maiatza
28
25
Antzerkiaren arloan ere, aktibista eta idazle nekaezina da Oier Guillan. Ganbila bildumak argitaratu berri duen Aztitza liburuan, azken bederatzi urteetan garatu dituen 11 proiekturen emaitza eskaintzen digu. Batzuk luzeagoak, besteak laburragoak, tarteka poesia fisikoaz eta umore absurdoaz blaituta. Performanceak batetik, idazketa saio esperimentalak bestetik, Arra. Arraroa, Mr. Señora, Zauri Bolodia, VHS edo Miss Karaoke bere aurreko proposamenen oihartzunak ere erraz aurkituko ditu irakurleak testuotan, bilaketa eta kuestionatze etengabearen fruitu.

maiatza
27
25
EHAZE eta Susaren eskutik, Ganbila bildumak beste bi ale dakarzkigu udaberri honetan. Horietako lehenean, Agurtzane Intxaurragak idatzitako bi obra biltzen dira: oraindik ere taulagainetan dabilen Zorretan (2024) eta Hitzak (2012). Hamabi urteko tartean idatziak eta antzeztuak, berrienak zaintza-hautuak eta dolu-egunak ditu ardatz nagusi; zaharrenak, aldiz, bortxa matxista psikologikoa. Arrastoa utzi duten bi antzerki lan, oraingoan literaturaren eremura ekarriak.

maiatza
26
25
Antzerkiaren oholtzatik mintzatu zen Ander Lipus antzerkigilea Literaturiari hasiera eman zion ekitaldian. Hitzen plazan, prekaritate egoera latz baten berri eman zuen, sortzaile anitz baina azpiegitura eta plaza ahulak dauzkagula agerian utziz, sorkuntzaren eta honen babesaren aldeko aldarri bat eginez. Errealitateari ihes egin gabe. Osorik irakur dezakezu haren Manifestua.
maiatza
21
25
“Ezinbestekoak dira grabitatea eta zorua / biguntzeko haien kontra”. Talkaren ordez, frikzioa. Zartaren ordez, igurtzia. Hainbeste gauzaren kontra dagoela esatetik, sekula ukituko ez dituen azalerez jabetzera egiten du Ane Zubeldia Magriñáren Kontra poema liburuko ahotsak. Uraren temaz, behin eta berriro itzultzen den paisaia du jomugan, munduaren marruskadura, genealogia, buztinezko gorputz bat, esan nahiko lituzkeen guztien bila. Eskuz ukitu ezin dena, hitzez haztatu nahiko balu bezala. Mirari txikiez jabetzea, geldi-geldi egonda, edo dantza betean, ingurua izendatuz, agurtuz, gerorako lur bat malgutuz. Osorik irakur dezakezue sarean.

maiatza
15
25
Nakba eguna da maiatzaren 15a Palestinan, 1948an Isralen Estatuaren sorrera dela-eta haiek euren lurretatik ofizialki bota zituztenekoa. Ehunka milaka lagunek Palestinako beren lur eta etxeak utzi zituztenekoa. Zenbat kanporatze, zenbat hildako, ordudanik. Gazarako kanporatze erraldoi berri baten planak burutzen ari dela Israelgo Estatua, Joseba Sarrionandiak 1991n Elkar etxeko Hezurrezko xirulak liburuan Palestinar burrrukakoak izeneko sailean euskaratutako sei poema dakartzagu. Duela lau urte, Gazako orduko bonbardaketen harira, 2012an Hedoi Etxartek euskaratu eta argitara emandako 20 poema eskaini genituen.
maiatza
09
25
Lerro hauek idazten ari naizenean, oraino, egiteke dago Itxaropena editorialaren historia. Batzuetan inprimategi gisa, beste batzuetan argitaletxe gisa egin du lan Itxaropenak. Bera izan da orduko euskaltzaleentzat arnasbide ia bakarra, batez ere 1952an «Kuliska Sorta» bilduma sortu zuenetik.
Horrela idatzi zuen Joan Mari Torrealdaik Artaziak Euskal liburuak eta Francoren zentsura liburuan, Itxaropena argitaletxe eta inprimategiari eskainitako kapituluan.
Kuliska Sorta
1952ko urtarrilean, Kuliska Sorta bilduma abiatu zuen Itxaropena argitaletxeak Zarautzen, Patxi Unzurrunzaga editore zuela. 1952tik 1973ra argiratutako liburu guztien zerrenda eman genuen Kuliska Sortaren 50. urteurrenean, Emailuotan.

2025eko udaberrian itxita
Aspaldi honetan inprimategi bezala lanean gogotsu aritu dira Itxaropenan. Euskal literaturari zerbitzu ugari eskainiz, eta inprimatu duten azken euskal liburua George Orwell idazlearen Lur jota Parisen eta Londresen izan da, Igela argitaletxeak plazaratu duena.
Susa literatura argitaletxeak ere hainbat liburu argitaratu ditu urteotan Zarautzen, eta harreman polita izan du argitaletxe izandako inprimategi historikoarekin. Atsekabez idazten dugu bere itxieraren berria, orain arte euskal literaturari egindako ekarpena nabarmenduz, eta garai bateko liburu saila gogora ekarriz. Eskerrik asko guztiagatik.
maiatza
09
25
20 urte bete dira maiatzaren 9an Begoña Bilbao idazle, musikagile eta euskalaria hil zela. 70 eta 80etan euskaltzale militantea, euskara teknikari eta AEK-ko euskaltegien sortzaileetakoa, haren bizitza eta lanaz liburuxka atera zuen Bidegileak bildumak. Kantuak ez ezik ipuinak idatzi zituen, zenbait lehiaketatan saria jaso izan dutenak. Haietako bat, Irun Hiria saria jasotako Isuritako ura ez da batzen, dakarkigu haren heriotzaren urteurrenean. Munduaren jirak zer diren, eleberri bakarra idatzi zuen, Gazako ospitale batean komatik atera den emakume bat duena protagonista: Palestina, zure mina (Elkar, 2004).
maiatza
01
25
2025ko ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti Segurola hil zela. Efemeridea ospatzeko asmoz, Gabriel Arestik itzuli baina azken lau hamarkadetan itzalean geratu diren Internazionalaren bertso batzuk ekarri ditugu gogora.

1971n, bi arrazoirengatik, birritan itzuli zuen Arestik Eugène Pottierrek idatzi zuen Internazionala. Lehenengo aldiz, Natxo de Felipe musikariak eskatuta, Jesus Mari Begoña militante politikoaren kontrako epaiketan abesteko itzuli zuen. Itzulpen hura, Literatura lanak bildumaren 8. liburuan argitaratu zuen Susak 1986an.
Bigarrenez, handik gutxira, Natxo de Felipek berak berriro eskatuta itzuli zuen. Hain justu, 1971. urtean Parisko Komunaren mendeurrena zen eta baita L’internationale abestiaren sorreraren mendeurrena ere. Garai hartako EMK-k (Euskadiko Mugimendu Komunista) bazuen kantu iraultzailearen bertsioa ezagutzera emateko asmoa. Natxo de Felipek 1971ko martxoko China Reconstruye aldizkari txinatarrak eta beste hainbat informazio bidali zizkion Gabriel Arestiri. Itzulpen hura, handik sei urtera, birritan ekarri zen paperera: 1977ko ekainaren 12an paskin gisa Bilbon Euskadiko Ezkerra hautes-koalizioaren ekitaldi batean (EMK, EIA eta Euskal Komunistak elkartu ziren) eta urriaren 1eko Anaitasuna aldizkarian.
Internazionala