MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016

 

Sarrera

ERROTA ZAHAR

 

      «Ez da gehiago zuregan errotarriaren hotsik entzungo». 

      (Apok. 18, 22)

 

Errota zahar maitea

uraren ertzean.

Uraren ertzean da

basati beltzean:

Negar egiten dezu

alea txehetzean.

Ni ere triste nabil

zutaz oroitzean.

 

Zotin sekua dagi

errotarriak.

Itzalitako izar dizdirak

dira neretzat zure begiak.

 

Izar eder bat dago

hor goiko lepuan.

Errota zaharra, berriz,

erreka zokuan.

Berebiziko pena

badaukat barruan:

Ezin gindezke bizi

elkarren onduan.

 

Bizitza-legea

nahi det onartu.

Horrela-beharra

kuraiaz hartu.

Berez dihoana

zertan behartu?

Nigan, ordea,

ez nauzu fio

nere ahalmenak ez du balio.

Sentitzen badet

berriz haren kanta

(errotaren tranka)

barne minduraz nagoke berriro...

 

Errotaren oihuz

maluraz nauzute.

Zigor hau nerekin

izango det beti

hiltzen naizen arte!

 

MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016