Urr 29 06

Etgar Keret: hiru ipuin labur

Israelgo literaturaren izen berrienetakoa da. Iraganeko auziak utzi eta postmodernitatea aldarrikatzen duen belaunaldiko adibideetako bat. Netgar Keret (Ramat Gan, Israel, 1967). Holokaustoaren ondorengo lehen belaunaldikoa. Hebraieraz idazten du. Tzinorot (Hodiak) lehen liburutik arrakastaren mamitan hazia. Enfant terrible etiketa darama: jostaria, ironia krudelaren zalea, lotsagaldua, probokatzailea… Belaunaldi berrikoa izan eta literatura berria dakar: “Israelen beti egin den literatura kolektiboa ez, literatura subjektiboa egin nahi dut”. Esperientzia indibiduala esperientzia kolektiboari gailentzen zaio bere lanetan.

Urr 24 06

Galdu arte iruditan

Juan Luis Zabalaren Galdu arte argitaratu zela 10 urte dira oraintxe. Aitzakia horrekin bildu ditugu Zabalak liburuari buruzko solasaldietan erakutsi izan dituen argazkiak. Azkoitiko gaztetxearen eta Gazte Asanbladaren mobiden inguruan 1984, 1985, 1986 eta 1987 urteetan eginak dira, zerikusi estua dutenak Galdu arte nobelaren oinarrian dagoen giroarekin. Orduko argazkietan ikusiko dituzun gertakari batzuk nobelako pasadizo batzuen oinarri erreal zuzenak dira.

Urr 22 06

Leila Mekki eta Hayet Raies: ahotsak

Tunisiako literaturaren berri eman dute Leila Mekki eta Hayet Raies idazleek Bilbon berriki egin den Poesia Astearen barruan. Bi ahots, bi izateko modu, bi begirada Tunisiatik. Tunisiako literaturaz hitz egin behar zuten: euren poema batzuk irakurri, kantu batzuk erakutsi, Tunisiako literaturaren berri eman. Erreferentziez, errealitateaz, idazten dutenaz aritu dira elkarrekin hizketan, elkar osatzen, elkarri hitza kendu gabe.

Urr 20 06

Sua nahi, Mr. Churchill?

Zer egin ote zuen Ulisek Itakara iritsi zenean? Itsasoan eta munduko portuetan bizitako menturak kontatzeari ekin zion agian? Nolanahi dela, Itakako portuan bertan bazeuden gertatu entzungarririk bizitako garabilariak, estekariak, pilotuak, zamaketariak, arrantzaleak… Portua munduz eta istorioz betea dago, eta badu bere mitologia ere: jainkorik gabekoa, apala, borroka latzetan edertua. Koldo Izagirrek Sua nahi, Mr. Churchill? liburuan portuko heroi anonimoen hamazazpi ipuin argitaratu zituen iaz, eta hementxe dituzu osorik.

Urr 19 06

Paddy Rekalderen nobela berria

Aitaren hiletara Coruñatik Bilbora itzuli den boxeolari ohi baten ibilerak kontatzen ditu Paddy Rekaldek bere bigarren nobelan: Ragga-ragga dator gaua. Urte batzuk badira Joxan Uriartek Galizian bota dituela sustraiak; han jokatu zituen azken borrokak, gimnasio batean lan egitera erretiratuta dago, Bibi lagunarekin bizi da… Baina orain, Bilbon, ostiral sargori honetan, betiko lagunei bisita egiteaz gainera, aspaldiko kontu batzuk argitzeko eta kitatzeko asmoa du. Bien bitartean, Txirene irratian albiste saminak entzuten dira.

Urr 18 06

J.L. Zutagaperen Matxin mungiarra

Bizkaiko bere etxauntzatik abiatu eta, itsasgizon, oinaztar eta ganboatarren borrokak, Lepantoko itsas-guduka eta beste hainbat abentura bizi izan zituen Matxin mungiarrak. J.L. Zutagapek idatzitako izen bereko eleberriaren protagonistak. Euskalzale aldizkarian, 1899an argitaratu ziren atalka, XXtik XXVIIra bitarteko zenbakietan, eleberria osatzen duten 21 atalak. Pillipa Zugatzaga Galartzagoitia zornotzarra dugu Zutagape sinaduraren atzean. Jesuita, Resurreccion Maria Azkueren laguna —gutunketa izan zuten, badira hainbat eskutitz Azkue liburutegian—, P. Segneriren Aita gurea (Jaungoiko-Zale, 1927) erlijio liburuaren euskaratzailetzat ezagutzen dugu, Pillipa Zugatzaga moduan, baina ez idazle gisa. Beste artikuluren bat ere badu Euskalzale-n plazaratua, eta Anjel Zelaietak ere egiten du bere aipua Gabriel Arestiren biografian, idazlearen senide urruna baitzen. Baina gehiago ere idatzi zuen, Zutagapek: XIX. mendearen hondarrean, Matxin mungiarra narrazioa, beste argitarapenik ezagutu ez eta orain Klasikoen Gordailuan osorik irakur daitekeena.

Urr 15 06

Natalia Ginzburg, idazteaz

Urriaren 7an 15 urte bete ziren Natalia Ginzburg (Palermo, 1916-Erroma, 1991) hil zela. Pasa den astean, Palermo jaioterrian eta Erroman hainbat ekitaldi egin ziren Ginzburgen lana gogoratzeko.

Urr 15 06

25 urte Rafael Dieste hil zela

Duela 25 urte, 1981eko urriaren 15ean, hil zen Rafael Dieste idazle galiziarra. Galiziako literaturaren berritzaileetako bat, Galizako Berpizkunde mugimenduan aritua, Espainiako II. Errepublikari atxiki eta erbestea ezagutu zuen. Dos arquivos do trasno (1926) narrazio liburua da bere lanik ezagunena. Koldo Izagirrek euskaratu zuen, Intxixuen artxibotik, eta Elkar argitaletxeak plazaratu. Osorik irakur dezakezu. (gehiago…)

Urr 15 06

Madame Bovary (bigarren emanaldia)

Madame Bovary nobelaren bigarren emanaldia 1856ko urriaren 15ean argitaratu zen La revue de Paris aldizkarian: eleberriaren bigarren zatiko 1-7 kapituluak.

“Ene Jainkoa, zergatik ezkondu ote nintzen?” errepikatzen zuen Emma Bovaryk, bere kabutan, nobelaren lehen zatian. Bigarren zati honetan “Nola aspertzen naizen!” egingo du errepika.

Gustave Flaubert bizi izan zen garaia ulertzeko, Joseba Sarrionandiak Marginalia liburuan (Elkar, 1988) idatzitako “Idazlegoa eta iraultza” artikulua irakurtzeko gomendioa egiten dizugu.

Hamabost egun barru, jarraipena.

Urr 12 06

Joxean Muñozen poemak

Parentesiak etabar poema liburua kaleratu zuen Joxean Muñozek 1984an, Hordago argitaletxearekin, eta estilo handiko poeta aurkeztu zigun. “Bristadak botatzen dituzteneko bitxia da“, zioen liburuari egindako komentarioetako batek. Poemarioa ere halaxe baita, harri-bitxia. Muñozen poesiarako sena 1992an berretsi zen, Begien bizkar kaleratu zuenean (Susa aldizkariko separata moduan argitaratua). 2002an XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bere poesiaren antologia egin zuen Susa argitaletxeak. Orain osorik eskaintzen dizuguna.

Urr 08 06

Beltzen Afrika

Gaur bost urte hil zen Mongo Beti, Kamerungo idazle antikolonialista. Mongo Betiren heriotzaren urteurrenak bide ematen digu Afrikako literaturaz aritzeko. Testuinguru, historia, errealitate ezezagun horretaz.

Urr 07 06

Suarez, Benito, Estankona
eta Madariaga katalanez
sèrieAlfa aldizkarian

Castillo Suarez, Jon Benito, Igor Estankona eta Juan Ramon Madariaga poeten testuak argitaratu dituzte sèrieAlfa Valentziako literatur eta arte aldizkari digitalaren 31. zenbakian. Miren Agur Meabek egin du testuen aukeraketa. Egile bakoitzaren launa poema itzuli dituzte katalanera eta espainierara, eta hiru hizkuntzetan daude testuok. Aldizkariaren sustatzailea ere baden Joan Navarrok egin du katalanerako itzulpena.

Urr 07 06

Peter Panen bigarren atala?

Josu Landa

Asteon jakin dugu Peter Panen bigarren atala argitaratu berri dela, 22 hizkuntzatan, tartean euskaraz. Albistea irakurri nuenean, aski iratzarri gabeko nire neuronei bota nien gaizki ulertuaren errua, eta urrupada luzea egin zion kafesneari. Liburuaren egilea, J.M. Barrie, ez al zen bada aspaldi hil? Nola da posible hark bigarren zatia idatzi izana? Eskuizkribu galduren bat aurkituko ote zuten haren intimidadeko kajoietan? (gehiago…)

Urr 04 06

Iruñeko euskara Beriainen eskutik

Euskarazko obra esanguratsu guztiak Klasikoen Gordailuan erakusteko ahaleginarekin jarraituz, Utergako apaiz izandako Juan Beriainek argitaratu liburu biak eskaintzen dira oraingoan. Izenburu argikoa, Tratazen da nola enzun bear den meza (1621) delakoa XVII. mendean Kontrarreformaren itzalpean argitaratzen den lehenetakoa dugu. Askoz ezezagunagoa (nahiz, betiere, oso aipatua), Hegoaldean Trentoren itzalpeko dotrinen tradizioari ateak ireki zizkioten obren artekoa da, halaber, haren Doktrina kristioarena (1626) ere, (gehiago…)

Urr 03 06

Pablo Sastreren nobela berria

Enpleguaren arbola izena du Pablo Sastreren zazpigarren nobelak. Hogeita sei urteko Mixaren hart-honatak kontatzen ditu; siberiarra da jaiotzez, eta duela urte eta erdi Andoainen bizi da. Inserzio soziolaboraleko programa bat betetzera behartu dute, bestela kendu egingo dizkiote orain dituen diruzko laguntzak. Programak sei hilabete iraungo du: formazio aldi bat, frogazko lan aldi bat, eta azkenean, agian, hartuko dute enpresaren batean. Mixaren lagun Koskak beste asmo batzuk ditu: furgoneta bat hartu eta bidea egitea. Bi zati ditu nobelak, eta zati bakoitzak bere kontalaria. Mixak bere koadernoan idatzitakoek eman diote Enpleguaren arbola izenburua nobelari.

Agenda

Efemerideak

Kritikak