BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1914-07/1915-08
armiarma.eus, 2016

 

EUSKAL IDAZLEEN BAZKARIA

 

       Atzoko idazkian Batxik agertu eban asmoa, euskal idazle guztiok egun batean alkartzeko nonbaiten, guztiz ederto eretxi jatan.

      Hautsak daukoz honek gure Batxik!

      Ni gertu nago ba; eta izentau egizue herria eta eguna. Eraldu (organixau) egizue gure jai hori. A, ze poza izango dan euskeraz hitz egin ahal izatea hainbeste anaiekin!

      Baina ni buru ez, ezetara be. Ikusiku ea nok ipinten nauan ni buru! Lehenago izango da han burrukaldi ikaragarri bat, hori nik itxi baino.

      Gaurko izparrakaz ez daukogu lekurik gehiagorako, eta bihar edo ekingo dautsagu arlo honi.

 

* * *

 

      Gizonak, jakitun zagoze Batxiri otu jakola guztiok alkarregaz bazkaldutea. Asmo polita da, eta batzuk erantzun dabe poz-pozik dagozala eorretarako; harainegun Barainkak urratu eban baietz esanaz; egunokaz hemen daukodaz Urni eta Zargasteren gaztiguak (abixuak) be; nik uste dot asko egongo dirala gertu.

      Baina Batxi joan dan ezkero, bera izanik asmatzailea eta ganera idazle errimea... baderitxozue itxi egingo dautsogu asmo horreri Batxi etorri arte. Agertuko da hemen sarritxu, ba bera dabilen ontzi hori ez da handi-handia, «Bayo» da; eta Ameriketara eta urrinetara barik, hemen inguruan ibiliko da, Ingalanda-Frantzia-Espainia-Portugal, eta Euzkadira joko dau, ontzi hori hemengoa da ba eta.

      Guk egin geinkena da alkar hartu non izango dan alkartze hori eta inoz dakigunean Batxiren ontzi hori Bilbaora datorrela, orduantxe eguna izentau, eta bera heldu daitenean esan: Tira, Batxi, gaioazan ulizein tokira igandean, hara batuko dituk gure anaia euskal idazleak eta.

 

* * *

 

      Batxi hurrengo Bilbaora datorrenerako gertauta eduki behar dogu non eta zenbat bilduko garan. Bera Bilbaoratu, eta hurrengo jai edo igandean izango da, nahiz gitxi nahiz asko. Etorteko ustea daukenak esan begie euren baia, eta adierazo zein herritan nahiago daben.

      Orain arte Urnik eta Barainkak eta Belumenduk esan dauskue atsegin izan jakela alkarregaz bazkaltze hori hemen idazten dogunoi. Horraitino, ez dabe izentau bazkal-herria (neu oker ez banago).

      Atzo etorri jatan Biritxillagatar Josebaren idazkia arazo haunetzaz, eta honek, argi eta garbi eta artez, aiko-maikoetan ibili barik, bere eretxia honetara adierazten dau:

      «Nik dinotsat (Belumenduri) Zornotzan izango litzatekela ondoen neure eretxiz; Gernika aldeko idazleok datozala bultzian, Bilbao aldekoak be bai, eta geuk, goi aldekook be horraxe joko dogu Donostitik datorren bultzian sartuta.

      Batxik honantzakoan eupada bat egin daiola Enbeitari be».

      Honek esan dau berea.

      Orain neu noa neureaz. Nire aburua da bildu behar garala Bilbaotik Donostirako burdinbideko herri baten; bide horixe da lekurik onena Bizkaia eta Gipuzkoako alde guztietakoak errazen biltzeko. Zornotza herri egokia da zio askogaitik; batetik ondo eta merke jateko herri ona, bestetik Gernika aldeko eta Arratia aldekoentzat goiz etxeratzeko ondo, eta bestetik izparringian lan egiten dogunentzat ia behar-beharra, urrinago joango bagintzaz ba, Bilbaoratu eta bertan apaldu eta gertau orduko lanean hasteko berandu egingo litzakigu eta.

      Beraz, bi gara Zornotzarakoak: Biritxinaga eta neu.

      Hasi zaiteze ba esaten zeuena, baina arin, hor albora begira egon barik, etorteko ustea dozuenok. Neuk hementxe erabiliko dot aburu zenbakuna.

      Zeuen aburua agertu baina hitz gitxitan honetara lez: «Nik, urliak, halako herritan gura dot», eta kitu. Sartu estalgi barruan, ipini beroni ganean «Original para imprenta», eta zentimo-laureneko seilu txikia, eta bota korriora estalgia zarratu barik.

      Jaungoikoarren! Ez eistazue sermoerik bidaldu non gura dozuen esateko.

      Sermoiak han esango doguz, biltzen garan herrian; han ezpanetatik agiriko da bihotzetan gainezka daukogun maitasuna euskerarako, anaiak anaiakaz gogozko hartuemona edukiko dogula; han geure ele garbi honeri emonik beroni dagokion goralbena, pozezko ikareaz igituko doguz geure asaba antzinekoen hazurrak euren hilobietan: han zin esango dogu sutsu geure ele txukun onetan aintzaldu gura dogula Jauna, geuri honantxe dagokigulako; han gogortuko gara geure abenda-ele hau aldeztuteko beti, geurea dalako Jaunak emonda; han deadar egingo dogu gozaro eta sendaro: Gora euskera garbia!

      Gizonak, ea ba.

 

* * *

 

      Atzo hartu nebazan ingitxu bi Gernikako Belumendu eta Durangoko Urni izenordedunenak. Honeek dinoe euren aburua dala Zornotzan egitea gure batzar eta bazkaria. Oraintxe gomutetan dot Batxi berberak be herri horixe izentetan ebala lehenengoz bere asmo hau adierazo euskunean hemen.

      Beraz, honezkero bost gara bazkarira joateko gertu gagozanok eta bostok Zornotza autatu dogu.

      Gitxi garala? Eta guri, zer? Ondino gehiagok hots egingo dauala eta nago, baina izango ez balitz be, ardura gitxi guri alkarregaz ederto bazkaldu eta euskeraz hitz eginaz abendeari zor dautsoguna ordaintzeko.

      Batxi, Biritxinaga, Urni, Belumendu, eta nerau, hara orain arteko bazkalkideak.

 

* * *

 

      Galdakaotik esan dabe Lurrobi eta Lukik ondo deritxoela Zornotza bazkari hori egiteko, eta eurak be gertu dagozala etorteko.

      Honeek idatziz dinoskuena, ahoz esan dauskue Bilbaon bizi diran Amilgain, Arrugain eta Lezkainek.

      Beraz, orain arte gara hamar: Batxi, Biritxinaga, Urni, Belumendu, Luki, Lurrobi, Amilgain, Arrugain, Lezkain, eta nerau.

      Ondino gehiagok hots egingo dabe, neuk uste; baina oker handi baten banengo be, hamarrek ia, zalaparta puskat atara daikegu.

 

* * *

 

      Lehengo astelehenean esan genduan hamar gineala bazkari horretarako gertu gengozanak.

      Ordutik hona gehitu dira honeexek: Mirena Donostikoa, Zinkunegi osalaria, Axe, eta Imanol. Beraz hamalau gara.

      Asko eta asko dagoz ondino gure izparringi honetan idatzi dabenak; gomutau baino ez daukazue lehengo egun baten Batxik agertu eban erreskada handia.

      Honeen artean asko dira lekaide eta jaupariak, eta honeek ezin leitekez etorri. Eurotarik batek, M. B. S.ek, idatzi daust, etorri ezin izango dan arren bere gogoa geukin egongo dala, eta opa dausku egun alai onuratsu bat. Eskerrik asko, jauna eta adiskidea; aske bazengoz badakigu etorriko zintzakiguzala.

      Beste batzuk, jantzi laburdunak izan arren, euren herrietako jauntxo edo kazikearen beldur-beldur dira, gure bazkarira joan ezkero igarriko dautsiela nor dan, eta gero barregarri erabili; horregaitik dagoz isilik. Honeetariko bat da Txinuelo Mainarikoa. Beronen gaixoa nor dan jakingo baleutsoe! Errekies... Katin... patze, gure herriko sankristauak esaten dakian lez. Euren buruen jabe ez diran honeetariko idazle gixajoak be ezin jakuz etorri. Hurrengo baten, sokapetik urtenda badagoz edo, etorri ahal izango dira. Euren gogoa badakigu geuretarra dala eta... tira.

      Beste batzuk dagoz nagiak, geugaz etorteko gogoa dabenak, baina ingi zatitxo  baten esateko badatozala gauza ez diranak; honeetarikoak irakurri dagienean «honen egunetan dok», dapa! agertuko dira eguerdirako bazkari lekuan esaten: «Hemen nator ni be, mutilak». Baina jazo leiteke guk aurreztik aginduta eduki honenbestentzako bazkaria, eta gariez datozanak gugaz batera mahaian ezin jesartea, gehiagorentzat bazkaririk gertauta egongo ez dalako.

      Nik, benetan dinot, uste neban askozaz gehiago bilduko gineala. Zer egingo jako? Garanak garala, egin gure bazkari hori; gitxi izan arren zintzoak bagara ez da ardurarik.

      Bayo ontzia dago, atzoko Euzkadi-n eta gaurkoan be bai ikusi daiken lez, Ingelandako Middlesbron zama-ixten hile onen hamahirugarrenetik; laster alde egingo dau handik, eta honantza badator, zain egongo gara, eta hona helduko dan hurrengo iganderako iragarriko dogu batzarra, eta egin eta kitu.

      Eta inok esango baleu ea Imanolek noz euskeraz idatzi dauan erantzungo jako bazkaria izango dan eguna baino lehenago idatziko dauala, eta berak ez dau uste, baina ondo.

      Lehengo egunean Batxiren izen erreskadan Zarrontzale be agertu zan; honek ez dau idatzi behin be, baina bai idatzi eragin; eta haugaitik eta Batxik izentau daualako, etorri daitela gura badau; harrera ona egingo litzakio baletor.

 

* * *

 

      Harainegun esan genduan hamalau ginala Zornotzan bazkalduteko gertu gagozan euskal idazleak.

      Atzo irakurriko zenduen Elgoibarko Urkiagaren idazkia gure izparringian; ha gertu dago, eta beraz hamabost.

      Baina bart hartu nebazan idazkitxo bi: Eibarko Zargastena eta Portugaleteko U-tar J.-ena, adierazorik eurak be badatozala.

      Honetara hamazazpi gara. Ederto, mutilak! Bajoak aurrera!

 

* * *

 

      Gaurko idazkian dino Batxik «hemetik hamabosterantz urtengo dogu horrantz», eta idazkia da hamaikagarrenean eginda. Orain neuk ez dakit zehatz zer esan gura dauan, ala egun hartatik hasi eta hamabost egun geroago, ala hile honen hamabostean dala urtetea; batetik bestera hamar egunen aldea dago.

      Hamaboskarren egunean urten badira, datorren astean hemen da Batxi bere txokor, bere txilibitu, bere piperpote eta bere kapela zuriagaz, honez ganera beste gauzaren bat ekarri ez balei, Galiziako gaitaren bat edo. Hamabost egun geroago bada, orduan hile honen azkenean edo hurrengokoaren lehenengoetan ageriko da.

      Bera datorrenean berehala aginduko dogu bazkaria Zornotzan, eta izango ez dan lez ministro plenipotentziarioen banketea, egun bat edo bi aurreztik aginduta be laster gertauko dauskue, pilo handia be ez gara eta.

      Hara zenbat eta zeintzuk gagozan izena emonda han alkarregaz jateko:

      Batxi, Biritxinaga, Urni, Tabira-tar, Belumendu, Luki, Lurrobi, Amilgain, Arrugain, Lezkain, Mirena, Z. osolaria, Axe, Imanol, Urkiaga, Zargaste, U-tar J., Barainka, Egi-Alde, Txori-Erreka, Kardantxillo, Pizkunde-Zale, Enbeita, eta nerau. Guztira hogeta lau.

      Ai! Ahaiztu jat ia. Gaur Egunekua honetan agertzen dan Sollubeko Sorgina be badator, eta holan hogeta bost gara. Gibelpe Bermeokoak esan euskun ez dakiala ondino etorri ahal izango dan, eta gaztigauko ebala egun bat edo bi lehenago.

      Zarrontzale-ri dei egin eutson lehengoan Batxik, esanik ondo hartua izango litzakela. Bai arraietan! Baina ez da etorriko, alde batetik abadea dalako eta abadeak igandetan zeregina eduki daroe bakotxak bere eleizetan, eta bestetik gu lako hereje-tzarrakaz gura izango ez leukelako batu. Hor konpon; badator, harrera ona egingo jako, ez badator geure errazioneak garbituko doguz pake eta amorio santuan... eta kitu. Zer egingo dautsozu ba! Errekara itxi buruari? Ez horixe!

      Euskal idazle neure lagun maite horreek, zuhur eta zain egon zaiteze ba datorren astean izparringi honetan jakiteko noz eta zein etxetan egingo dogun bazkaria, eta hazurbakoa ondo gertauta eroan, barriketaldi galantak egingo doguz egun horretan eta.

 

* * *

 

      Lengoan zenbatu nebazan hogeta bost lagun bazkari horretara joateko gurari diranak.

      Gaur bi gehiago ezarri behar dautsedaz: Baztandarra, eta Aizkibel-tar Bingen. Beraz hogeta zazpi gara.

      Atzo hartu neban Batxiren idazki bat, bihar argitalduko doguna Jainkoa lagun, ille onen hamaseian egia. Honexek argitzen daust lehengo egunean adierazo neban ezbai edo duda; ez dira urten hamabostean, eta ez dino ezer urtekuntzeaz; beraz datorren igande edo astelehenean urteteko izan behar dabe, eta handik honako bideari bost bat egun jo ezkero azilaren lehenengorako dira hemen, okerrik ez bada.

 

* * *

 

      Datorren igandean, hile onetako hogeta bostean, egin beharko dogu ba geure bazkari ospetsu hori. Batxik dinost atzo helduriko idazki baten, gaur, hogeian, urtengo dirala Lisboatik, eta Bilbaora joko dabela hogeta hiruan, bariku edo ostiralean, eta berak dino igandean egin beharko dala. Bai ba; bere ontzia hutsik dator, eta berehala zama hartzen hasiko da, eta hurrengo astea amaitu orduko beharbada itsasoratuko da barriro, batek badaki noz atzera etorteko.

      Esango dogu leku honetan Zornotzako zein etxetan izango dan bazkaltokia eta zein salneurrikoa.

 

* * *

 

      Gaurko Zumarragatiko idazkian Elaire-tar Sinborenek adierazten dau berak Zornotzara baletor esango leukezanak. Asmo ederrak dira, batez be, Euskal Begiratzaile-Bazkunarena; hauxe egokia izango litzake, eta uste dot gaurtik laster beharra be izango dala, hitz barriak guztiok batera erabili daiguzan; ibili ez gaitezan batzuk alde baterantz eta besteak besterantz, eta indarra eta astia galdu horlan.

 

* * *

 

      Horretariko asmakizunak erabagi eta aurrera eroateko neuk uste dot Zornotzan bilduko garanok ez garala. Ez neuke gura inor mindu, baina nire aburuz, Axe alde batera, beste enparauok ez gara jakintsuak euskereatzaz; euskal idazleak eta euskaltzaleak bai, euskal jakintsuak ez. Eta horrelako arazoetan sartzeko jakintsuak hobe litzakez; eurak erabagi eta guk jarrai.

 

* * *

 

      Bihar hemen da Batxi, okerrik ez badauke bidean, eta igandean egin behar gure hainbeste bider aitaturiko bazkari zorionekoa... Hau dok hau! Ondino gertetako jaukaguk eta!... Arrano gorri-gorri bat!

      Gizonak ba!... Atzo goizean ohe epeletik urten nintzan nagika-nagika, eta begiak handi-handi nebazala, San Anton ondoan sartu nintzan tranbian, eta hor naioak Zornotzarantz gudako bateko biribilak iruntsi eta iruntsi.

      Lemoan ba daurkit adiskide maite bat Zornotzarantz datorrena bera be. Ditantsot jatetxe on bat, jabea abertzalea dana. Darantzust: Horra, hortxe daukozu.

      Sartu, eta itundu neban jatetxe jabeagaz gure bazkaria honetaraxe: Hiru lapikoko (indaba, aza), arraina (badago) edo makailu on-ona ostantzean, bizkarki okelea, oilaskoak, igaliak (mahatsa, sagar), gaztaia, txakolin zuria edo gorria eta ardaoa, akeita, txol betena edari gogor. Hamazazpina erreal ordaintzea dagokigu bazkari horregaitik.

      Jatetxe au dago Zornotzako Jel-Batzokia dagoan etxean bertan, Batzokia baino oin bat beherago.

      Badakizue ba non, zer eta zenbat dan bazkaria. Ordua... nik uste dot eguerdian dala ondoen.

 

* * *

 

      Nik lehengo egun baten argitaldu neban Zornotzarako baietza emonda dagozan idazleen izen erreskadea.

      Horra ba, atzo Lurrobik inostan bera ez datorrela eta ez dauala esan etorriko danik be; horrez ganera, Biritxinagak dino ez nebala aitatu Txindurri...

      Arraio-arraioa! Ez ba; oingoan ondo kontau (zenbatu) behar joadaz ba.

      Eta, hilabete eta erdi honetako izparringi guztiok mahai ganera atara eta hemen ibili naz bila eta bila ahalik zehatzen... okerren bat egin ete dot? Baleiteke, Adan zanaren kastakoa alperrik ez naz eta.

      Hara zeintzuk diran:

      Batxi, Biritxinaga, Urni, Belumendu, Amilgain, Arrugain, Lezkain, Z.-tar osalaria, Axe, Imanol, Urkiaga, Zargaste, U-tar J. Portugaleteko, Egi-Alde, Barainka, Txori-Erreka, Kardantxillo, Pizkunde-Zale, Tabira-tar, Enbeita, A-tar J. Muxikako, Txindurri, Sollubeko Sorgin, Baztandarra, Aizkibel, U-tar A. Zornotzako, Legarda, Urkiazelai, Luki, eta nerau.

      Zumaiako Emengoak eta Bermeoko Gibelpek inoen ahal baeben etorriko zirala, baina ezin leiela gauza osorik esan.

      Beraz, hogeta hamaika, 31, gara.

      Lehenengorako polito da.

 

* * *

 

      Eup! Eup! eta... Eup!!

      Aurreko guzti horreek idatzita gero, heldu jat eskuetara Batxiren idazkia, eta dinost urten zirala Lisboatik astelehen arratsaldeko lauretan, eta mustur aldeko haizerik edo edukiten ez badabe gaur arratsaldean helduko dirala hemengo iztate edo portura.

      Baina... hauxe jagok ba!... Lisboan oraintsu izan da zaratea gangeri edo cólera egoanarena, eta ez da ezer izan; baina hango kontsul espainiarrak osasun-agiria (patente de sanidad) ez dautsela emon ez garbi eta ez lohi, ezbaikoa; eta haugaitik jazo leitekela hemen Bayo ontziari sartzea ez ixtea egun batzuetan, eta Batxik dinost gaur arratsaldean neuk itandu dagiodala Portugaleteko Itsas-osalariari (a Sanidad Marítima) ea Bayo barrura datorren ala egun batzuetako gelditzen dan.

      Egin dot ba jakin-bilatze hori, eta bihar goizean esango dautsuet zer izan dan. Batxi barik ez goaz; itxarongo dautsogu hurrengo igandera arte. Ezta?

 

* * *

 

      Gauzak oker urteten hasten diranean...

      Atzo arratsaldean urrutizkinez itandu neban Santurtzeko Itsas-osakuntzara (Sanidad Marítima) eta erantzun eusten Bayo ontzia kaian egoala; Bilbaotik joan behar ebela Itsas-osakuntzakoak bera ikertu eta keztuten, eta gero erabagiko ebela honeek, ontzia lazaretoan ipini ala ibaira sartzen itxi; ez ekiela noz joango ziran osalari ikerle horreek eta ketzaileak, ia bostak zirala eta ez zirala ageri, inoz jazo dan lez biharamonerako itxiko eutsoen be ez ekiela, eta hau eta hori eta bestea.

      Gerotxuago deitu neban Bilbaoko Itsas-osakuntzara, eta handik erantzun eben osalariok eta ketzaileok joan zirala Bayo ontzira.

      Geroago deitu neban Santurtzeko osakuntza-landolara (ofizinara) eta inok erantzun ez; deitu orduan Bilbaokora eta emen be bapez; antza danez, bostetatik laster ateak itxi ta, or konpon! alde egiten dabe lanari ostikadea emonda.

      Orduan deitu neban ontzi jabearen etxera eta emakumeren bat, katua lakoxe abotsaz, jarri zan tramakuluan eta Bayo ontzia aitatu neutsaneko, dri-dra! ebagi eustan hitza eta esan eustan ugazaba ez zala Bilbaon eta eurak ezer be ez ekiela, eta klank! eskegi eban entzukaia eta kitu, lehen adinean.

      Geratu nintzan ba jakin ezinik gure Batxi bihar lehorreratuko dan ala kaiolan itxiko daben egun batzuetarako.

      Ba, gaur goizean goiztxo jagi eta neu noa ontziaren bila, eta neurez jakingo dot behar doguna, eta bihar larunbatan esango dautsuet hementxe.

      Bihar arte, beraz.

 

* * *

 

      Beste bi gehiago daukoguz bazkari lagunak: Bermeoko Gibelpe, eta Gernikako Txamorro.

 

* * *

 

      Atzo goizean jagi ohetik neure egunoroko taria baino ordu bi lehenago, eta begiai igurdika eskuakaz sartu nintzan Portugaleteko bultzian (trenean). Hara heldu eta bertako nasa musturreko torrean itandu neban behar nebana eta erantzun eusten Bayo ontzia goizeko seietan sartu zala ibaira. Hau jakinda nasaitu jatazan barruok eta bihurtu nintzan Bilbaora; joan nintzan telegrafora edo urrutidatzera (??) eta bidaldu neutson izparra Zornotzako jatetxe jabeari, esanik ipini dagiala bazkaria eta hiru-lau leku gehiagorentzako.

      Beraz, mutilak, bihar eguerdirako hara jo. Bazkalduko dogu bake hta amodio santuan, eta gero hitz egingo dogu geure gauzetzaz. Txamorro-k inoan atzo, hitz egite hau hobe zala bazkalaurretik. Ondo bazkaldu eta gero giro edo aro ona izaten da ba barriketan egiteko; bazkalduta, urdailak zeregina edukiten dau bota jakon jatekoaz, eta burua orduan aske egoten da berak gura dauan lekuetatik ibilteko.

      Arratsaldean idazkola onetara etorri nintzanean Batxik deitu eustan Barakaldotik urrutizkinez eta hitz egin genduan. Gertu dago bera be biharko.

      Txokorrak, makarrak... zelan da gero? Ai ene, txilibitua ez da niretzako! Zer egingo jako! Inoz musikea jo gura izan daidanean... violon-a eskatu beharko dautsot... nori? Neuk dakidan vascuentzista accerrimo-a dan baten bateri.

 

* * *

 

      Jas! Egun ederra igaro genduan atzo.

      Eguerdirako han ginean guztiok, Batxi izan ezik; hau be hamabi eta erdietako tranbian agertu zan, bere txilibitu eta txokor eta abar; eta geroago, sartu ginean jatetxean, jesarri mahai ederto gertaurikoan, eta bazkaldu genduan bake eta amodio santu baten.

      Ederto bazkaldu be. Gauzea ugari eta ondo ipinita izan genduan. Txalo bat Aurtenetxetar Bernarta jatetxe jabeari eta bere otseinei.

      Bazkari azkenerantz Batxik irakurri ebazan bere hitz-neurtu batzuk itsasoko bere bakartaldietan eginda daukazanak, polito eginda hatan be. Honek Batxik hautsak daukoz.

      Gero akeita hartzeko gengozala barriketa bete-betean, horra non agertu jakun morroi bat besapean kutxa baltz bat eroiala, eta otoi egin euskun kalera urten eta piloan jarteko, geu guztion porrotogarrapia atara nahi ebala eta, nora edo hara bidaltzeko. Erderaz hitz egin euskun arren gogorik onenagaz jagi eta joan ginean udaletxeko albo-horma ondora, harrizko jesarleku luze bat dagoan lekura, hain gara gu bildoskiak! Bestetara izan balitz, bestetara!... Erdaldun artera joan balitz euskaldun huts bat, euskeraz hitz egiten baino ez dakiana esan gura dot, hak entzun beharko zituan entzutekoak! ¿De onde ha salio ese salvaje? ¡Que vaiga y deprenda a hablar como las presonas! ¡A ladrar a tu casa, vascuence! Gu ez gara holakorik inori esateko, eta ondo da izan ez gaitezan be; jagon daigun beti gugandik eurekana dagoan aldea.

      Berehala bihurtu ginean jantokira eta hartu genduzan akeita eta txol bana. Bitartean Batxik atara ebazan mahaira hiru penny-ko txilibitua eta txokor pilo bat. Txilibitua Urni Durangokoak irabazi eban amar bidar eta arnasa baten zeatz esanik: Txokorrak makarrak ixaixarrak txikerrak zuretzat, eta gero beste arnasa baten hamar bidar hitzik galdu barik: Luzekorrak lodikorrak tokorrak txokonak niretzat. Urni, Jaungoikoak jagon dagitsuzala urte askotan min askatu on eta arnasa luze hori. Mutilak!

      Ixetu genduan txokor bana eta mustur ertzetik kea dariola hasi ginean ba geure euskereatzaz barriketan. Batxik esan eban Bazkuna egin behar genduala, bakotxak honenbeste hilero emongo leukeanaz argitaltzeko euskerazko ingurriak (orriak) eta honeek zabaltzeko baserritarren artean, ikasi dagiezan Aberriatzazko jakinbeharrak eta holan euskereari eta enparau gauza geureei maitetasuna izan dagioen. Gero Txomorro Gernikakoak adierazo eban Sendien Bazkuna behar zala bere eretxiz euskerearen alde, zaletasuna zabaldu daiten emakume eta umeterian be. Tabira-tar eta Axe-k esan eben Bazkuna behar dala ume ikastolai laguntzeko, ikastolea dala oinik sendoena euskereari gorantza eragiteko eta... behar dana dala idaztiak (liburuak) umeentzako. Guzti honeen eretxiekaz bat zirala, han egozanak adierazten eben Bazkun bat, euskaltzaleena, behar-beharra dala, eta irasi egin behar dala. Batxik gura eban hantxe bertan berehala irastea. Belaustegigoitia-tar Perderikak azaldu eban Jel-Alderdi Buru-Batzarrak asmoa daukola Euskaltzale Bazkuna irasteko, han esan ziran gurari guztiak izapidean jartzeko, eta hau entzunik erabagi genduan Buru-Batzar horreri oso-osoan laguntzea bere asmo onurakorrean, eta berau agertzen dan artean, orain arte lez jarraitzeko idazten geure ele maitean.

      Igon ginean gero Batzokira, eta han abesau eban eder-ederto eusko abesti polit bat Tolosako Eizagirre jatorrak, eta honi txalojote aundi bat egin ondoren, abesau genduan guztiok batera geure Ereserkia, eta alkarri agur egin geuntson beste bat arte.

      Atzo bildu gineanak hara: Belaustegigoitia-tar Perderika, Tabira-tar, Urni, Kardantxillo, Biritxinaga, Pizkunde-zale, Lopez Mendizabal-tar Ixaka, Eizagirre, Axe, Urriolabeitia-tar A., Batxi, Zargaste, U-tar J. Portugaletekoa, Legarda, Urkiazelai, Urkiaga, Txindurri, Amilgain, Sollubeko Sorgina, Lodi, Aizkibel, Txomorro, Enbeita, Altube, Txori-Erreka, Luki, Arrugain, Lezkain, Eli, Eladi, Gibelpe eta nerau.

      Agurra bidaldu eben Zinkunegik, Errenderiko Olaziregi Uarte eta Lasak, euskerazko telegarrametan; Urki Zornotzakoak idazkiz, Kirikinok irakurri eban idazki eder bat Bilbaoko Euzko-Gastediarena agur eginik eta eskeintzen jakela euskal idazleei edozetan laguntzeko orain arte beti euskerearen alde egin dauan lez.

      Handik alde egitorduan bostekoa banan-banan estutu neutsenean neure lagun maite harei, otoi egin eusten guztiak euren izenean Batxiri eskerrik asko egiteko bere asmoa dala eta Zornotzan bildu eta alkar ezagatu eta egun eder bat izan dogulako, eta Batxik ostera eskatu eustan esateko leku honetan laztan estu bat anaitarra dagitsela guztiei.

      Ai Txinuelo, etorri bazina!

 

BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1914-07/1915-08
armiarma.eus, 2016