2025ko (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astean, Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) mahainguruan parte hartu zuten Edurne Elizondo kazetariak eta Mikel Elorza abokatu eta editoreak. Azken honek, nobela beltzari buruz emandako hitzaldian Adimen Artifizialari galdegindako ipuin bat aurkeztu zuen amaiera aldean. Aroztegiako afera eta Ilbeltz detektibearen ikerketa batzen dituen Azken tantoa ipuina (H)ilbeltza asterako girotuta. (gehiago…)
Hogei urteko aldeak eta mundu-ikuskera eta -biziera oso desberdin batek bereizten ditu Derek Walcott eta Nijole Miliauskaite poetak. Antilletan jaioa lehena, esklabo afrikarren ondorengo, XX. mendeko ingelesezko poesiaren ahots inportanteenetako bat da berea. 1930eko urtarrilaren 23an jaio zen, eta bi poema liburu kaleratuak zituen 20 urte geroago, 1950eko urtarrilaren 23an Lituania sobietarrean Nijole Miliauskaite jaio zenerako. Ezezaguna izanagatik ere, idazle lituaniar handietarik bat. Bizi- eta literatura-ibilbide arras diferentekoak, antillatarra 87 urtez bizi izan zen, 52rekin hil lituaniarra. Martxoan, biak. “Elur baltsamagarritik urrun” bata, jaioterri izan zuen Santa Luzia irlan; “elurra geldiro eta erregularki” egiten duen Druskininkain bestea. Euskarari Walcotten bi poema ekarri zizkion Luigi Anselmik, eta kaier oso (eta bikain) bat Leire Bilbaok Miliauskaiteri.
(H)ilbeltza. Nobela beltzak eta euskara elkartzen diren plaza da Baztangoa. Aurten ere ekitaldi sorta antolaturik, Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) mahainguruan izanen diraEdurne Elizondo eta Mikel Elorza urtarrilaren 25ean (larunbata) 11:00etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Erratzuko ohiko bazkariaren ostean, Izaskun Gracia Quintanak Basokoa aurkeztuko du eta Iñaki Petxarromanek berriz Lehendakariaren alaba nobela. Egunari amaiera emateko Ilargipeko enigmak, susmagarrien gaua ilunabarrean, Erratzuko ostatuetan barna jostetan.
Benetakoa
Bira ekoiztetxekoek, zenbait idazle eta abeslari aktore lanetan jarrita, urtero bezala ikusentzunezko pieza ederra sortu dute aurten ere. Benetakoa.
Duela 130 urte, urtarrilaren 17 batez hil zen Miguel Torga, XX. mendean Portugalek eman duen literatura ahots inportanteenetako bat. Eleberri eta poema-liburu askoren egilea, bere herrialdeko zirkulu literarioetan bazebilena, mediku ere jardun zuen -inguru txiroan jaiogatik, lortu zuen Medikuntza ikasketak burutzea-. Senez aldizkarian haren poema bat ere badago euskaratua (Itzulera), baina euskaraz Piztiak irakur daiteke, animalien protagonismoaz gizakiez eta bizitzaz mintzo diren ipuinak, Bego Montoriok itzulia, Alberdaniak 1997an argitaratua.
Argentinako poesigintzaren berritzaileetako bat izan zen Paco Urondo idazle eta ekintzaile politikoa; kazetaritza, antzerkia eta poesia landu zituena. “Trelewko masakrea” deritzona kontatu zuen La patria fusilada liburuan, fusilamendutik bizirik atera ziren hiru kideei espetxean egindako elkarrizketan oinarrituta. Militante montoneroa, bera ere espetxean egona, beste askok legez errepresioaren gordina jasan zuen —bera eta bere bikotekidea hil zituzten, eta alaba zaharrena eta suhia desagerrarazi—. “Zuen baimenarekin / nahiago dut bizirik jarraitzea” idatzia zuen, baina ez zioten baimenik eman: Argentinako Armadak tiroz eta buruan kulataz jota hil zuten Francisco Paco Urondopoeta, 46 urte zituela. Euskaraz irakur daiteke haren lanaren lagin bat: Jose Luis Otamendik euskarari ekarri zizkion zortzi poema 2016an, eta 2020an 14 poemaJosu Jimenez Maiak.
120 urte bete dira urtarrilaren 9an Louise Michel hil zela. Adimentsua, landua eta bihotz onekoa, irakaskuntzan aurkitu zuen betetzeko lanbidea. Poemak argitaratzen hasi zen, eta Pariseko literatur zirkuluak ezagutu zituen. Langileen aldeko bazkunetan jardun zuen, eta Pariseko Komuna izango zenaren aurrekarietan eta matxinadaren gogorrenean borrokatu zen (1871), hala azpiegituran nola karrikan bertan. Deportatu egin zuten Kaledonia Berrira. Hil arterainoko militantea eta idazlea izan genuen. 2016an haren memorietako pasarte bat euskaratu zuen Koldo Izagirrek, haren estilo eta kezkak erakusten dituena. Eta berresten da Katakrak argitaletxeak plazaratutako Erbesteko gutunak Victor Hugorilanean, Amaia Lasak itzulia. Irakurgai indartsuak bi-biak.
Poeta izan zen, beste jardueren gainetik, Alex Susanna, utzi berri dugun 2024ko uztailean zendua. Baina idazle ez ezik, editore eta gestore ere izan zen bartzelonarra, itzultzaile eta artikulugilea, eta katalanezko kultura eta poesiaren hainbat egitasmoren oinarrian egon dena. 2025a poesia ahairez estreinatzeko, hemen dakartzagu haren sei poema, Aintzane Galardik euskaratuak.