maiatza
29
26
Etxekotutakoak maiz eraman ohi du berekin itzal erbestetar bat. Izan jendearena, eguneroko lekuena, oinordetzan jaso diren zeregin, espazio, egiturena. Zer behar da nonbait etxe egiteko? Zer bizi da gure etxeetan gutaz haratago? Zerk egin du huts zarata berrien erruz loa galtzeko? Gisako galderetan murgiltzen dira Olatz Mitxelenak plazaratu berri duen Etxe arrotz hau (Susa, 2026) liburuan jaso dituen hamar ipuinak. Arroztasuna beti da abisu bat, eta arroztasun horren eguratsea aurkituko ditu irakurleak bakardadeak piztia bihurtu du norbait errepide ertzean, umeek trofeoek bezala egiten dute hegan edo ez dira jaiotzen, etxe-aldaketan gorde ez ziren gauzen zerrendak hazten segitzen du; zehatz-mehatz ikasitako errezetak eta errepikatu nahi ez diren bizitzak, Norvegia puska bat abuztuko ilargi beteko gauean eta beste istorio batzuk.

maiatza
15
26
Biribiltasunik bilatzen ez duen ahots bat dago Peio Iturralderen lehen poema liburuan. Denboraren esku urdinak. Mezuak narrastuagatik bertsoak argitsu nahiko lituzkeenak paratu; mundua marra artera ekarri. Desiraz ari da, heriotzaz, politikaz, maitasunaz eta idazketaz. Atzerapenarekin joatearen aldizkako sentipena; polizia saldoa zinetik bueltan, Zirika!, Allende, aititeren dominak, gorputzak alokagai, ametsak eta auzodefentsa. Ideia bat erdiz erdi: dena da denona. Osorik irakur dezakezue sarean.

maiatza
14
26
AEBen inperialismoaren aurkako borroka beti da boladako, inperialismoak ez baitu su-etenik ematen; baina garai apartsuagoak ditu. XX. mendearen bigarren erdialdean, Hego eta Ertamerikan iparraldeko auzoen aurka eta euren herrialdeetako tiranoen aurka mugimenduak bizi izan ziren, jarrera iraultzaile eta subiranistetan oinarri. El Salvador izan zen haietako bat. Diktadurari ihesi, munduan barrena ibili zen Roque Dalton poeta eta ekintzailea. ERP-ko kidea, 1975eko maiatzaren 14 batez hil zuten. Maitasuna eta politika bere poemagintzaren ardatz, bada euskarari ekarritako bere poemarik, zenbait itzultzailek euskaratuak (Hedoi Etxarte, Jon Benito, Luigi Anselmi, Gorka Arrese), hemen bilduak daudenak.
