Urt 29 16

Larramendiri omenaldi

Urtarrilak 29 zituela hil zen Manuel Larramendi orain 250 urte. Ahaztu samarra geratu zaigu gizona, erabat gainditua ote daukagun horren segurura ez bada ere. Utzi zituen apurren ederra ikusirik, tamalgarritzat jo izan dugu jesuita handiak euskaraz gehiago idatzi ez izana. Baina, norentzat idatzi behar zuen, kristau zintzoentzat? Larramendi zintzoa ez baina gaiztoa zen, euskarari erdaraz iseka egiten ziotenen mailakoa, eta haientzat idatzi zuen gaizto hainbat burla eta, bereziki, gure lehen gramatika eta, latin-gaztelania-euskara hiztegia. Adar aldetik jotzen zuela igarri zioten burloso haiek, ez horrela euskaldun zintzoek: berak sinesten ez zituenak sinestarazi zizkion gure idazle ez gutxiri. Horren eredu polita dugu Domingo Agirrek Larramendi jaio zeneko bigarren ehunkida zela-eta Donostiak antolatu zituen Hitz Jostaldietan aurkeztutako lana, oharkabeko (uste dugu) kritika bihurtzen dena egungo irakurleontzat. Horrekin batera dakartzagu Arzak, Iñarra, Antia, Arrese Beitia eta Jose Artolarenak. Eta Jose Lopetegi eskultore ugariak 1966an eginiko omenaren argazkia.

Urt 27 16

Lekuonaren Mindura gaur

Iragan mendeko 60ko hamarraldiari zegokion moldean argitaratu zuen Juan Mari Lekuonak bere lehen poema sorta: ziklostilean, hots, langileek beren testu klandestinoak ateratzen zituzten apaltasun berean, multikopistaz, idazteko makina arruntetik folio arruntera.  Mindura gaur (Donostiako Apaiztegia, 1966) euskal gizarteak bizi zuen krisiaren isla dugu gaiez eta egileak gaiekiko daukan jarrera aurrerazaleaz: jainko bat ukatzen du jainkoa bilatzeko, bilaketa horrek justizia soziala du ezinbesteko. Garrasirik ez ordea, apaltasuna nagusi, ideiak sakon, baretasun indartsu bat, sentimenduek erroa luze. Apaiztasuna bizi du eta apaiztasuna dario. Hori ez da arazo poetika bat egiteko («Jainkoa hil da» poema luzea dukegu froga), baina poemaren kalterako izan liteke apaiztasuna zeharrez ageri denean, apaizkeria ageri denean (lana eta fabrika hartzen ditu ahotan, baina ez langilea, pobrea baizik; ez du emakumea, emakumearen bekatua alegia, epaituko, barkatu baizik…). Hizkera poetikoari dagokionez, gustu ona hitzen eta irudien hautuan, erritmoaren grazia, ahozkotasunaren hurbila, orduantxe sortzen ari zen kantagintza herrikoi eta kultu baterako eredu. Joan den abenduan 10 urte Juan Mari Lekuona hil zela, duela 50 urte argitaratutako poema haiek ekarri nahi izan ditugu akordura, lekuko ez ezik protagonista ere badirelakoan.

Urt 21 16

Beltzaren koloreak,
Jon Alonsoren saiakera

Nolakoak ote dira nobela beltzetako protagonistak? Azken ehun urteko 25 bat idazle nazioartekoren 150 liburu inguru irakurrita, Jon Alonsok ohar eta iritzi argigarri batzuk eskaintzen dizkigu Beltzaren koloreak saiakeran. Larunbat honetan (H)ilbeltza jardunaldietan liburua aurkeztu aurretik eskaintzen dizugu sarean. Nobela beltza gertaera kriminal bat ikertzen duen narrazioa da funtsean. Jatorrian, gizartearen gaineko begirada kritikoa proposatzen du, detektibe baten bitartez, helburuetako bat baita ordena zaintzeaz arduratzen direnen ustelkeria, gehiegikeria eta moral eskasa azaltzea.

Urt 15 16

Ashraf Fayadh-en
hamazazpi poema

Saudi Arabiak heriotzara kondenatu du Ashraf Fayadh idazle palestinarra, poema liburu batean argitaratutakoak kaltegarritzat jo dituelako. Fayadh askatzeko eskatuz urtarrilaren 14an mundu mailako elkartasun irakurraldiak egin zituzten 29 herrialdetan, 76 ekitalditan. Euskal Herrian bi errezitaldi izan  ziren: Euskal PEN klubak Donostiako Garoa liburu-dendan; eta Iruñean Katakrakek antolatutakoa. Ashraf Fayadh-en hamar poema euskaratu ditu Ignazio Aiestaranek, eta beste zazpi poema Leire Azkargortak eta Urtzi Urrutikoetxeak.

Urt 14 16

Bigarren (H)ilbeltza astea Baztanen

Nobela beltzari buruzko (H)ilbeltza jardunaldiak egingo dira urtarrilaren 18tik 24ra bitartean Baztanen, bigarren urtez. Hitzaldiak, solasaldiak, liburu aurkezpenak, irakurraldia, zinema… egitarau zabala izango da, parte hartuko baitute: Xabier eta Martin Etxeberriak, Harkaitz Canok, Xabier Olarrak, Miel Anjel Elustondok, Jon Arretxek, Gotzon Barandiaranek, Koldo Almandozek. Eta Jon Alonsok Beltzaren koloreak liburu berria aurkeztuko du. Antolatzaileek blog bat zabalduko dute, espreski nobela beltzari buruz arduratuko dena urte osoan.

Urt 11 16

Susaren webgune berrian 10.937 orrialde

Susa literatura argitaletxeak webgunea berritu du urte hastapenean. Liburutegi ireki bat duzu, 156 idazleren obrak eskaintzen dituena irakurtzeko; eta aldi berean erosketarako tresna bizkorrak, bai paperezko argitalpenak bai ebookak eskuratzeko. Denera 325 literatur liburu ageri ditu, 1983tik gaur arte plazaratuak, eta gehienak osorik on-line emanak. Horrenbestez, poemak, saiakerak, antzerkiak, ipuinak eta nobelak irakurtzeko 10.937 testu-orrialde bistaratzen ditu oraintxe, bai eta ere 267 audiozko artxibo idazleen ahotsez grabaturik. Literatur zalearentzat pentsatutako liburutegi birtuala izan nahi du Susaren webguneak.

Urt 10 16

Batxiren heriotzaren mendeurrena

Bizi-grina, bizi-poza, bizi-gatza dastatuko dugu Juan Bautista Bilbao Batxiren kronikak irakurriz: lotsa gutxikoa kontaeran, umorekoa jarreran, herrikoia idazkeran. Izatez ere, horrelakoa zen: ekina, alaia, eskuzabala. Horregatik zuen idazlerik begikoena Kirikiñok zuzentzen zuen Euzkadi egunkariko euskal ataleko kronikarietan. Horregatik eta Lehen Mundu Gerran lerro batetik bestera zebilelako gure armadoreen kapital metaketa azkartzen urpekontzi doixtarrez beteriko Atlantikoan. Batxiren gaiak, lehortar hutsa izan balitz, hizkuntza eta aberria ziratekeen. Baina marinela ere bazenez, portuz portu ikusten zuena hartu zuen kronikak egiteko estakuru: tipoak, tabernak, munduko aurrerapenak, gosea, gerraren ondorioak… Idazle sen aparta zekarren gazte honen abenturak eta idatziak hainbat joan-etorri egina zen itsasoan amaitu ziren oraintxe 100 urte. Oroi eta omen, Batxi Kirikiñorenean izenaz lotu ditugu maisu zaharrak ikasleari eginiko aipamenak.

Urt 09 16

Lopez Alen gerraren kontra

Urtarrilaren 9an 150 urte sortu zela liburutegiko zuzendari, margolari, argazkilari, idazle, Euskal-Erria aldizkariko zuzendari izan genuen Donostiako burgesia euskaltzalearen eredu hau: Frantzisko Lopez Alen. Beste askok bezala, gure hizkuntza ederraren alde eta gure kontzientzia zatarraren aurka erdaraz egin zituen proklamen arabera, behar zukeena baino zatiaz gutxiago eman zigun euskaraz. Seguru aski, «behar zukeena» esatea gogortxoa da hiriko kronikaria ere izan zela egiten badugu kontu, titulu horrek, ezinbestez, hiriaren historia hizkuntza nagusian ez baina hizkuntza ofizialean idaztera (ezin konta ahala artikulu) behartu bide zuen. Esan dezagun, bada, seguru aski «nahi zukeena» baino gutxiago eman zuela euskaraz. Arbasoen hizkuntza maitagarrian idazteko, lehiaketak zeuden. Mordoa irabazi zuen. Bertso multzo horrek estali egin du zenbait perla, hala nola gaur eskaintzen dizuegun Ez gerrarik, gure ipuingintza modernoaren abiatzeko urrats garrantzitsuetako bat. Frantzisko Lopez Alenek bazeukan eskua prosa lantzeko, eta are fikziozko prosa. Tamalez, ordea…

Urt 06 16

Louise Michel idazle

111 urte datorren urtarrilaren 9an Louise Michel hil zela. Adimentsua, landua eta bihotz onekoa, irakaskuntzan aurkitu zuen betetzeko lanbidea. Uko egin zion ordea Inperioak eskatzen zuen leialtasun zinari, eta eskola libre bat ireki zuen. Poemak argitaratzen hasi zen, eta Pariseko literatur zirkuluak ezagutu zituen. Langileen aldeko bazkunetan jardun zuen, eta Pariseko Komuna izango zenaren aurrekarietan eta matxinadaren gogorrenean borrokatu zen (1871), hala azpiegituran nola karrikan bertan. Deportatu egin zuten Kaledonia Berrira 1873an, eta han sendotu baino ez zitzaizkion egin zigorrera eraman zuten ideiek: hil arterainoko militantea eta idazlea izan genuen. Iraultzaile anarkistaren ereduetako bat bezala aitortua bada ere, ez da hain aipatua idazle gisa. Klasikoetako bat da, bai, baina «literatura politikoan». Horregatik ekarri nahi izan diogu euskarari, idatzi zituen memorietan une historiko baten zuzeneko testigantza emateaz gain kalitate estilistikoek eta idazkeraren indarrak —hautatu dugun pasartea froga— «klasikoa» bihurtzen dutelako besterik gabe, gure ustez. Emakumezkoa izateak esplika lezake zer edo zer bihotz oneko bazterketa hau.

Agenda

Efemerideak

Kritikak