Sartre: Lekuko eta gidaria

 

        Jean Paul Sartre hil da. Eta tristura handia senditu dugu askok. Tristura handia bereziki euskal ezker abertzalearen sorreran geure ahalegin guztiak egin ditugunok. Sartre lekuko aparta hiltzean, Sartre irakaslea eta gidaria ere galdu baitugu.

        Ez dakit nik, egia esan, eta filosofia hutsari dagokionez, «L'Etre et le Néant» edo «Critique de la Raison Dialectique» liburuek zer balio duten. Agertu ziren garaian, eta beste anitz bezala, irakur tzen eta ulertzen saiatu nintzen. Filosofo ez garenontzat, ordea, eta gehien-gehienontzat beraz, Sartre filosofoa izan ote da garrantzitsuena? Ez, nik uste.

        Halere nik bi izen eman behar banitu, ene bizia markatu duten bi gidariren izenak alegia, segundu batez ere zalantzarik egin gabe hauek emango nituzke: B. Russell eta J. P. Sartre.

        Zergatik bi horiek? Erantzuna erraza da:

        Kapitalismoaren barruan justizi-biderik ez ikusita ere, estalinismoaren eta marxo-burokraziaren alderdi txarrak jadanik disimulatzeko biderik ez dagoelako. Horixe izan zen Russell eta Sartreren katramila eta kezka-iturri etengabea bizi guztian barrena; eta horixe izan da, etiketa errazegien gainetik, euskal ezker abertzalean mugitzen garen askoren ARAZO NAGUSIA.

        Sartre-ren ikuspuntuak, horretara, ezin garrantzitsuago gertatu dira guretzat; Sartre, bere heterodoxia guztien gainetik, errotik egon baita beti gizarte burgesaren kontra. Eta, behin eta berriz erakutsi duenez, eskuarki estimatu ohi diren «ohore»en oso gainetik ere ibili baita. Sartre ez da sekula «la voz de su amo» izan. Eta inork baino hobeki dakigu abertzaleok: ETA krisi betean zegoelarik, eta Burgos-ko Auzi famatua PCEk bere alde manipulatzeko dena prest eduki uste zuenean, Gisele Halimi-ren liburuarentzako bere Hitzaurre bikaina idatziz, sozial-inperialismoaren jokoa agerian utzi zuen. Burgos-ko arazo historiko hura ezintasun ia osoan bizi izan genuen abertzaleok betirako izango gatzaizkio Sartre-ri zordun.

        Baina Sartre-ri buruz zerbait idatzi nahi izatekotan, nondik hasiko? Zinez, haren obraren gaitza, nahiz filosofi, tea tro eta kritika lanak aipatu ere ez arren, bildu eta laburtu ezina da.

        Sartre gerra aurretik idazten hasi bazen ere (La trascendence de 1'Ego, 1936; L'Imagination, 1936; La Nauseé 1938; eta abar), gerra ondoren iritsi zen, ia behingoan, ospe nabarmenera. Saint Germain de Pres-ko «caveau existentialiste» delakoetan, eta Juliette Gréco kantariaren oihartzunetan, halako «kontestazio» giroa sortu zen. Bizardunak eta ile-luzeak eta narratsak, «existentzialistak» omen ziren; eta gu, 1950 inguruko gazte haiek, frankismoaren harlosa ezin astunago haren azpitik, oso begi onez begiratzen genuen Sartre delakoaren aldera. Eta muga pasa zezaketen pribilejiatuen bitartez, liburu hau edo hura lortzen genuen.

        Bilbon nengoen ni orduan (1950,1951az ari naiz); eta gero «Ekin» taldea sortuko genuenok, «existenzialismo» madarikatu (omen!) hura ikasteko erabakia hartu genuen. Eta Sartre-rekin egin genuen topo horretara; eta haren «en-soi» eta «pour-soi» delakoen labirintoan barrena abiatu ginen. Horra hor haseran ezagutu genuen Sartre.

        Baina Sartre teoriko eta filosofo harekin batera, berehala erreparatu genuen beste Sartre bat: «intellectuel engagé» delakoa; alegia, teorien mundutik praxi politikora «jaisten» zen intelektual ezkertarra. Eta hau ezagutu genuenez geroztik, ez beti nahi bezain gertutik, Sartre izan dugu 30 urtez gidari aparta.

        Hungria-ko arazoaren aurrean segitu dugu, ahal zen bezala bederen; eta Tito eta Castro-ren aurrean; eta Arjelia-ri buruzko arazoan ere bai, eta deskolonizazioan barrena, beti ere zapaldutako herrien alde aurkituz; eta Israeldarren istilu zailean barrena ere bai, batera juduen eta palestinatarren eskubide nazionalen alde; eta 1968ko gertakarietan ere topatu dugu, ikasleen alde eta «gauchista» delakoen alde; eta Burgos-ko Auzian ere bai, jakina, ETA-ren alde argi eta garbi; eta gero marxismoari berari buruzko urruntzea segitu dugu, arretaz.

        «Je sais qu'il n'y a pas d'autre salut pour l'homme que la liberation ouvrière», idazten zuen 1946an. Dudarik ez honi buruz Sartre-ren obran. Eta langileriak, bestalde, oker baldin badago ere, PC delakoetan jarria du esperantza. Hots, estalinismoa ez da xehetasun txiki bat estatu marxista ofizialetan. Zer egin, beraz? Korapilo hau ezin askaturik joan zaio bizia Sartre-ri, PCko ez diren intelektual ezkertar guztiei bezala; «trahir le prolétariat pour servir la vérité, ou trahir la vérité au nom du prolétariat?» .

        Hori dela-ta, oso harreman txarrak eta istilutsuak izan ditu beti Sartre-k Frantzia-ko PCrekin; eta honek behin eta berriz salatu izan du modu guztietara: «burguesa» hitzetik hasi, jakina, eta «payé par l'Ambassade americaine» idatzi arte. Denetatik!

        Sartre, halere, ez da inoiz burgesiaren defentsara lerratu; eta Althusser-ek egun hauetan eman dituen hitzak errepikatuz, «il n'a jamais accepté la moindre compromission avec le pouvoir établi» .

        Ezkertar politika-bide berri horren bila 1941az geroztik abiaturik («Socialisme et Liberté» mogimenduaren bidez), berriro saiatu zen Sartre PC ez zen talde ezkertar eta erradikal bat sortzen. Eta 1948an RDR hura sortu zuenean («Rassemblement Démocratique Révolutionnaire»), ideia hau proposatu zuen gidari: «lier les revendications révolutionnaires á l'idée de liberté» . Gauza bera 19 urte beranduago, 1968ko gauchistekin PCren ezkerrean mogimendu bat sortzen saiatzean.

        Komunistekin, dena dela (edo komunista «ofizialekin», hobeki) tratu-desberdintasunak izan ditu. 1952tik 1956ra arte, Sartre PCtik aski hurbil ibili zen. Hungria-ko gertaeren ondorioz, ordea, PCtik urrundu zen berriro; eta, ideien mailan, marxismo heterodoxo batetan finkatu zen 1968ra arte.

        Azkeneko urteetan, berriz, eta mila lekutan argi eta garbi esan duenez, «je ne suis plus marxiste» esan du; 1978ko XV Filosofo-Biltzarrean (Burgos-en), gazteek «ya no se puede ser hoy marxista» esaten zuten bezala. Hona hemen joan den hilabetean honi buruz esaten zuena; «Le rapport le plus profond des hommes c'est ce qui les unit au dela des rapports de production... Toute la distinction des superstructures, telle que Marx l'a faite, c'est un beau travail, mais c'est entierement faux».

        Tankera horretako esanak bilatzea guztiz erraza da; 1968az geroztik, Europa-ko ezker berri guztia bezala, Sartre ere gero eta kritikoago agertzen baitzen marxismoari berari buruz; eta ez PC ofizialei buruz bakarrik. Honi buruz gure herrian dagoen desinformazioa benetan harrigarria da. Jakina: PCri buruz Sartre-ren posizioa eta «gauchista» delakoena, oso antzekoak dira. Hona hemen joan den hilabetean esaten zuena: «D'un côte il y a l'électoralisme des partis de gauche, qui rend impossible l'idée même d'un changement fort et total —depuis longtemps je pense que le parti communiste est le pire adversaire de la revolution—; et, d'autre part, il y a l'aspect insurrectionnel du gauchisme, et celu-ci aussi a disparu».

        Sartre-k, halere, laburki ikusiko dugunez, neo-anarkismoaren aldera eta asanblearismoaren aldera jotzen du; Bertrand Russell-ek bezala.

        «Je vois une autre cause á cet effondrement: La transformation en partis d'éléments qui étaient d'une certaine maniére de gauche, avant 1914. Le parti est la mort de la gauche». Ezin daiteke alderdien kontra garbikiago mintza; eta erizpide hori 1980, hil baino lehentxeagokoa.

        Azken esperantza, beste askotan bezala, Tito izan zen eta Yugoslaviako autogestioa.

        Baina beti ere, edozein egoeratan, legetasun ez zitzaion Sartre-ri bortxaketa baten legeztapena baizik: «Je ne vois pas d'autre solution que la violence pour sortir de la situation présente. Et je ne parle pas seulement de la violence communiste traditionelle, vis-à-vis de la société capitaliste; je parle aussi de la violence des vrais révolutionnaires d'aujourd'hui contre les faux révolutionnaires que sont devenus les communistes». Eta gero pentsakera sakon hau: «Au fond ce qu'on assume c'est toujours una contre-violence, qui n'est appelée violence que par ceux qui en sont les victimes». Alegia, onartu egiten dena, azken funtsean, beti da bortxakeriaren aurkako zerbait; eta hau nork deitzen du bortxakeria edo biolentzia? Jasaten dutenek eta ez beste inork.

        Baina Sartre, denaz gain, eta Joxe Azurmendik ongi seinalatu izan duenez, nitasunaren aztertzailea izan da, subjektuaren filosofoa; eta honetan Marx-engandik urrun egon da beti. Ez da kasualitatea, horretara, nazio-arazoaz, multzo- «ego» baten azterketa den aldetik. Sartre askoz ere zorrotzago agertzea Marx baino. Eta honetan ez da dudarik: Sartre izan da deskolonizazioaren apostolu nagusia. Burgos-ko Auziaz egin zuen lana dugu froga berri bat.

        Totalitarismo mota guztien salatzaile, nazio zapaldu guztien defendatzaile gartsu eta etengabea, zordun zaizkio Sartreri zapaldutako guztiak: bai klaseak, bai herriak. Eta ez da harritzekoa, horretara Memmi-k eta Sartre-k, azkeneko asteetan egin dituzten deklarazioetan, ia-ia hitz berberez mintzatzea zapaldutako eta baztertutako giza-taldeei buruz.

        Klase-anaitasunaren gainetik, Sartreren ustez, herrikidetasunak ematen duen anaitasuna dago («fraternité» dio Sartrek). Hona zer zioen hitzez hitz; «Le rapport le plus profond des hommes n'est pas le rapport de production... le premier raport est le rapport de fraternité Il ne s'agit pas d'un mythe: la fraternité c'est le rapport de l'espèce entre ses membres. Il y a des milliers d'années, la primière division sociale c'était le clan, caracterisé par son totem. C'etait quelque chose qui enveloppait tout le clan, et qui donnait a tous les membres du clan une réalité profonde.. et ce rapport là c'était un rapport de fraternité. Je veux dire que la grande conception du clan, son unité matricielle, à partir d'une bête par exemple, qui les aurait tous engendrés, c'est cela qu'il faut retrouver aujourd'hui, parce que c'était une fraternité vraie; c'était un mythe sans doute, en un sens, mais c'etait aussi une vérité».

        Horra hor «clan» eta oinarrizko anaitasun horren aldeko hitzak hil baino lehenago. Berriak al dira, egia esan, Sartre-rengan? Ez, nik uste: «il y a un peuple basque et un peuple breton, mais le jacobinisme et l'industrialisation ont liquidé notre peuple: il n'y a plus, aujourd'hui, que des masses françaises» (Le Procés de Burgos, Sartre, 1971).

        Galtzaira handia, beraz, Sartre-rena. Denontzat hori. Baina galtzaira handia batez ere euskal ezkertar abertzaletasunaren ereintzan eta moldakuntzan ari garenontzat.

        Baldinba ugalduko dira Sartre-ren euskal irakurleak! Agian bai, mila aldiz!

 

TXILLARDEGI

 

 

© Txillardegi

 

 

"Jean Paul Sartre euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus