EZ GERRARIK
Frantzisko Lopez Alen

Euskal-Erria, 1891
armiarma.eus, 2016

 

      Zan apirillaren arratsalde bat. Goiz-goizetikan euripak ez zuen uzten atertu aldirik. Egunsentia ezkero sutunpa biziaren hotsak belarriak ernetzen zituen; mendi gain batera zihoazen tiroak ziran. Mendi hartan zeuden berrehun eta berrogei eta hamar euskaldun buruzagi zutela Juan Illunbe, gizaseme ernea, eta guztiz dotorea, bizarbeltz eta begi dizdizduna; txapela garrondoan behera botea bere gorpuzta eseriaz bezela ezpataren kontra, eta beste eskuan katalejoa zeinekin begiratzen zuen kontrarioak zeuden aldera; eta hauek ere euskaldunak ziran!

      Hontan aditzen zan maiz eta maizago sutunpa soinu ikaragarria, hauek zeuden aldera boteaz.

      Mendi honen parean zegon baserri bat, eta etxe hau zan Illunbe buruzagiarena. Etxe hontan bertan zeukan honek bere haur bat, guztiz maite zuena, eta egun hartan inguru hartako herri txiki batera eramateko asmoa zeukan, zeuden tokian ez zegoelako sosegurik.

      Illunbek urrutira begiratu eta igarri zuen beren etsaiak oso harrotu rik zebiltzala, eta hau ikusirik, esan zien bere jende gudariai:

      —Mutilak, bakoitza jarri deriela bere lekuan, zergatik gaur ikusi behar degu zer edo zer gure artean.

      Hau ez zuen bukatu esatez oraindik, eta non aditzen duten bala ba­ten soinu zorrotza; danak etzin ziran lurrean, eta hala egonik, ikusten dute denbora gutxi barru aldemeneko etxearen teilatuba pusketan zalapartzen dala, pixka bat gerosiago soinu ikaragarria, teilatutik sartutako granadaren lehertzeaz. Illunbe asnasa hartzeko betarik gabe ezpata eskuan duela sarri da etxe barrenean, beldurrez zer ikusiko ote duen, eta ai! bere haurra guztia porrokatua bere begien aurrean agertzen da! Hau ikusirikan, negar egin nahi eta ezindu Illunbek, zergatik gertaera hau izan dan beretzat tximista zulaera bezela, non lehortu dion bihotz guzi-guzia.

 

 

II

 

      Beltzak eta zuriak guztiz epegaturik daude gogor egiten elkarri su bizian.

      Illunbek erabaki du, harrapatzen dituzten etsai guzi-guziai, berehalaxen bizia ateratzea, batere denborarik galdu gabe.

      Hara nola ari diran, elkar hiltzen, anaak anaakin, guztiak euskaldunak, antsiak heriotzarekin nahasturik, keetan bildurikan hango gertaera guztia, geroago eta okerrago azaldurik, gaitza haunditzen, negarra gehiegitzen —nere ama maitea!— nahasturik hango sutunpa soinuen artean...!

      Batzuen alde etorri da jende berria, non besteak, hau ikusirik, abiatzen diran atzera, igarririk jende berrien kontra ez dala gauza onik, zergatik lehengo indar danak ahiturik dauden.

      Arratsa dator gainera, iluntasunak estalirik hango ikaragarrizko gertaera.

 

 

III

 

      Alde bietako gogortasunak banatu dira, dana gelditu da ezer gertatu ez balitz bezela. Bakarrik ageri da, gauaren beltztasunean, baserri bat garretan.

      Illunbe dago bakarrik, bere gelan, samindurikan, burua bi eskuen gainean daukala, antsika eta hizketan bezela ahopean.

      Hontan, beren pareko paretetako aldean, senti eraginarazten dio, fusilaren hots zorrotzak, eta Illunbe harriturik azaltzen da leihora esanaz:

      —Mutilak, zer ari zerate? Esan!

      —Jauna —esan zion bere gudari batek—, berorren erabakiak kunplitzen.

      —Nere erabakiak? —Illunbek erantzun zuen kontarik gabe, eta igoarazi zuen bere gelara haietako bat.

      Denbora gutxi barru igo zan mutil gazte sendo bat Illunbe zegon gelara, non esan zion nausiak:

      —Zer ari zerate oraindik sutan?

      —Jauna —eranzun zion segidan—, ez al da gogoratzen nola esan zigun, harrapatzen genuen guzia, hil egin behar zala?

      —A! Bai, hala esan nuen, ez nintzan batere gogoratzen. Eta orain azkeneko hil dezuten hau zein zan?

      —Azkenekoa —eranzun zion mutil gazteak— zan gizon bat urteetan sartua; egia esaten diot, pena haundia eman zigun, hain zan umila!

      —Pena, zergatik! Ondo motelak zerate pena sentitzen badezute gauza horregatikan.

      —Nola zan zaharra, seguru asko semeak ere izango zituen, eta...

      —Hala ote zan bada? —esan zuen Illunbek— Ikusi leike oraindikan gizon horren gorputza?

      Eta erantzunik baietz, abiatu ziran arkitzen zan lekura. Atera ziran gelatikan biak, baina Illunbe zihoan oso triste. Nonbait bere haurraren oroitza zeukan gogoan. Alderaturik lekura, zeukaten hila zatar batzuekin estalirikan, pleiturik bere odolean.

      Illunberi berehala gorputzean hotzikara batek atsegin gaiztoa eraginarazi dio. Hilak zeukazkien zatarrak atera eta ikusi du Illunbek gorputz hura, eta begi izugarriak bertan josirik antsika, heltzen dio bere besoakin laja nahi ezik, deadarka esanaz:

      —Jauna! Jauna! Barkatu, ez dakit zer egin.

      Bere jendeak, zer gertatzen zan jakin eta jakin nahiean, galdetzen dio:

      —Baina, jauna, zer gertatzen da?

      —Hau da nere aita!

      Madarikatua, gerra!

 

EZ GERRARIK
Frantzisko Lopez Alen

Euskal-Erria, 1891
armiarma.eus, 2016