Mar 27 09

Mirandek orain 50 urte idatzi zuen Haur besoetakoa

Honela idatzi zion Jon Mirandek Txomin Peilleni 1959ko otsailean: “Aipatu nizun ipuina bukatuxerik dut –garbitan ipintzen ari naiz orain–, eta hamar bat egunen bururako eginik duket. Luze samarra da, eta gaia oso berezia: maitasun kondaira bat, 30 urteko gizon baten eta 11 urteko neska baten elkar maitatzea kontatzen duena; hots, euskarazko Lolita bat (nahiz ez dudan zoritxarrez Nabokoven lanegina irakurri ahal izan)”. Peilleni aurrena eta gero Mitxelenari (Eganen argitaratzeko) bidali zien, eta ondoren Andima Ibinagabeitiari martxoaren 16an, adieraziz: “Zuk beharbada Amerika horietan publikatzeko bide bat atzeman zenezake?”. Haur besoetakoa ez zen plazaratu, harik eta 1970ean Gabriel Arestiren sarrera batekin Kriselu-Lur argitaletxeak kaleratu zuen arte. Orotariko iruzkinak egin izan dira nobelari buruz; adibidez, Joseba Sarrionandiaren artikulu luze bat Maiatz aldizkarian 1983an; berriena Itxaro Bordak 2004an Hegats aldizkarian.

Mar 25 09

Ionescoren Abeslari burusoila

Gaztetan Errumaniako abangoardiako idazle, Marseillan itzultzaile eta zuzentzaile lanak egin ostean, Eugene Ionescok 1950eko maiatzaren 11n estreinatu zuen bere lehendabiziko obra Parisko Théâtre des Noctambules antzoki txikian: Abeslari burusoila. Duela hamabost urte (1994ko martxoaren 28an) hil zen Ionescoren antzezlanak oso ezagunak egin ziren 60etan, batez ere Errinozeroa eta Egarria eta gosea taularatu zirelarik. Antonio Maria Labaienek Neskatilla ezkongai eman zuen 1964an Egan aldizkarian. Arantxa Hirigoienek Auto erakusketa itzuli zuen 1994an Susa aldizkarian. Tanttaka taldearentzat Aitarekin jolasean euskaratu zuen Ritxi Lizartzak1998an. Eta orain osorik eskaintzen dizugun Abeslari burusoila Jon Muñozen itzulpenari zor diogu (Ibaizabal, 2001).

Mar 23 09

Eskualduna astekaria Euskal Prentsaren Lanak gunean

Martial-Henry Berdolyk eta Agosti Xahok argitaratutako Le Réveil Basque aldizkari errepublikarrari erantzuteko sortu zuen Louis Etxeberrik Eskualduna astekari giristino eta xuria 1887ko martxoaren 15ean Baionan. Lehen urteetan Arnaud Poxelu izan zuen gidari, ondoren Jean Hiriart-Urruti, eta aurrerago: Blaise Adema, Jean Saint-Pierre, Dominique Soubelet eta Salvat Arotzarena. Izan ere, astekaria 57 urtez plazaratu zen, 1944ko abuztuaren 18 arte, Vichyko Gobernuarekin kolaboratzeagatik itxia. Eskualduna astekaria hemeroteka eta biblioteka pribatu batzuetan barreiaturik baitago, Euskal Prentsaren Lanak gunean dijitalizaturik berrargitaratu du Armiarmak: ia 3000 zenbaki, 10.000tik gora orrialde. Interneteko edizio hau martxoaren 26an (osteguna) 12:00etan aurkeztuko da Donostiako Koldo Mitxelena kultur unean.

Mar 18 09

Mikel Azurmendiren eleberria, Gauzaren hitzak

Mikel Azurmendik, Baroja argitaletxearen bultzatzaile eta arduradunetako bat —euskarazko liburuen bildumarena—, saiakera liburu bat argitaratua zuen, eta itzulpen bat: Kontu kontari Grezian barrena eta Flannery O’Connorren Jende ona nekez da aurkitzen. Eta 1987an eman zuen argitara bere libururik esanguratsuenetako bat, Euskal nortasunaren animaliak. Hura baino lehentxeago, hala ere, eleberria plazaratu zuen, Gauzaren hitzak. Europako gerra ondoko eleberrigintzaren oinordekoa estiloaren aldetik, 70etako oraina eta iragan hurbila lotzen zituen istorio bikaina idatzi zuen Azurmendik, Franco hil berriko mundua, Donostian, gordin erretratatuz. 1987an argitaratua, 10 urte lehenago idatzia da eleberria. Osorik eskaintzen dizuegu Gauzaren hitzak.

Mar 17 09

Euzko-Gogoa aldizkariaren azken zenbakia

Euzko-Gogoa aldizkariaren azken zenbakia duela 50 urteko datarekin argitaratu zen. Jokin Zaitegik 1949ko abenduaren 26an erregistratu zuen Guatemalako Postan, eta estreinako alea 1950ko urtarrilaren lehenean kaleraturik, euskal kultura modernoaren agerkari garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Aurreneko sei hilabeteetan Orixe izan zuen lankide, gero Andima Ibinagabeitia 1954tik aitzina. Euzko-Gogoak bi aro izan zituen: Guatemalakoa 1950etik 1955era eta, Zaitegi Euskal Herrira itzuli zelarik, Miarritzekoa 1956tik 1959ra. Lehen aroan 27 zenbaki agertu ziren, eta 17 bigarrenean. Azken zenbakiak 1959ko martxoa-ekaina data dakar, baina aldizkariaren azalean aitortzen du 1960ko uztailean inprimatua izan dela, arazo ekonomikoak eta banaketakoak handiak izan baitzituen. Idazle askoren plaza izan zen Euzko-Gogoa gerraostean: Nemesio Etxaniz, Jon Etxaide, Antonio Maria Labaien, Salbatore Mitxelena, Bedita Larrakoetxea, Bingen Ametzaga, Manuel Lekuona, Sorne Unzueta, Santi Onaindia, Jaime Kerexeta, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Juan San Martin, Txillardegi, Gabriel Aresti, Txomin Peillen…

Mar 12 09

Alea, Beñat Sarasolaren
poema liburu berria

Kaxa huts bat aurreneko poema bildumarekin literaturzaleen arreta piztu zuen Beñat Sarasolak duela bi urte. Liburu berriak Alea du izenburua, eta lirismorik batere gabeko moldeetan arakatu du. Abangoardia grinaz eta sarritan narrazio airez, jendez mukuru den giro urbanoaren zurrunbiloan sartu ditu atzaparrak, eguneroko bizimoduaren kronika makur bat eginez. Alea poema liburua martxoaren 17an (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko du idazleak, Koldo Izagirre lagun duela. Argitaldaria: Susa.

Mar 04 09

Jalgi hadi plazara

Euskaltzain apez bat arrastorik utzi gabe desagertuz gero, nondik hasiko zinateke haren xerka? Amaia Ezpeldoi detektibearen azken abenturak kontatu zituen Itxaro Bordak Jalgi hadi plazara eleberrian (2007, Susa). Eta apeza aurkitzeko mandatua haren semeak eman izan balizu, kontua seriotzat hartuko ote zenuke? Irri egiteko nobela groteskoa da Jalgi hadi plazara, orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Eta halako batean konturatuko bazina ez dela euskaltzain bakarra falta dena, baizik eta lau?

Mar 02 09

Korrok aldizkaria sortu zen duela 25 urte

Iruñean argitaratu zen Korrok aldizkariaren lehendabiziko zenbakia 1984ko urtarrilean, Auzolan liburu-dendaren abaroan. Doan zabaldu zen, eta baita bigarrena ere, Garrasi inprimategian egina. Urtebetean bost zenbaki ateratzea lortu zuen hirugarren zenbakitik aurrera finko samarra izan zen taldeak: Jon Alonso, Josune Aranburu, Josetxo Azkona, Xabier Diaz Esarte, Ana Iribar eta Mikel Taberna; maketa eta grafismo lanak: Jabier Alonso eta Patxi Huarte. Aldizkari garrantzitsua izan zen Korrok, ez bakarrik denera hamabi ale argitaratu zirelako, baizik eta marrazkilari eta idazle askoren plaza ere izan zelako: Aingeru Epaltza, Patziku Perurena, Txiki Idoate, Gorka Setien, Isidro Rikarte, Joakin Balentzia, Bixente Serrano, Asisko Urmeneta…

Agenda

Efemerideak

Kritikak