Urt 30 20

Olga Tokarczuken bi testu

1962ko urtarrilaren 29an jaio zen Olga Tokarczuk idazlea, Poloniako Sulechown. Ez da gure artean ezaguna izan 2019n Nobel saria jaso duen arte. Poesia, eleberriak, ipuinak (filmen oinarri izan direnak), obra anitza egina du. Ohar eta testu laburrez osatutako Lasterkariak (Bieguni, 2007) liburuak Poloniatik at haren izena zabaltzen lagundu zuen. Hango bi testu ekarri ditu euskarara Uxue Alberdik, hemen eskaintzen ditugunak.

Urt 28 20

Lina Ben Mhenniren heriotza

2011n ezagutu genuen Lina Ben Mhenni, Tunisiako Ben Ali presidentearen aurkako errebolten kronika egin zuelarik Tunisian girl blogetik. Debekuak debeku, sarean jaso zituen erregimenaren aurkako iritzi eta gertakizunen kronikak. Eta euskaraz irakurri  ahal izan genituen hainbat  Denonartean argitaletxeak 2012an kaleratu baitzuen Tunisian girl liburua, Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua. Urtarrilaren 27an zendu da Ben Mhenni, 36 urte zituela, eta haren oroimenez hona hemen liburua osorik.

Urt 26 20

Poesiaren kriminalak

Urtarrilaren 26an amaitu da (h)Ilbeltza jardunaldien 2020ko emankizuna. Astean zehar hitzaldi, mahai-inguru, solasaldi, erakusketa eta bertzerik izan da, genero beltzaren inguruan, eta amaitzeko Poesiaren Kriminalak izeneko errezitaldia antolatu dute. Literatura beltzean jardun duten idazle batzuen poesia-lanaren lagin txiki bat: “Poesiaren kriminalak dira, beren lanarekin demostratu zutenak generoen gainetik idazleak zirela; eta etiketen gainetik, literatura egiten zutela”. Eta hementxe aurkituko dituzu  Izzo, Christie, Vazquez Montalban, Borda, Nabarro, Hughes, Sciascia.

Urt 12 20

Haruki Murakamiren Samsa maiteminez

Literatura unibertsaleko kontakizun ezagunenetako bati ematen dio buelta Haruki Murakami idazle japoniarrak. “Esnatu zenean, itxuraldatu eta Gregor Samsa bihurtua zela ohartu zen” esaldiarekin hasten da Samsa maiteminez narrazioa. Eta atzera itxuraldatutako Gregor Samsaren gizakiratze berriaren fikzioa egiten du. Idazle japoniar arrakastatsuaren ipuin gozagarri hau ekarri du euskarara Ekaitz Sirvent Auzmendik, Murakamiren jaiotza egunez, urtarrilak 12, eskaintzen dizueguna.

Urt 09 20

Liburuak ebook formatuan

Ebook formatuan emana du Susa argitaletxeak bere katalogoa, ia bere osotasunean. Argitaletxearen funtsetatik beste bost aldatu ditugu formatu berrira, Erreferentziak saileko bi antologiarekin, Vladimir Maiakovskiren  Poema antologia (1993) eta W.H. Audenen Poema antologia (1994). Eta horretaz gain, Susa saileko bi liburu, Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Itxaro Borda, 1986) eta Gizaeuropa (Omar Nabarro, Joseba Urizar, 1986), eta Itxaro Bordarena baita ere, Amaia Ezpeldoiren lehen ikerketa: Bakean ützi arte (1994)

Urt 02 20

Vicente Huidobroren sei poema

Urtarrilaren 2arekin hil zen Vicente Huidobro, 55 urte lehenago, urtarrilean baita ere, Txilen jaioa. Parisera gaztetan joana, abangoardiari hasieratik atxiki izan zitzaion poeta da, XX. mendearen lehen erdian Hego Amerikako poesiaren berrikuntzan erreferentea izandakoa. Literatur aldizkarietan plazaratu da euskaraz. 1960an Antonio Valverde Ayalde-k ekarri zuen, Olerti aldizkarian plazaratutako hiru poemaz, eta Santi Onaindiak ere agerkari berean eman zigun poema bat 1968an. Geroago Tere Irastortzak itzuli zuen haren poema ezagun baten zatia (Kandela, 1984) eta Jesus Lete Ibaiertz-ek beste bat, Egan-en 1992an argitara emana. Hemen dituzu guztiak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak