Api 29 09

Literaturia, literaturaren asteburua Larrabetzun

Aurten bost urte beteko dituen Literatura Eskolak ekainaren 5, 6 eta 7an Literaturia izeneko asteburua antolatu du Larrabetzun. Lehen edizio honetan hitzaldiak, liburu aurkezpenak, irakurraldiak eta mahai-inguruak izango dira idazleekin, eta euskal literaturaren azoka bat ere bai, argitaletxe garrantzitsuenen parte hartzearekin. Hori Bai gaztetxean musika eta antzerki emanaldiak egingo dira: Mirande Kabareta, Kukubiltxoren obra berri bat… Literaturiaren egitarau osoa maiatzaren 8an (ostirala) 12:00etan aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian.

Api 21 09

Mark Twain, Huckleberry Finn-en abenturak

Gaurkoa bezalako egun batez baina 1910ean hil zen Mark Twain, 75 urte zituela. Gaztetan inprimategi batean egin zuen lana, ondoren ontzi gidari Mississippi ibaian, urre bilatzaile, egur tratulari, eta azkenean kazetari eta idazle. Aintzane Ibarzabalek 1990ean euskaratutako Huckleberry Finn-en abenturak eskaintzen dizugu asteon, honela hasten dena: “Ez duzu nire berri izango, baldin eta ez baduzu Tom Sawyerren abenturak izeneko liburua irakurri (…) Zera, hauxe da liburuaren amaiera: Tom eta biok lapurrek leize-zuloan gordetako dirua aurkitu genuen, eta hala aberastu egin ginen. Sei mila dolar hartu genituen bakoitzak… dena urrea. Ikaragarrizko diru ikuskizuna zen dena batera pilaturik zegoenean. Bada, Thatcher epaileak dirua hartu eta interesak emateko moduan jarri zuen, eta egunean dolar bana ematen zigun”.
(gehiago…)

Api 15 09

Ez obeditu inori, Mikel Peruarenaren lehen nobela

Kubako gerratik maingu itzulitako Sotero Mujika bertsolaria Baroja inprimategira joan denean, hango enkargatuak tipografo berria aurkeztu dio: “Frantsesa da. Oraindik ez du bertsorik inprimatu, baina ikasi beharko du”. Halaxe ezagutu du Emile, eta ondoren Alberto estudiantea. Hiruren artean arrisku handiko asmo bat darabilte: dinamita lapurtu eta Maria Cristina erreginari eraso egitea. Mikel Peruarenaren lehen nobela duzu Ez obeditu inori, Susa argitaletxearen eskutik datorren apirilaren 21ean Donostiako Udal Liburutegian aurkeztuko duena.

Api 14 09

Literaldia-09 Bartzelonan

Kemen Lertxundiren Galdutako zubixkak olerki eta musika emanaldiarekin abiatuko da aurtengo Literaldia Bartzelonako Euskal Etxean (Placeta Montcada 1) apirilaren 17an (ostirala) 22:30ean. Castillo Suarezen Mugarri estaliak poema liburuan oinarritutako errezitaldia izango da apirilaren 24an (ostirala) 19:30ean. Eta Eider Rodriguezek hitzaldia egingo du apirilaren 30ean (osteguna), Universitat Autonomako letren fakultatean 13:00etan eta Euskal Etxean 20:00etan. Datorren hilabetean: maiatzaren 6an Eider Rodriguezen Haragia ipuin liburua izango dute mintzagai; maiatzaren 20an Edorta Jimenezen hitzaldia gerra eta literaturaz; maiatzaren 22an Castillo Suarez eta Leire Bilbaoren errezitaldia; eta bukatzeko, maiatzaren 23an, Hedoi Etxarteren Suzko lilia poema liburuan oinarritutako emanaldia.

Api 07 09

Arestiren Bizkaitarra argitaratu zela 50 urte

1959ko apirilean 32 ahapaldiko bertso sorta bat argitaratu zuen Gabriel Arestik Egan aldizkarian Bizkaitarra izenburuarekin. Bere nobia Meli Estebani eskainiak dira, 1958ko abenduan idatziak. Beste sorta bat 1959ko neguan argitaratu zen, Iñaki Irigoieni eskainiak (uztailean idatziak); oso ezaguna da ahapaldi hau: “Baña egun baten deitzen badeuste / Erria defendietan / Prest arkituko nabe ni beti / Euskerearen aldean / Armarik eztut artun egingo / Egundo nire eskuetan / Nire plumea nire izerdia / Eskeintzen deutsat benetan”. Geroago, 1960ko martxoan idatziko zuen hurrengo sorta (Justo Garateri), eta lehen lerroetan jakingo dugu hau bosgarren Bizkaitarra dela. Non dira orduan beste bi sorta gehiago? Karmelo Landak aurkitu zituen eta 1986an Susak argitaratu: bat Andoni Kaierori eskainia, bestea Juan Ormaetxeri.

Api 06 09

Hiriaren melankolia, Felipe Juaristiren bigarren poemarioa

Melankolia eta tristezia Hiriaren melankolia poemarioan aurki daitezkeen hitzak eta batez ere sentimenduak dira. Liburuari darion muinaren adierazle dira, adierazle nagusiak agian, baina ez bakarrak. Existentziaz eta denboraz gogoeta egiten du Juaristik bere bigarren poema liburu honetan, baina baita beste hainbat gaiz ere, idaztea, horien artean (Teletipoak eta beste poemak atalean). Idazleaz eta idaztearen ekintzaz gogoeta egiten du: “Teklen espazio ilargitar eta burnizkoekin urtuta / behatzak ez ote dira errealitatea deitzen den patura / zuzentzen nauten untzi nagiak?”. 1987an Baroja argitaletxearekin publikatua, hementxe duzue Hiriaren melankolia.

Api 01 09

Nikolai Gogolen Arima hilak

Duela 200 urte, 1809ko apirilaren lehenean Ukrainan jaio zen Nikolai Gogol, Puxkin eta Lermontovekin batera Errusiako literaturaren loraldiari hasiera eman zion idazlea. Hain zuzen ere, Puxkin adiskidea izan zen Gogoli Arima hilak nobela handiaren gaiak iradoki zizkiona. Hamazazpi urte eman zituen lan haren lehen tomoa ontzen, eta 1842an argitaratu zen Errusiako gizartearen kritika zorrotz, gordin eta mingarria, Pavel Ivanovitx Txitxikov protagonistaren negozio ustelak kontatzen dituena. Bigarren tomoa ezin menderaturik, erre egin zituen eskuizkribuak 1852an, eta bost kapitulu baino ez dira ezagutzen. Gogolek hiru tomo idazteko asmoa zeukan: lehen tomoan, Errusiako errealitatearen infernua erakutsi nahi zuen; bigarrenean, berriz, purgatorioa; eta hirugarrenean, azkenik, paradisua. Baina ez zuen bere helburua betetzea lortu. Jose Morales Beldaren itzulpenarekin 1998an argitaratu zen Arima hilak euskaraz.
(gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak