Zubia elurretan
Hogei urteko aldeak eta mundu-ikuskera eta -biziera oso desberdin batek bereizten ditu Derek Walcott eta Nijole Miliauskaite poetak. Antilletan jaioa lehena, esklabo afrikarren ondorengo, XX. mendeko ingelesezko poesiaren ahots inportanteenetako bat da berea. 1930eko urtarrilaren 23an jaio zen, eta bi poema liburu kaleratuak zituen 20 urte geroago, 1950eko urtarrilaren 23an Lituania sobietarrean Nijole Miliauskaite jaio zenerako. Ezezaguna izanagatik ere, idazle lituaniar handietarik bat. Bizi- eta literatura-ibilbide arras diferentekoak, antillatarra 87 urtez bizi izan zen, 52rekin hil lituaniarra. Martxoan, biak. “Elur baltsamagarritik urrun” bata, jaioterri izan zuen Santa Luzia irlan; “elurra geldiro eta erregularki” egiten duen Druskininkain bestea. Euskarari Walcotten bi poema ekarri zizkion Luigi Anselmik, eta kaier oso (eta bikain) bat Leire Bilbaok Miliauskaiteri.