Nikolai Gogolen Arima hilak
Duela 200 urte, 1809ko apirilaren lehenean Ukrainan jaio zen Nikolai Gogol, Puxkin eta Lermontovekin batera Errusiako literaturaren loraldiari hasiera eman zion idazlea. Hain zuzen ere, Puxkin adiskidea izan zen Gogoli Arima hilak nobela handiaren gaiak iradoki zizkiona. Hamazazpi urte eman zituen lan haren lehen tomoa ontzen, eta 1842an argitaratu zen Errusiako gizartearen kritika zorrotz, gordin eta mingarria, Pavel Ivanovitx Txitxikov protagonistaren negozio ustelak kontatzen dituena. Bigarren tomoa ezin menderaturik, erre egin zituen eskuizkribuak 1852an, eta bost kapitulu baino ez dira ezagutzen. Gogolek hiru tomo idazteko asmoa zeukan: lehen tomoan, Errusiako errealitatearen infernua erakutsi nahi zuen; bigarrenean, berriz, purgatorioa; eta hirugarrenean, azkenik, paradisua. Baina ez zuen bere helburua betetzea lortu. Jose Morales Beldaren itzulpenarekin 1998an argitaratu zen Arima hilak euskaraz.
Nikolai Gogolen beste idazlan batzuk:
- Bi kontu Petersburgeko. Itzul: Pablo Sastre (Txertoa, 1987)
- Sudurra. Itzul: Xabier Mendiguren Bereziartu (Elkar, 1992)
- Longaina. Itzul: Xabier Mendiguren Bereziartu (Erein, 1993)