Abe 31 20

Ken Saro-Wiwaren eguzkia

Nigeriako eta ogoni nazioko idazle eta ingurumen-ekintzaile garrantzitsua izan da Ken Saro-Wiwa. Gaztetan antzerkian jardundakoa, literatur-irakaslea, Nigeriako Gerra Zibilean estatu federalaren alde egin zuen, eta izan zuen administrazioan posturik. Telebista ekoizle arrakastatsua izan zen, baina agintearekin arazoak izan zituen, gobernu militarrarekin oso kritiko ageri zelako. Herri ogoniaren eta haien lurraren defentsan nabarmendu zen 80etatik aurrera —haien lurrak petrolio ustiapenek hondatuak izan dira—, eta naturaren aldeko borrokagatik hainbat errekonozimendu jasotakoa da. Eta baita idazle lanagatik ere, hainbat eleberrik (Sozaboy: A Novel in Rotten English ezagunena, Lemona’s Tale), narrazioek eta antzerki-lanek osatzen dute haren obra. Beste zortzi kiderekin batera haien herriko lau agureren hilketaz salatua, epaitua eta heriotzara zigortua —gezurrezkotzat jotzen diren salaketa eta epaiketa—,1995eko azaroaren 10ean hil zuten, urkatuta. Nigerian bertan protesta handiez gain, Afrikako hainbat estatu eta lider esanguratsuren (Mandela, Mugabe, Arap Moi…) eta Mendebaldeko estatuen kritikak eta bahimenduak, eta baita Nazio Batuen Erakundearen kontrako ebazpena eragin zituzten exekuziook. Urkamendian hil zezaten baino sei urte lehenago Afrikak bere eguzkia hiltzen du ipuina kaleratua zuen, nolabait ere bere heriotzaren iragarpena bilakatu dena. Saro-Wiwa hil zutela 25 urte bete direnean, euskaraz eskaintzen dugu.

Abe 28 20

(H)ilbeltza ez da izanen 2021ko ilbeltzean

Aurten (H)ilbeltza bertze urteetan bezala egiteko modurik ez dute ikusi Baztango antolatzaileek, “baina ez egitearen aukera ere, ez genuen maite” adierazi dute sarean zabaldutako mezuan. Hil ala beltz! izanen da aurtengo lema.
Ez gara ilbeltzan elkartuko, ez aste batean, ez betiko moduan, baina (H)ilbeltzakideok bidea emanen dugu kulturak eta literaturak beren tokia izan dezaten, modu erosoan egiteko aukera izatarekin. Eta toki hori zurekin konpartitu nahi dugu. Urte osoa dugu hortarako!“. Eta Emailuetan ere (H)ilbeltzak igorritako bideoa zabalduko dugu.

Abe 25 20

Paul Eluarden zortzi poema

125 urte bete dira abenduan Paul Eluard poeta jaio zela. XX. mendeko poesiaren gailurretako bat, hainbat poema ditugu euskarari ekarriak, ezaguna gure artean Gernikako bonbardaketari eskaini ziona. 2013an Ekaitz Sirventek Capitale de la Douleur (1926) liburuko zortzi poema euskaratu zituen eta Ataramiñe aldizkarian argitaratu. Orain hemen ere irakur ditzakezu.

Abe 24 20

Deabruaren eskola testu ederrak irakurtzeko leku bat

Testu ederrak irakurtzeko leku bat. Literaturaren itsaso zabalean topatzen dugun edertasuna konpartitzeko proiektu bat. Gustatzen zaizkigun testuak hautatu ditugu, ederrak eta edertasunaren aldekoak, humanoak eta humanitatearen aldekoak, ezagutzaz beteak eta ezagutzaren aldekoak. Horrela aurkeztu dute Deabruaren eskola; Irati Jimenez, Esteban Montorio Monti eta Mikel Sotok sortutako literatur edukien webgunea. Hautatu dituzten testuak iraganekoak dira askotan, baina ez beti. Elkarrizketak batzuetan, baina ez soilik. Fikziozkoak sarritan, baina ez halabeharrez. Eskola, Aker larrea, Leizeko eskola,  eta index prohibitorum zubitegia sortu dute egile, liburu, eta bestelako edukien loturekin.

Abe 16 20

Alda Meriniren poemak

XX. mendeko Italiako poesiako izen ezinbestekoa da Alda Merini idazlearena. 1931n Milanen jaioa, oso gaztetandik hasi zen publikatzen. 50etan buru-osasun arazoak izan eta hainbat urte egin zituen ospitale psikiatrikoan, La altra verità. Diario de una diversa liburuan kontatzen duen esperientzia. 80etan berriro ekin zion poesia idatzi eta argitaratzeari, obra luze eta aberatsa onduz, eta kritikaren errekonozimendua jasoz. 2009an zendua, haren bederatzi poema ekarri dizkio euskarari Iñigo Aranbarrik.

Abe 10 20

Clarice Lispectorren 9 poema

Duela mendebete, 1920ko abenduaren 10ean jaio zen Clarice Lispector. Ukrainan munduratutako idazle brasildarra, XX. mendeko ahots indartsuenetako bat da, Brasilgo literaturan ezinbesteko erreferentzia. Emozioen lirika baten jabe, ez-estilo oso berezia lortu zuen poeta, 56 urte zituela hil zen, minbiziak jota. Iñigo Roquek Zorion klandestinoa ipuin-liburua ekarri zuen euskarara (Igela/Erein, 2015); bi urte lehenago obra horretako Zorion ezkutua ipuina emana zuen Elearazi agerkari digitalean Danele Sarriugartek. Mendeurrenaren karietara, Lispectorren bederatzi poema dakartzagu orain, Mikel Elorzak itzuliak.

Abe 10 20

Sormene sorkuntzen plaza Galdakaon

Sormene, sorkuntzen Galdakaoko plazaren lehendabiziko edizioa egingo da datorren astean, abenduaren 14tik 20ra. Miren Agur Meabek, Leire Bilbaok eta Lizar Begoñak beren liburu berrietako poemen errezitaldiak egingo dituzte astearte arratsaldean, abenduaren 15ean, Arkaitz Miner musikariaren doinuz. Eta abenduaren 19an Ahotsenea egitaraua izango da, idazle hauen solasaldiekin: Miren Amuriza, Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Mikel Begoña, Karlos Gorrindo, Jabi Elorza, Asel Luzarraga eta Peru Magdalena.
Zazpi eguneko egitarau zabala du Sormenek: ilustrazioa, bertsoa, ipuin kontaketa, antzerkia, dantza eta musika…, esate baterako: Eñaut Elorrieta, Hatxe, Peru Galbete, La Basu, Miren Amuriza, Eider Eibar, Kai Nakai, Hilotz eta Ro, Andra Mari dantza taldea edo Aiko.

Abe 09 20

Margaret Atwooden Biziki

Berriki argitaratu du Txalaparta argitaletxeak Margaret Atwood idazlearen Neskamearen ipuina, Zigor Garrok euskaratua. Eta azaro honetan bertan The Guardian egunkarian Biziki (Dearly) poema eta horren inguruko saiakera ederra argitaratu ditu kanadarrak, dementziaz hildako senarrari hiru urte lehenago idatzitako poema. Egungo garaietan ere irakurgarria dena, Atwooden iritziz, Nere Arrutik geurera ekarri du.

Abe 04 20

Susa argitaletxea Durangoko liburu azokan

Aurten Durangoko Azoka birtualean izango da Susa. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Uxue Alberdiren Dendaostekoak kronika; Leire Bilbaoren Etxeko urak eta Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan poema liburuak; Kattalin Minerren Turista klasea nobela; Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua saiakera Lisipe bilduman. Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: May Ayim eta Raymond Carver. Azkenik, Ganbila antzerki bilduman hauek: Erika Olaizola eta Kamikaz Kolektiboaren Panpina, Sarah Kaneren Zartatua / 4.48 Psikosia eta Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe eta Hika Teatroaren Bidaideak.

Udaberrian plazaratu genituen: Igor Estankonaren Moskito poema liburua; Julen Belamunoren Hotz industriala ipuin liburua; Oier Guillanen VHS nobela; June Jordan eta Forugh Farrokhzaden poesia kaierak; Eneritz Artetxe Aranaz eta Dxusturi Teatroaren Isiltasuna, Kepa Errasti eta Xake Produkzioaken Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun antzezlanak.

Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen. Besarkada bat astero-astero Emailua jasotzen duzuen 1400 irakurle baino gehiagori ere, zelan ez.

Abe 03 20

Burgosko auzia eta Jean Paul Sartre gogora ekarriak

1970. urteko abenduaren 3an abiatu zen Burgosko auzia. 16 euskaldun epaitu zituzten, eta Gisele Halimi Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Federazioaren ordezkaria izan zen bertan lekukotzak hartzen. Halimik Le Procès de Burgos liburua eman zuen argitara 1971an Parisen eta Gisele Halimiren Burgosko Auzia liburuari Jean Paul Sartrek egin zion hitzaurrea. Txillardegik euskaratua, ETAren Zutik aldizkarian kaleratu zen 1971an berean. Sartreren jaiotzaren mendeurrenean -2005ean- Markos Zapiainek Sartreri buruzko artikulu bat –M’ongoloon malura– idatzi eta 1971ko hitzaurrea berriz euskaratu zuen.

Jean Paul Sartre garaian kokatzeko asmoz Txillardegik haren heriotzean idatzitakoa gogoratuko dugu, Sartre: lekuko eta gidaria: “Sartre-ren ikuspuntuak, horretara, ezin garrantzitsuago gertatu dira guretzat; Sartre, bere heterodoxia guztien gainetik, errotik egon baita beti gizarte burgesaren kontra. Eta, behin eta berriz erakutsi duenez, eskuarki estimatu ohi diren «ohore»en oso gainetik ere ibili baita. Sartre ez da sekula «la voz de su amo» izan. Eta inork baino hobeki dakigu abertzaleok: ETA krisi betean zegoelarik, eta Burgos-ko Auzi famatua PCEk bere alde manipulatzeko dena prest eduki uste zuenean, Gisele Halimi-ren liburuarentzako bere Hitzaurre bikaina idatziz, sozial-inperialismoaren jokoa agerian utzi zuen. Burgos-ko arazo historiko hura ezintasun ia osoan bizi izan genuen abertzaleok betirako izango gatzaizkio Sartre-ri zordun“.
Jean Paul Sartre gurean sortu genuen 2005. urtean, euskarari ekarritako lanak bertan batu asmoz.

Abe 01 20

Mikel Laboak musikatutako testuekin LP bat

Mikel Laboak hiru ildotan sakondu zuen bere sormen lana: Herri kantagintzaren berreskurapen eta hedatzean, esperimentazioan (lekeitioak) eta idazleen testuen ahairetzean. Bere heriotzaren urteurrenarekin, musikatzeko aukeratu zituen testu batzuekin osatutako LP bat proposatzen dizuegu, jakinik Laboaren kantagintzak euskaldunon belaunaldi askoren imaginarioan duen eraginak mugatuegi ere bihur dezakeela, nork bere LPa duela.

A aldea

Egun da Santi Mamiña
(Gabriel Aresti) 1966
Gaberako aterbea
(Bertolt Brecht) 1969
Izarren hautsa
(Xabier Lete) 1980
Herria eta hizkuntza
(Xalbador) 1980
Martxa baten lehen notak
(Joxean Artze) 1980

B aldea

Lizardi
(Bernardo Atxaga) 1985
Sorterriko koblak
(Joseba Sarrionandia) 1985
Oroitzen zaitudanean, ama
(Joseba Sarrionandia) 1994
Gure hitzak
(Bernardo Atxaga) 1999
Sustraiak han dituenak
(Joseba Sarrionandia) 2005

Emari eta sakonera handiko ibaia harri batetik bestera jauzika zeharkatzeko ahaleginean irudikatu dugu Laboa. Gabriel Aresti musikatu zuen lehenik, artea artearen aldeko aldarri ozenarekin eta klase kontzientziatik euskal poesia modernitatera ekarri zuen hura, Ez Dok Amairun bidelagun izango zituen Artze eta Lete, Arestik itzulitako Brecht, Aresti aitapontekotzat izan zuen Atxaga, Atxagaren bandakide izan zen Sarrionandia. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, gure hitzak esan, ez daitezela gal, ez daitezela ahaztu. Nekez uzte du bere sorterria, sustraiak han dituenak. Oroitzen zaitugunean…

OHARRA: Datak kantak argitaratu ziren urteei dagozkie, ez testuak sortu zirenekoei.

Agenda

Efemerideak

Kritikak