Urr 07 06

Peter Panen bigarren atala?

Josu Landa

Asteon jakin dugu Peter Panen bigarren atala argitaratu berri dela, 22 hizkuntzatan, tartean euskaraz. Albistea irakurri nuenean, aski iratzarri gabeko nire neuronei bota nien gaizki ulertuaren errua, eta urrupada luzea egin zion kafesneari. Liburuaren egilea, J.M. Barrie, ez al zen bada aspaldi hil? Nola da posible hark bigarren zatia idatzi izana? Eskuizkribu galduren bat aurkituko ote zuten haren intimidadeko kajoietan?

Astiro irakurri ostean, konturatu nintzen beste batek idatzia zela “bigarren” zati hau, McCaughrean delako batek. Eta bulegora iritsita, Google-n bilatu nuen garunean neukan nahastearen arrazoia. Eta hortxe, bigarren tokian, the official sequel to Peter Pan by JM Barrie dioen esteka. “Official” horrek argitu zidan korapiloa. Beste klik batzuk gehiago, eta hara! 2008ko urtarrilean Peter Pan dominio publikokoa izango da Europako Batasunean, eta egile eskubideen jabea den Great Ormond Street Children’s Hospitalak diru apur bat bildu nahi du data hori orduko.

Ez dut dirua bildu nahi duen haurren ospital horren kontrako deus zehatzik. Bai, ordea, orohar, oinordekoen kontra. Literatur zirkutuen barruan minbizirik aipagarrietarik direlakoan.

Beste kontua da, zein erraz erori garen marketinaren sareak antolatu duen publizitate kanpainan. Hainbeste segida, egokitzapen eta bestelakoak izan dituen Peter Panek, zer dela eta izango du bada oraingoa, eta ez beste bat, benetako jarraipena, benetako bigarren atala? Hau al da, eta ez beste ezer, Sekula Betiko Lurraldean 1926tik aurrera gertatu zena? Zergatik ez zaio “ofiziala” adjektiboa gehitu “bigarren atal” deiturari, honi buruz hedatutako albisteetan?

Idatzi zure testua

Agenda

Efemerideak

Kritikak