Ken Saro-Wiwaren eguzkia
Nigeriako eta ogoni nazioko idazle eta ingurumen-ekintzaile garrantzitsua izan da Ken Saro-Wiwa. Gaztetan antzerkian jardundakoa, literatur-irakaslea, Nigeriako Gerra Zibilean estatu federalaren alde egin zuen, eta izan zuen administrazioan posturik. Telebista ekoizle arrakastatsua izan zen, baina agintearekin arazoak izan zituen, gobernu militarrarekin oso kritiko ageri zelako. Herri ogoniaren eta haien lurraren defentsan nabarmendu zen 80etatik aurrera —haien lurrak petrolio ustiapenek hondatuak izan dira—, eta naturaren aldeko borrokagatik hainbat errekonozimendu jasotakoa da. Eta baita idazle lanagatik ere, hainbat eleberrik (Sozaboy: A Novel in Rotten English ezagunena, Lemona’s Tale), narrazioek eta antzerki-lanek osatzen dute haren obra. Beste zortzi kiderekin batera haien herriko lau agureren hilketaz salatua, epaitua eta heriotzara zigortua —gezurrezkotzat jotzen diren salaketa eta epaiketa—,1995eko azaroaren 10ean hil zuten, urkatuta. Nigerian bertan protesta handiez gain, Afrikako hainbat estatu eta lider esanguratsuren (Mandela, Mugabe, Arap Moi…) eta Mendebaldeko estatuen kritikak eta bahimenduak, eta baita Nazio Batuen Erakundearen kontrako ebazpena eragin zituzten exekuziook. Urkamendian hil zezaten baino sei urte lehenago Afrikak bere eguzkia hiltzen du ipuina kaleratua zuen, nolabait ere bere heriotzaren iragarpena bilakatu dena. Saro-Wiwa hil zutela 25 urte bete direnean, euskaraz eskaintzen dugu.