen ahoa indarka zabaldu zuenean. Behe matalezurra barnera bildu zuen, goi ezpaina kanpoaldera okertu eta goiko hortzekin pospolo sorta karraskatu zuen, ale bat bereizteko helburuarekin. Asmatu zuen pospolo bat harrapatzen, eta magalera erortzen utzi zuen. Ez zegoen askoz hobeto. Ezin zion eskua erantsi. Orduan modu bat asmatu zuen. Pospoloari hortzekin heldu eta izter gainetik marruskatu zuen; hogei bider marruskatu ere, irazeki zuen arte. Sutu zenean urki azalari erantsi zion, hortzekin helduta. Baina sulfuro errea sudurzuloetatik gora sartu eta biriketaraino barruratu zitzaion, eztul-erasoa eraginez. Pospoloa elur gainera erori eta itzali egin zen. Sulfuro errekako beteranoa zuzen zegoen, pentsatu zuen jarraian etorri zitzaion etsialdi kontrolatuan: zero azpitik berrogeita hamar gradutan gizon batek bidelagunarekin behar luke ibili. Eskuak kolpatu zituen, baina sentsaziorik ernarazten huts egin zuen. Bat-batean eskuak agerian utzi zituen, eskularruak hortzekin erantziz. Esku-mamiekin pospolo sorta osoa atzeman zuen. Beso-giharrak jelatzeke egonik, esku-mamiekin pospoloak tinko estutzeko ahalmena ematen zioten. Gero pospolo sorta osoa izter gainetik marruskatu zuen. Sua atxiki zitzaion, sulfurozko hogeita hamar pospolo batera! Itzaliko zituen haizerik ez zebilen. Burua alboratuta eduki zuen ke itogarriak baztertzeko eta garrak hartutako pospolo sorta urki azalari erantsi zion. Eta hala erantsita zeukala, sentsazio bat nabaritu zuen eskuan. Haragia erretzen zeukan. Usaina aditzen zuen. Sentitu ere, azalaren azpian, barnealdean sentitzen zuen. Sentsazioa min bilakatu zen, gero eta biziagoa. Guztiarekin ere, eutsi egin zion, pospoloen sugarra urki azalari baldar erantsita, baina urki azala ez zen erraz sutzen, garrak hartutako haren eskuak tartean zeudelako, sugar gehiena irentsiz. Azkenez, ezin zuenean gehiago iraun, eskuak klaska banatu zituen. Pospolo irazekiak elur gainera txistuka erori ziren, baina urki azala suak hartuta zegoen. Hasi zen su gainean belar izpi iharrak eta adaxkarik finenak ipintzen. Ezin zuen aukeratzen ibili, erregaia eskumamien artean eraman behar zuelako. Adaxketatik zintzilik usteldutako egur ezpalak eta goroldio gordin puskak zihoazen eta haiek ahal izan zuen bezain ongi kendu zituen hortzekin. Artaz eta esku baldarrez mainatu zuen sugarra. Bizia esan nahi zuen eta ez zen iraungi behar. Odola gorputz azaletik ostentzearen eraginez dardarka hasi zen eta baldartasuna areagotu egin zitzaion. Goroldio gordin puska handi bat erori zen bete-betean su ttikiaren gainera. Hatz puntekin apartatzen saiatu zen, baina bere gorpuztasun dardaratiaren eraginez zakar apartatu eta su ttikiaren gunea desegin egin zuen, sututako belar izpiak eta adaxka finak sakabanatuz eta barreiatuz. Saiatu zen atzera elkartzen, baina bost ahalak eginagatik, dardara nagusitu zitzaion, eta adaxkak itxaropenik gabe barreiatuta zeuden. Adaxkek ke bafada bana haizeratu eta itzali egin ziren. Su-hornitzaileak kale egin zuen. Bihozgabeturik bere inguruan begiratu zuenean, bere begiek zakurrarekin egin zuten topo, aurre-aurrean baitzegoen, suaren hondakinez bestaldean, elur gainean eserita, egonezinik, buruari eraginez, orain hanka bat gero bestea doi-doi jasoz, gorputzaren zama etengabe aurrera eta atzera haien gainean jarriz, artegatasun etsituarekin. Zakurraren ikusteak ideia zoro bat ekarri zion burura. Istorio bat gogoratu zuen, gizon batek, elur-erauntsi batean harrapaturik, zekor bat akabatu eta aberearen gorputz barruan kuzkurtuz bere burua nola salbatu zuen. Zakurra akabatu eta eskuak gorputz beroaren barruan sartuko zituen, zurruntasuna joaten zitzaien arte. Gero beste su bat piztuko zuen. Zakurrari hitz egin zion, beragana deituz; baina ahotsean bazeukan halako beldur doinu bitxi bat, animalia izutu zuena, egundaino ez baitzuen ezagutu gizona modu hartan hitz eginez. Zerbait gertatzen zen, eta zakurraren sen irudikorrak arriskua barrundatu zuen; zein arrisku, ez zekien; baina, burmuinetan, han edo hemen, nola edo hala, gizonarenganako errezeloa ernatu zitzaion. Gizonaren ahotsa entzuteaz bat belarriak apaldu zituen, eta egonezina, buru-eragitea, hanka-jasotzea eta zama-aldatzea, areagotu egin ziren; baina ez zen gizonarengana hurreratu. Gizona esku-belaunen gainean jarri eta katuka aurreratu zen zakurrarenganantz. Postura xelebre horri susmo txarra hartu zion berriro ere, eta animalia emeki-emeki itzalgaizka aldendu zen. Gizona elur gainean eseri piska batean eta sosegatzen ahalegindu zen. Ondoren, eskularruak jantzi zituen, hortzak baliaraziz, eta zutik jarri zen. Hasieran behera begiratu zuen, benetan zutik zegoela bere buruari egiaztatzeko, zeren oinetan sentsaziorik ez izateak lurrari lotzeke utzi baitzuen. Tente egote hutsarekin zakurrari hasi zitzaion irudikortasunaren amarauna burutik aienatzen, eta premiaz hitz egin zionean, ahotsean zartailuaren doinua zeukala, zakurra bere ohiko leialtasunera itzuli eta harengana hurreratu zen. Eskumendera iritsi zitzaionean, bere onetatik irten zen gizona. Brastakoan besoak zakurrarengana hedatu eta egundoko harridura sentitu zuen ohartzean eskuek heltzerik ez zutela, hatzetan ez indarrik ez sentsaziorik ez zegoela. Behin-behinekoz ahaztuta zeukan jelatuta zeudela, eta gero eta jelatzenago ari zirela. Hori guztia azkar gertatu zen, eta animaliari ihes egiteko aukera eman aurretik, gorputza besoekin inguratu zion. Elur gainean eseri eta postura horretan heldu zion zakurrari, zakurra hortzak erakusten, intzirika eta askatzeko ahaleginetan ari zen bitartean. Baina hori besterik ezin zuen egin, besoekin inguratuta gorputzari heldu eta eserita egon. Konturatu zen ezingo zuela zakurra akabatu. Ez zegoen burutzeko modurik. Bere esku ezindu haiekin ezin zuen ehiza-labana zorrotik atera, ez eskuan hartu, ez eta animalia ito ere. Zakurrari jaregin eta hura tximista baten pare eskapatu zen, buztana hanka artean eta hortzak erakutsiz. Berrogeita hamar oinbete haruntzago gelditu eta jakinminez aztertu zuen gizona, belarriak aurrerantz zorrotz tenteturik. Gizonak behera begiratu zuen eskuak bilatzearren, eta beso muturretatik zintzilik aurkitu zituen. Gauza bitxia iruditu zitzaion batek bere begiak erabili behar izatea eskuak non dauzkan jakiteko. Besoak atzera eta aurrera inarrosten hasi zen, eskularruekin saihetsen kontra kolpatuz. Bost minutu aritu zen horrela, bortizki joaz, eta bihotzak, punpaka, dardara geldierazteko adina odol bidali zion azalera. Baina eskuetara ez zitzaion sentsaziorik ernatu. Eskuak pisuen antzera muturretatik zintzilik zeuzkalako irudipena izan zuen, baina irudipen hori egiaztatzen saiatu zenean, ez zuen aurkitzerik izan. Halako heriotz-beldur lauso eta estugarri batek hartu zuen. Beldurra segituan lazgarri bilakatu zen, ohartu zenean kontua iada ez zela esku-oinetako hatzak jelatzea, edota eskuak eta oinak galtzea soilik, baizik hil ala biziko kontua zela eta fortuna bere kontra zegoela. Horrek izu laborria sortu zion, eta bira emanda korrikari ekin zion erreka arroan gora, bide zahar, lausoan barrena. Zakurra atzetik batu eta harekin batera jarraitu zuen. Itsumustuka ari zen korrika, ez hanka eta ez buru, bere bizitza osoan sekula ezagutu gabeko beldurrak hartuta. Ezarian-ezarian, elurra goldatuz eta herrestatuz zihoala, gauzak atzera ikusten hasi zen: errekaren ezpondak, egur pila zaharrak, lertxun biluziak, eta zerua. Korrika saioak suspertu egin zuen. Ez zen dardarka ari. Agian, korrika jarraitzera, oinak desjelatu egingo zitzaizkion; eta, nolanahi ere, luzaroan korrika egitera, kanpamenduraino eta lagunenganaino irits zitekeen. Dudarik gabe, esku-oinetako hatz batzuk galduko zituen eta aurpegi puska bat ere bai; baina lagunek zainduko zuten eta gorputzaren gainontzekoa salbatuko zioten hara iristen zenean. Eta aldi berean beste pentsamendu bat zeukan buruan, eta horrek esaten zion inoiz ez zela kanpamenduraino eta lagunenganaino iritsiko, handik milia gehiegitako zeudela, jelatzea oso errotuta zeukala eta laster gorpu gogor geratuko zela. Pentsamendu hori zokoratuta eduki eta kontuan hartzea errefusatu zuen. Batzuetan pentsamenduak bultza egiten zuen eta hitza eskatzen, baina gizonak burutik uxatuz beste gauza batzuetan pentsatzeko ahaleginak egiten zituen. Bitxia iruditu zitzaion horren jelatuta zeuzkan oinekin korrika egin ahal izatea, sentitu ere ez baitzituen sentitzen zolua zanpatzen zuenean eta gorputzaren zama haien gainean ipintzen zuenean. Zoluaren gainetik hegaldatzen zela eta harekin inolako loturarik ez zuela iruditzen zitzaion. Nonbait ikusia zuen Mercury hegadun bat, eta bere golkorako galdetzen zuen Mercury hura bera bezala sentituko ote zen lurraren gainetik hegaldatzen zenean. Kanpamenduraino eta lagunenganaino iritsi arte korrika egiteaz zeukan teoria hark akats bat zeukan berarekin: erresistentzia nahikorik ez izatea. Behin baino gehiagotan egin zuen estropezu, eta azkenean kordokatu, makurtu eta erori egin zen. Zutitzen saiatu zenean, huts egin zuen. Eseri eta egon, hori egin behar zuen, hala erabaki zuen, eta hurrengoan ibili besterik ez, eta horrela bideari eutsiko zion. Eseri eta gero arnasa baretu zitzaionean, sentsazio beroa eta atsegina nabaritu zuen. Ez zen dardarka ari, eta bazirudien barealdi goxo bat ere etorri zitzaiola bularraldera eta gorputz enborrera. Eta hala ere, sudurra eta masailak ikutu zituenean, ez zegoen inolako sentsaziorik. Korrika eginez ez zitzaizkion epeldu. Eskuak eta oinak ere ez zitzaizkion bere onera etorri. Orduan gogora etorri zitzaion jelatutako gorputz atalak hedatzen ariko zirela. Saiatu zen pentsamendu hori uxatzen, ahazten, beste zerbaitetan pentsatzen; jakinaren gainean zegoen horrek izu laborria sortzen ziola, eta bera izu laborriaren beldur zen. Baina pentsamendua finkatu egiten zen, behin eta berriro ekiten zion, eta azkenean erabat jelatutako bere gorputzaren ikuspen bat sortarazi zion. Hori gehiegi zen, eta beste korrikaldi sutsu bat egin zuen bidean barrena. Behin batean, oinez ibiltzeraino moteldu zen, baina jela berez hedatzen ari zela pentsatzeak korrika eragin zuen berriro. Eta zakurrak beti berarekin egin zuen korrika, orpoz orpo jarraikiz. Bigarren aldiz lurrera erori zenean, buztana aurreko hanken gainean kiribildu eta gizonaren aurrean eseri zen, buruz buru, harrigarriro lehiatsu eta arretatsu. Animaliaren epeltasunak eta segurantzak amorrua eman zioten eta maldizioka eraso zion, harik eta zakurrak belarriak otzantasunez apaldu zituen arte. Oraingo honetan.dardarak bizkorrago hartu zuen gizona. Galtzen ari zen jelaren aurkako borrokaldian. Piskanaka-piskanaka alde guztietatik ari zitzaion gorputzean barruratzen. Pentsamendu horrek jarraitzera, bultzatu zuen, baina ehun oinbeteko korrikaldia baino ez zuen egina, kordokatu eta muturrez aurrera amildu zenean. Horixe izan zuen azken izu laborria. Arnasa eta tentua bereganatu zituenean, elur gainean eseri eta heriotza duintasunez hartzeko asmoa erabili zuen gogoan. Hala ere, asmo hori ez zitzaion modu horretan bururatu. Irudipena zuen, bere buruarentzat barregarri ibili zela, hortik zehar korrika eginez, lepo egindako oilo baten gisara, horrelakoxea zen otu zitzaion irudia. Beno, halabeharrez jelatzera zihoan, nolanahi ere, eta gutxienez gizabidez hartu beharra zeukan. Aurkitu berria zuen gogo bakealdi horrekin logalearen aurreneko zantzuak etorri zitzaizkion. Ez da ideia txarra, pentsatu zuen, loak hartzea hiltzeko. Anestesia hartzea bezala zen. Jelatzea ez zen jendeak uste bezain txarra. Hiltzeko modu okerrago asko zegoen. Irudikatu zuen lagunek biharamunean bere gorpua nola aurkitzen zuten. Bat-batean haien artean aurkitu zen, bidean barrena etorriz eta bere burua bilatuz. Eta, haien artean oraindik, bideko bihurgune batetik zetorren eta bere burua aurkitzen zuen elur gainean etzanda. Zegoeneko ez zen bere baitakoa, ordurako bere baitatik kanpo baitzegoen, zutik lagunen artean, eta elur gainean zetzan bere buruari so. Benetan hotz zegoen, horixe pentsatu zuen. Estatu Batuetara itzultzen zenean ezagunei kontatu ahalko zien han benetan hotz egiten zuela. Hortik Sulfuro errekako beteranoaren ikuspen batera aldaratu zuen bere burua. Garbi-garbi ikus zezakeen hura, goxo-goxo eta patxadaz, pipa bat erretzen. Zuzen hengoen bai, axeri zahar hori, zuzen hengoen! murduskatu zion gizonak Sulfuro errekako beteranoari. Ondoren egundaino ezagututako lozorrorik goxoena eta gogobetegarriena iruditu zitzaionaren baitan murgildu zen gizona. Zakurra gizonaren aurrean eseri zen, zain. Eguargi laburra bere xedera gerturatu zen, ilunabar luze, mantso bat medio. Su egingo zeri arrastorik ez zen, eta gainera, zakurrak bere esperientzia guztian inoiz ez zuen gizon bat ezagutu su egin gabe haren antzera esertzen. Ilunabarra aurrera zihoan eran, su-irrika bizia nagusitu zitzaion, eta aurreko hankak gelditu gabe jasoz eta eraginez, intzirika hasi zen ahulki, gero belarriak apaldu zituen gizonaren maldizioak jasan aurrez. Baina gizonak isilik zirauen. Geroago, zakurra ozenki hasi zen intzirika. Eta geroago oraindik, gizonaren ondo-ondoraino narraztu eta heriotzaren hatsa usnatu zuen. Horren eraginez ilea laztu eta atzera egin zuen animaliak. Geroxeago geldi-geldi egon zen, uluka, zeru hotzaren barnean jauzi eta dantza eta dizdizka ari ziren izarren azpian. Ondoren, buelta eman eta bidean gora trostaz joan zen, ezagutzen zuen kanpamendura bidean, han gainontzeko su-hornitzaileak eta janari-hornitzaileak baitzeuden. Sua piztu |