M'ongoloon malura

 

Markos Zapiain

 

        Ez du azalpen berezirik behar euskaldun askok atseginez har dezagun idazle erdaldunak gutaz begirunez, ongi informaturik eta maitasunez aritzea, baina Sartre «merezi putzu tristean sekula betikoz» ito nahi dutenek dioskutenez, idazlea batik bat bere baitako mamuekin ibiltzen da borrokan eta Sartrerentzat eusko gudariak bere betiko etsaia (agintariaren harrokeria, gorroto zuen aitaordearen proiekzioa) jipoitzeko aitzakia bat, beste bat, izan ziren, eta Sartre errudun duzu terrorismoa hauspotzeagatik.

        Ordea, etakide bakoitzak arrazoi desberdinak izan ditu, eta aldakorrak, erakundean sartzeko, euskal literaturak erakusten duen bezala, eta bat ez da noski etakide egiten soilik Sartreren izkribuen ondorioz; gainera, Sartreren xede gorena Burgosko prozesuaren hitzaurrea idaztean ez zen ziurrenik izugileak xaxatzea, baizik egia adieraziz askatasunaren alde egitea, horrelako gauzak esatea gaur egun lekuz kanpoko, atzeratu eta handiputz gertatzen bada ere, ETAren hasieran ez bezala, Rikardo Arregiren eta Arestiren sasoian.

        [Beno, oraindik 1983an gaztigatu zigun Bob Dylanek askatasunak egia behar duela euskarri («freedom just around the corner for you/ but with the truth so far off, what good will it do?», Jokerman).]

        Egia adieraziz askatasunaren alde egin nahi izan zuelako sustatu zituen Sartrek orduko etakideak. Bere aitaorde burgesaren aurkako herra edipikoak ezinbestean eraman zuela agintari frantsesen aurkako edozein oldar eta gaiztakeria itsu-itsuan babestera ez bakarrik ez da egia osoa, baizik egiatik ez du fitsik ere.

        Izan ere, Sartrek bazekien bereizten: kolonizatuen borroka armatu askatzailea aldezten zuen aldi berean biolentzia iraultzailearen aldeko jauzia egiteko gertu ziren ezker muturreko frantsesei bortxarik gabeko desobedientzia aholkatu zien. Kolonizatuak frantses bat akabatzen duelarik, gizaki bi bilakatu dira libre, aldarrikatu zuen Sartrek, gaur egun Frantzian politikoki polita zer den erabakitzen dutenak, Finkielkraut eta, asaldatuz. Kolonietan tiroak bai; Parisen, etxetik hurbil, ez da komeni.

        M'Ongoloon zoritxarra!

        (Lacanekin antzera: geurean borroka armatuaren alde jendaurrean idaztera ausartzen direnen artean batzuek Lacanen izena erabiltzen dute, baina psikoanalistari esker ez zuten Parisen Brigada Gorrien gisako zerbait antolatu, hainbat gazte gartsuki politizaturi bortxa politikoaren beharraren ideia kaskotik kendu baitzien.)

        Psikologismo merke batek ezin azal ditzakeen jarrera kontrajarri horiek ulertu nahi izanez gero ez da ahaztu behar Sartre batez ere fenomenologo bat zela, txit trebea bere aurreiritzi politiko eta sentimentalak parentesi artean ipini eta desaktibatzeko orduan.

        Aurreiritziak egozte azkar horrek egin zuen Sartreren filosofia erakargarri, erabilgarri, berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetako euskal gazte eroentzat, Txillardegirentzat bezala Juan San Martinentzat esate baterako. Zertan lagundu zien existentzialismoak aurreko esentzialismotik, teologia nahiz teleologia askatasunaren gainetik jartzen zuten EAJ eta PCEtik bereizten? Ondo ikusi du L'existentialisme est un humanisme-ren euskaratzaile Juana Atxabalek: askatasunaren bila dabilela, pizgarri ederra zaio nazio zapalduari Sartreren pentsaera. Euskal Herria gerora begira etengabe sortzera bultzatzen du, ez aspaldiko aberri orbaingabe zuria berreskuratzera. Hori ezinduen ipuin goibela duzu.

        Baina, zehazkiago, zer eskaintzen diote Sartreren ideiek askatasun egarri erraietakoari? Oroz lehen, giza denbora ikusteko era berri bat. Batetik, gauza bizigabeak orain dira batik bat, agerraldi-presentzia baitira funtsean. Bizidunak, bestetik, landareak zein animaliak, iraganak (ondoretasunak, genek) ditu determinatzen: aurrekoek egina errepikatzera mugatzen dira karrotak eta zaldiak. Aldi berean gauza eta animalia ere baden gizakiak, aldiz, zabalik du etorkizuna, egiteko baitago, libre izatera kondenatua. Horrek bere burua asmatzeko aukera ematen dio, bizitza eta biologia gainditu egiten baititu proiektuak gauzatzeko ahalmenaren bidez. Gizatasuna funtsean geroa asmatzeko gaitasuna da; horrexek egiten gaitu libre, baina baita arriskutsu ere naturarentzat: horrek ahalbidetu digu adibidez munduaren azala esentzialki itxuraldatzea, industria eta teknikaren bitartez.

        Haurtzaroak, gizarteak, zeruko izarrek, Jainkoak, asturuak, ezin dute geure izaera eta bizimodua osotoro erabaki; geu gara geure buruaren erantzule. Askatasunak karrika gorrira botzen gaitu, zalantza dakar, ezinegona, bakardadea. Egia nahi du Sartrek bere dotrinaren oinarri, ez lilura faltsua edo itxaropena. Halatan, bere baikortasun gogorrak esentzialistek ukatzen dioten duintasuna eman diezaioke gizakiari: Sartrerentzat, kateak gizatasuna ukatu egiten du. Gizabanakoari zein giza taldeari, proiektuak sortzea berezko zaio, proiektu politikoak adibidez. Eta taldeari gizatasuna bera ito egiten zaio, bere proiektu politikoa mamitzeko aukera eragozten zaiolarik, izan dadin iskiluz, izan dadin legez.

 

2005-06-23

 

 

© Markos Zapiain

 

 

"Jean Paul Sartre euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus