![]() |
ISURITAKO URA EZ DA BATZEN
Isuritako ura ez da batzen
Istripu bat izan da Bilborako bidean. “Buelta arriskutsua” deitzen den tokian. Mutil gazte bat, hogei urtekoa, hil da. Kotxean zihoala, inork ez daki nola, bidetik irten eta han dagoen amildegira erori da. Desitxuratuta geratu dela diote ikusi dutenek. Bada zoritxarra familia horretan. Josepa “Gonazuri”ren iloba da. Gertaera tristea laurogeita hamabi urteko pertsona batentzat. Jadanik ez zaio beste senideko inor geratzen, berau da azkena. Baina ez da lehenbiziko notizia txarra harentzat. Ia-ia bizitza osoan jasan behar izan ditu ezbeharrak bere familian. Hau izan daiteke azkena, ez baitauka beste senidekorik. Orain bi urte hil zitzaion beste iloba bat, istripuan hildako mutil horren arreba. Gazte talde bat Izarora joan zen; Karmele ere taldean zihoan. Eta gauza misteriotsu bat gertatu zen; lagunek ziotenez, gauetik goizera desagertu egin zen. Berarekin denda barruan lo zegoenak ere, ez zekien zer gertatu zen. Neska horren berririk ez zen izan geroztik. Bi neska-mutil hauek umezurtzak ziren eta Joseparekin bizi ziren. Gazte horien gurasoek ere, egoera tragiko batean hil ziren. Aita, itsasoko lanetan zebilela, makinilak harrapatu eta beso gabe eta hankak moztuta geratu ondoren, denbora gutxira hil zen. Ama haurdun zegoen eta disgustuarekin umegaltzea izan zuen eta dirudienez, selaun zatiren bat geratu zitzaion barruan; hortik odola pozoitu edo egin zitzaiola eta, ustelduta hil omen zen. Emakume honen gurasoak ere, ez zuten izan heriotza normalik. Aita, galarrena zegoen egun batean, itsasora jausi zen eta aurkitzeko ahaleginak egin zituzten arren, ez zuten lortu. Hilabete beranduago haitzetan aurkitu zuren haren gorpua, baina begirik gabe zegoen. Honen emazteak bere buruaz egin zuela esaten dute, nahiz eta ziurtasunik egon ez. Etxetik falta izan zenean eta bilatzen ari zirela, Tonpoi Handiko haitzen gainean bere zapatilak aurkitu zituzten eta beherago jertsea. Horregatik pentsatzen da haitzetatik behera bota zuela burua. Ez zen aurkitu haren gorpua, toki hartan itsasoko korronteak eta zurrunbiloak gogorrak baitira. Beraz, duela berrogeita bi urte, Kamilak, Joseparen lagunak, jaurti zizkien madarikazioak ordaintzekotan bazeuden, konplitu dira, bete-betean konplitu ere, azkeneraino; ordaindu eta ikusi ere Josepak. Larogeita hamabi urte lepoan eta guzti hori ikusi eta sufritu beharra izan du emakume honek. Kamila eta Josepa lagunak ziren. Ezkonduak eta arrantzale girokoak. Josepak, bi seme eta alaba bat zeuzkan eta Kamilak alaba bat besterik ez. Seme-alabak hazita zeuzkaten; Joseparen seme txikienak hamazortzi urte zituen jadanik. Bi emakume horien alabak, Luzia eta Karmen ere lagunak ziren. Txikitatik elkarrekin ibili ezkero, normala zen adinera iritsi zirenean ere lagunak izatea. Gainera, kale baten bizi ziren eta horrela, harremanak ere estuagoak izan zitezkeen, sarriago ikusten baitziren. Lan ere, lantegi berberean egiten zuten, arrain lantegi batean, hain zuzen. Kamilak eta Josepak portuan egiten zuten lan. Bi itsasontzitako armadoreak ziren eta horietako lanetan ziharduten. Garai hartan, itsasontzien jabeak izanda ere, ez ziren dirudunak. Ez zitzaien falta ezer, baina bizi ahal izateko, denen lanaren irabaziak, gutxi edo asko, behar ziren. Gainera, gerra garaia zen eta jatekoa eskas zegoen. Beraz, ahaleginak eginda ere, nekez lor zitezkeen komodidade minimo batzuk. Luzia eta Karmen neska arruntak ziren. Bai fisikoki, bai izakeran eta inteligentziaz, guztiz normalak ziren, ez zuten ezer besteengandik bereizteko modukorik. Egia esateko, ez zuten posibilitaterik ere, nolabait nabarmentzeko. Ez zegoen diru soberarik jantzi ederrak erosi ahal izateko; bakoitzak egin behar izaten zuen ile-apaintzailearena, ez zegoelako bat baino, eta bakoitzaren ahalmenaren esku geratzen zen itxura dotoreago bat agertzea. Makillajea non zen ere ez, eta bateren batek ezpainak pintatzekorik lortzen bazuen, etxetik irtendakoan pintatu behar, orduko gazteek, aurpegian pintura arrastorik eramatea debekaturik baitzeukaten. Pintatzea ez zen pertsona dezenteena, emagalduena baizik. Dirudunak ere ez ziren pintatzen; herri txikietan behintzat, hori, tabu bat zen. Horregatik Luziak eta Karmenek ere, ziren baino politagoak edo ederragoak izateko, edo behinik behin, itxura hobe bat emateko aukerak murriztuta zeuzkaten. Aldakuntza bakarra ilean egin zezaketen. Asteburuetan, inbisible pila bat erosi eta argiaren kable zatiak bilatuz, bigudi moduan erabiltzeko, ile guztia ondaz eta kable zatiekin ile mondongoak eginez, burua mantila batez inguratzen zuten ohera sartu aurretik. Ohean asko ez mugitzeko ahaleginak egin behar ziren mondongoak eta ondak ez soltatzeko. Ez zen batere erosoa gisa hartan oheratzea, baina igandean aurpegi ikusteak zeuden eta horrek ahaztarazi egiten zituen inkomodidade guztiak. Hurrengo egunean, igandean, ez zuten gogoratzen jasandakoa. Igande horretako musika saiorako prest egon behar zirenean, buruko kutxuflito guztiak kenduz gero, eta polito samar zegoela baieztatuz, kalera irteten ziren bi lagunak, taldeko beste adiskideen bila. Musika, plazan egoten zen neguan, seietatik zortzietara eta udan lameran, bederatziak arte. Musika bandak jotzen zuen ordu erdirik ordu erdira bi pieza izaten ziren. Guztira zortzi edo hamar eta propinatzat beste bat. Piezatik piezara geratzen ziren hutsuneak gustuko mutilak edo neskak zein alderditan zebiltzan begiztatuz gero, haiengana hurbiltzeko profitatzen ziren, berriro musika hasten zenean, haietariko batekin dantzan egiteko aukera eduki ahal zezaten. Luzia eta Karmen lagun minak ziren. Baina dena aldatu zen, biak Estebanekin maitemindu zirenean. Esteban ere arrantzalea zen. Fisikoki arrunta bazen ere, mutil zintzoa eta oso langilea zen fama zeukan eta neska askok “begia botata” zeukaten. Baina aspalditik zebilen Karmen eta Luziarekin eta inork ez zekien bietarik zein zen bere gustukoa. Eta horrela, bi neskak, poliki-poliki lehiakide bihurtu eta Esteban norbereganatzeko asmotan, ahaleginak egiten hasi ziren. Luzia mantsoagoa zen; Karmen, ostera, biziagoa eta aurpegi handitxoagoa. Hau aiseago hurbiltzen zen Estebanengana eta edozer zen aitzaki egokia harengana hurreratzeko eta harekin solasean hasteko. Ausartagoa izateak abantailak zekarzkion eta horretaz baliatzen zen bere irtirinkeriaz Esteban liluratzeko. Luziak bestalde, ez zion oztopo handirik jartzen eta bakarrik aprobetxatxen zuen Esteban hurbiltzen zitzaion momentua. Bi nesken amek ere oso begi onez ikusten zuten beraien alabentzat egokia izan zitekeen mutil hura. Baina Karmenen zoritxarrerako, Estebanek Luzia aukeratu zuen bere emaztegaia izan zedin. Eta hor sortu ziren bi lagunen arteko iskanbilak. Karmenek, nobioa ostu ziola jaurtitzen zion aurpegira Luziari, eta honek harekin ez haserretzearren ez zion kasu handirik egiten. Eta elkarrekin jarraitu zuten, lanean eta kalean behintzat, lehengo moduan. Baina Karmenek prozesioa barruan zeraman arren, bistan zegoen ez zela lasai geratu; zerbait egin beharrean zegoela eta harreman hura apurtzeko asmakizunetan ari zen. Baina denbora hartu zuen, ez zegoen presarik Esteban ez baitzegoen herrian. Uda, itsasontziek etxera etorri gabe, arrantzan egunak igarotzen dituzten garaia da. Eta horregatik, Luziak eta Karmenek ere lasaitasun pixka bat hartu zuten eta euren arteko gorabeherak, ahantzi gabe, bazterrean utzi zituzten. Baina iritsi zen iraila eta honekin batera herriko jaiak. Itsasontziak, denak zeuden etxean eta alaitasuna, baita ongi pasatzeko aukera ere, edonon. Andra Mari bezpera zen eta Karmenek egun hori hautatu zuen bere planak aurrera eramateko. Bere estrategia ongi prestatu ondoren, errekara joan zen, aska eta horren barruan arropak, buruan zeramalarik. Garai horretan ohitura zen errekara joatea arropak garbitzera. Eta bazekien non aurkitu Esteban, (hau, errekarako bidean bizi baitzen) baita zein ordutan ere, gutxi gora behera. Behar zuena ere, bide batez aurki zezakeen, zeren hiltegia ere kale hartan zegoen, Erribera izeneko kalean; eta hara abiatu zen. Ostiral guztietan izaten zen ganadu hilketa eta hiltegiko atzealdean behi hilen odolez betetako larruak egoten ziren. Hara zuzendu zituen bere pausoak; arratsaldeko bostak zirenez, inor ere ez zegoen hiltegian, ez eta inguruan ere, haur batzuk jolasean handik hurbil, baina besterik ez eta horiek ez zioten buruko minik ematen. Askan zeramatzan izarak odolez gorritu eta berriz ere aska barruan sartuz, Estebanek egin behar zuen bidean, zelatan jarri zen, inoren arreta probokatzen ez zuelakoaren ziurtasunez. Ez zuen denbora luzerik itxaron beharrik. Bazetorren Esteban, itsasoko otzara hankan hartuta, mahonezkoz jantzita, oraindino galantagoa iruditu zitzaion. — Arratsalde on, Esteban. — Zer, Karmen? Nola ba zu hemendik? — Errekara noa gaua egin baino lehen, arropa hauek garbitzera. Ez daukate lohi handirik eta arin egingo ditut. — Derrigorrezkoa izan behar du gaurko egunean eta honelako orduan errekara joateko. Bai, premiazkoa izan beharko du, zeren zuek ez zarete hain berantiarrak etxeko garbiketak egiten. — Premiazkoa diozu eta egia da, urgentzia handikoa da. Ez nizuke esan behar, baina badakizu, ni, zure lagunik onena nauzuna eta ez daukazu zalantzan jartzeko arrazoirik. Hortaz, behartuta naukazu zer gertatzen den esaten. — Baina zer da esan behar didazuna? — Ez ahaztu, Esteban, ni, zure lagunik zintzoena naizela. Eta gainera, asko maite zaitudala, arreba baten moduan, noski; eta laguntzeko prest naukazula. — Baina esango al didazu zer gertatzen den? — Ba... Luziak umegaltzea izan duela. Hara, horregatik noa, oraintxe bertan, bere oheko maindireak garbitzera, bere ama disgustuarekin erdi gaixorik dago eta —eta buruan zeraman aska lurrean jarri eta barruan zeuden odolez betetako izarak erakutsi zizkion Estebani. Honek ez zekien zer esan. Muturik zegoela zirudien. Ez zen posible. Nola? Norena zen haurra? Nor zen aita? Zeren, bera, ez zena ziur zegoen. Berak sekula ez zion ukitu. Musuak edo laztanak ezik, besterik ezertxo ere ez. — Baina nola gertatu da? — Inork ez daki, bere amak ere ez. Gaur goizaldean etorri zitzaigun Mikela aldarrika, bere alaba hiltzen zegoela esanez. Tripetako min handiak zeuzkala eta zerbait gogorra gertatzen zaiola. Hara joan nintzen eta han zegoen Luzia ohean ia hilean. Eta orduan gertatu zen. Bat-batean odoletan jarri zen eta osagilea etorri zenean dena zegoen bukatuta. Estebanek ez zeukan zutunik egoteko adorerik ere. Azkenean zera esan zuen: — Esplikazio bat eskatu beharko diot. — Nik, zu izango banintz, ez nioke eskatuko ezertariko azalpenik. Berak ere isilean eraman du berea. Traizionatu egin zaitu, iruzur egin dizu. Zuk asko maite izan duzu, bai, nik ongi dakit hori, horretarako naiz zuen lagunik onena. Baina niri ere ez dit esan ezer eta gertatu ez bazen jazotakoa, ez dakit noraino ailegatuko zen. Nik, benetan diotsut, ez nioke ezertxo ere esango. — Bai, hobe izango da horrela —eta besterik gabe bakoitzaren bidetik jarraitu zuten. Luzia ilusioz beterik zegoen. Jaiak beti izaten dira ilusioak pizteko arrazoia. Azken orduetan, zeuzkan jantzirik politenak, behin eta berriz plantxatuz, zapatak lustratu eta brilloa ateratzen ziharduen. Jaien lehen eguna zen eta Estebanen deiari itxaroten zegoen. Bederatziak aldera, behean, kolarrean, txistua entzun ondoren, berehala kaleratzeko prest zegoen. Baina hamarrak ere jo zuten eta oraindino Esteban agertu gabe. Zer gertatu ote zen? Gaixorik al zegoen? Horrela izan balitz errekadua bidaliko zion. Baina ez Estebanik ez eta errekadurik ere ez zen heldu. Eta etxean geratu beharra izan zuen. Hurrengo egunean, etxeko lanak eta amak agindutako azken errekaduak egiten igaro zituen goizeko lehen orduak. Prest egon behar zen eguerdirako, kontzertura joan zedin. Ohitura zen herriko jaietan erbesteko musika banda bat ekartzea eta berak kontzertua ematea plazan, jaietako eguerdi guztietan. Eta han biltzen ziren herriko neska-mutil gazteak. Luzia, prestatuta egon zenean Karmen bila joan zen. Kolarretik deitu zuen, beti bezala, baina inork ez zion erantzun. Arraro samarra iruditu zitzaion, zeren, bi lagunek, lehenengo prestatzen zena joaten zen bestearengana eta orain etxean ez aurkitzeak pixka bat harritu zuen. Hala ere, garrantzi handirik eman gabe, plazara hurbildu zen laguna bertan aurkituko zuelakoan. Lagun taldea han zegoen eta Karmen beraiekin. Haienganantz hurbiltzen joan zen, baina haiek konturatu zirenean Luzia zetorrela, hurreratzen zihoala, hari begiratu gabe beste alderantz egin zuten. Luzia harrituta geratu arren, berriz ere haiengana joan zen, eta haiek berriro ere ekintza berbera eginez, urruntzen joan ziren. Gainera, orduantxe, mutil talde bat igaro zen bere aldamenetik eta laster konturatu zen Estebanen koadrila zela. Bere ere han zihoan eta bere parera ailegatu zenean, buruaz keinu bat egin eta aurrera jarraitu zuen besterik gabe. Luziaren harridurak gorengora igo zuen. Aurreko egunean etorri ez, zergatia zein zen azaldu ez, eta arratsaldean, zer ordutan irten behar zuten galdetu beharrean, ezer esan gabe aurrera egin lagunekin, hori ez zen bidezkoa, ez. Zeren lagunekin egon da ere, beti-beti elkartzen ziren hura edo bestea esateko. Baina ez zen gertatu horrelakorik, are gehiago, haserre edo zegoelakoan iruditu zitzaion Luziari. Beraz, ez zekien zer egin ez zer pentsa. Ez zen bakarrik geratzekoa, ez baitzen egokiena neska bat bakarrik egotea kontzertu batean. Etxera joan? Eta zergatik? Beste lagunen bat bilatu? Baina nor? Etxera joatea zen hoberena. Eta hori egin zuen. — Goizetik zatoz. Gaixorik al zaude? — Ez ama, ez nago gaixorik —eta Luziak amari kontatu zion gertatutako guztia. — Baina, zer gertatu zaie Estebani eta Karmeni? Eta besteei ere? — Ez dakit ama, arraro samarra da, baina laster jakingo dut portaera horren zioa zein izan zitekeen —eta etxetik irten zuen. Ia ordu biak ziren eta ordu horretan bukatzen zen kontzertua eta Karmeni itxaron zion, kontzertutik etortzerakoan galdetu behar baitzion egindakoaren arrazoia. Kale puntan zetorrela ikusi zuenean, ez zuen nahi itxaron eta bide erdira irten zion. — Karmen, zer gertatzen den jakin nahi nuke. — Zer diostazu? Ez dakit zertaz ari zaren. — Zuk ondotxo dakizu, zeren, plazan kontzertuan egin didazuena ez da normala. — Ba normala edo ez, gaurtik aurrera lagun berriak bilatu beharko dituzu, zeren, gurekin ez zara etorriko. — Zergatik, baina? — Zeuk jakingo duzu zergatik. Eta utz nazazu bakean. Agur! — Baina entzuidazu, mesedez! Zer egin dizut nik? — Zeuk jakingo duzu. Eta ez gehiago luzatu —eta besterik gabe aurrera egin zuen. Luziak, negarrari eutsi ezinik, etxea harrapatzeko gogoz, lau trankotan igo zituen eskailerak. Eta bere gelan sartu zen hitzik egiteko ahalmenik gabe. Hurrengo egunean konponduko zelakoan, gazteen arteko arazoak zirela eta, amak ez zion kasu handirik egin. Baina hurrengo egunean, bestean eta jai guztiak amaituta ere, Luziari ez zitzaion hurbildu ez Karmenik, ez Estebanik ez eta honen errekadurik iritsi ere. Lehen, Estebanek, itsasotik etortzen zenean ez bazuen Luzia ikusteko aukerarik, anaia txikia bidaltzen zion irteteko ordua jakin zezan. Baina egun guzti horietan ez zen agertu Estebanen anaia. Mikelak, Luziaren amak, kezkatuta ikusten zuen egoera eta zerbait egin behar zuela pentsatuz, jaiak bukatu ondoren eta gizonak itsasora joan bezain laster, Karmenen etxera joan zen, arrazoiren bat bilatzeko asmoz. Karmen ez zegoen etxean eta hau ez egotea egokiago iruditu zitzaion Mikelari. — Mikela, zeu hemendik hain goizetik? Zerk zakartza ba? — Hara Josepa, nik ez dakit jakingo duzun, baina nire alaba Luziak jai guztiak igaro ditu etxean inora irten gabe lagunik ez arren. Zure alaba Karmenek, lagun berriak bilatzeko esan dio, ezetariko motiborik eman gabe. Eta benetan nago minduta hainbeste urtetako lagunak hori egin beharraz. Hori ez da egiten txikitatik lagun izandako bati, eta zuk zerbait jakingo duzulakoan natorkizu argitasun bat eman diezadazun. — Hara, nik ez dakit ezer ere, ezer ere ez. — Baina zu Karmenen ama zara eta zerbait esango zizun. — Bueno, horrela jartzen bazara esango dizut. Egia esan, ni neu ere haserre nago ez didazulako Luziari gertatutakoari buruz ezer esan. Ahizpa moduan izan gara urteetan, gure alabak ere lagun izan dira jaio zirenetik, eta benetan, ez dut pentsatu sekula, hain konfiantza gutxi izango duzunik nirekin, ez. Karmenek esan zidanean zer jazo zen, haserre bizian jarri nintzen, baina ez nizun ezer esan. — Josepa, harrituta uzten nauzu. Zer da ba gertatzen dena? Esadazu, mesedez. — Ba... Luziak umegaltzea izan zuela orain dela gutxi. — Zer! Badakizu zer diozun? Ohartzen al zara hitz horrek duen pisuaz? Umegaltzea izan zuela? Konturatzen zara zein okaztagarri izan zitekeen esan duzuna? —Luziaren amak, haserre bizian egon arren, negarrari eman zion. Hala ere, ez zuen nahi etxe hartatik irten ezer gehiago jakin gabe. — Uste dut ez dakizula zer esaten zauden, hori ezin daiteke asmatu, ezin da pertsona baten ohorea behegainetik erabili gezurraren gainean eraikitako esamesa batengatik. — Nik ez dakidala zer diodan? Zuk ondo eta hobeto dakizu zer esaten dudan, zeuk eta zeure alabak. Esteban harrapatzeko ahaleginak egin zenituzten biok, nire alaba kontutan izan gabe. Zeuok jakingo duzue norena izan den galdutako haurra; hor eduki duzue, Esteban zintzoa ere engainatuta. Orain konpon zaitezte ahal duzuen moduan, herri osoan daukazue zabalduta eta —Josepak bere ziztrinkeria guztia, urteetako inbidia eta zeloak azalduz, dena jaurti zion aurpegira. Mikelak, mariamadalena bat bezala, negarretan irten zuen etxe hartatik, eztarrian zeukan korapiloak arnasa gabe uzteko zorian baitzegoen. Bere etxera iritsi zenean, eta Luziari kontatu zionean zer gertatzen zen, biak egon ziren orduetan negarrez. Luziak lanera joaten jarraitu zuen, baina aurretik han zeuzkan harremanak ez ziren lehen bezalakoak. Batzuen aldetik begi txarrez begiratua izan zen, eta beste batzuekin, berak ez zuelako nahi harremanik izatea, beti geratzen zen bakarrik eta hori gertatzen ez zenean, inorekin hitzik egin gabe igarotzen zituen orduak. Etxetik lantegira eta lantegitik etxera, hori zen bere bizimodua. Aurpegiko kolorea, gero eta motelagoa zen eta jateko gogo ezak pisua galaraziz, gero eta argalago, gero eta zurbilago jarriz joan zen. Halako egun batean, lanean zegoela, aldamenean zeuzkan emakume batzuen elkarrizketa entzun beharra izan zuen. Haiek Luziarenganako ezelako begirunerik gabe, hark entzuteko moduan hizketatu ziren. — Ba al dakizue Karmen Estebanekin hasi dela? — Hara, ez nengoen seguru, baina lehengo egunean, biak ikusi nituen zinematik irteten eta Estebanek besoaz lepotik lotuta zeraman Karmen. Ongi, ez? Gertatu behar zena gertatu da. — Bai oso bikote dotorea egiten dute. Pozten naiz neska-mutil zintzoak elkartzeaz. — Ezkondu ere laster egingo omen dira. Egia esan, ez dute ezeren faltarik. — Bai, adina badute, Estebanek dirutxoa ere edukiko du aurreratuta eta pepe eginda bizitzeko moduan daude. — Zoriontsuak izan daitezela, merezi ere badute eta. Luziak bururik altxatu gabe entzun zuen guztia, keinu nabarmenik egin ere ez, eta emakume haiek, zerbait egin edo esango zuela pentsatu bazuten ere, aho beteko hezurrarekin geratu ziren. Apropos egin zutela nabaria bazen ere, ez zuten lortu Luziaren ahotik ezer irteterik, ez protestazko hitzik ez kexa bat, ez irainik. Isilik, bere lanean ziharduen. Eta horrela jarraitu zuen hileetan, egunean baino egunean tristeago, ahulago eta zuriago. Amak, gaixotasun gaiztoren bat zeukan beldurrez, hiri nagusiko medikurik onenengana eraman zuen. Gaixo bat dagoenean, sendagilearentzat, ez dagoen lekutik ateratzen baita dirua. Baina, horiek, Luziak ez zeukala ezer esaten zioten, Luziarena beste era bateko gaixoa zela adierazi zioten guztiek, gaixorik txarrena: Bizitzeko gogo eza. Negua gogorra izan zen urte hartan eta arrainik ez egon arren, lanera joateko modurik ez zegoenez, etxean sartuta pasatu zuen. Mezatara soilik joaten zen igande goizetan, eta jendeak ikus ez zezan lehenengo mezara. Hortik kanpo, beste inora ere ez. Udaberria ere heldu zen eta berriz ere lanera hasi zen. Baina Luzia ez zen urtebete arinagoko neskato alaia eta itxura atseginekoa. Berrogei urtetik gorako emakume gaixo baten antza zeukan. Amak etxean gelditzeko esaten zion, lanera joan gabe, baina berak ez zuen nahi. Eta horrela, ekainera heltzerakoan, lantegiko pertsona batek, lagunik ez baitzuen, Karmen hurrengo igandean ezkontzen zela adierazi zion. Albiste hau entzuterakoan ezer sentitu zuen ala ez, inork ezin zezakeen jakin, inor ez zen ohartu behintzat. Betiko moduan jarraitu zuen lanean. Baina kasualitatea, ala Gorengoak horrela nahi zuelako, Karmenek ezkondu behar zuen egun berean, Luzia hil egin zen. Goizaldean, isil isilik, hogeita bi urtetako neskatoak mundu hau utzi zuen. Ia goizeko bederatziak ziren, Luzia hil eta Karmen ezkondu zeneko igande hartan. Jadanik, kale osoan ez ezik herri osoan ere, jendea jakitun zegoen gertatzen zenaz. Karmen bederatzietan ezkontzekotan zegoen eta ordua iritsi zenerako ezkongaiek, senidekoek eta adiskideek etxetik irten zuten elizara joateko. Garai horretan, norberaren etxetik hurbilen zegoen elizan egiten ziren ezkontzak eta oinez joan behar zen, ez baitzegoen kotxerik. Luziaren etxe aurretik pasatu beharra zeukaten eta honen parera heldu zirenean, Luziaren amak balkoira irten zuen eta bere saminaren poderioz, madarikazioak botatzen hasi zen: — Nire alaba hil duzue, baina zuek ez duzue izango egun bateko onik. Nire alabarekin egin duzuena ordaintzekotan bazaudete, garesti ordaindu beharko duzue. Hirugarren belaunaldira arteko guztiek pagatu beharko dute. Ez da izango senide horren jarraipenik, desagertu egingo baitira guztiak. Esteban, zuri arrainek jango dizkizute begiak. Zuen seme-alabak eta haien seme-alabak, zatika joango dira eta zuk Josepa, zeuk ikusiko duzu guzti hori. — Sartu zaitez zeure etxean, zoro hori! Eroaren hitzak besterik ez dizkiozu eta! — Konplituko diren zoroaren hitzak —eta hau esanez, ateak itxi zituen. Ustekabearen eraginez, ezkontzako jendea momentu batean gelditu bazen ere, berehala jarraitu zuen bere bidean. Bizpahiru urte igaro ziren. Mikela ere, Luzia hil eta denbora gutxira, hil egin zen eta aita, bere arreba batekin joan zen bizitzera. Etxea hutsik zegoen. Karmen gurasoen etxera ezkondu zenez, han izan zuen bere lehen eta azkena izango zen familia, alaba bat. Baina, nahiz eta Luziaren etxean inor bizi ez, beldurra ematen zion haren aurretik pasatzeak. Alhadura handia zen eta Estebani ez esan arren, buruan zeuzkan Mikelak jaurtitako madarikazioak. Gau eta egun, horietaz pentsatzen, ametsetan ere, Estebanen gorputza zatika ikusten zuen. Amari ere ez zion ezer esaten, baina hau, alabaren sufrimenduaz ohartzen ari zen. Horregatik, eliza guztietako ur bedeinkatuaz etxea bedeinkatzen eta santu guztiei kandelak ipintzeari ekiten zion. Egunero joaten zen elizaren batera bere senidearen osasuna eskatzera. Burutik ere ez zitzaion pasatzen bere alaba Karmenek, Luziaren abortuari buruz esandakoa gezurra izan zitekeenik. Ez eta susmatu ere. Baina Karmen gero eta errudunago sentitzen zen, eta beste etxe batera joatea bizitzera bururatu zitzaion. Estebanek eragozpenak ikustarazi zizkion, baina berak nahi zuena lortu zuen. Ez horrela lasaitasuna. Etxeaz aldatu arren, bihotz zimikoak barruan zirauten. Eta ez hori bakarrik, izua eta egonezina areagotzen hasi zitzaizkion. Batez ere Esteban itsasora joaten zenean bakarrik geratzean. Orduan gogorrago egiten zitzaion. Behin, lo zegoela, baten bat atea joka zebilela iruditu zitzaion. Ohetik altxatu eta atea ireki zuenean ez zegoen inor atean; baina ohera sartu eta berehala, berriro entzun zituen kolpeak. Eta oraingoan balkoitik zetozela susmatu zuen; hara joan zen dardakadan han zer aurkituko. Baina ez zuen aurkitu ezer. Beste behin, sukaldean zegoela, eta bat-batean, norbaitek leihoetako ateak bortxaz itxiko balitu bezala, kisket hotsak entzun zituen. Nahiz eta haizerik egon ez, ateak hara eta hona zebiltzan. Beldurrak jota zegoen Karmen. Gauzarik normalena ere, guztiz arraroa iruditzen zitzaion. Azkenean amari kontatu zizkion gertatutakoak. Beldur horren jatorria zein izan zitekeen inolaz ere esan gabe, zeren berak, Luziaren mendekua izan zitekeela uste baitzuen. Amak, abade batekin kontsultatzeko aholkua eman zion, berak eman ziezazkion kontseiluak ongarri gerta zekizkiokeelakoan. Amak esandakoari jaramon eginez, halako egun batean abade batengana joan zen. Honi ere, bere zuzengabekeriaren berri ez zion eman, Luziarekin eztabaida batzuk besterik ez zituela izan adierazi zion. — Begira, badirudi Luzia ez dagoela lasai dagoen lekuan, beharbada zerorrek diozunagatik. Beraz, onena izango litzateke hari barka eske joatea, berak barka zaitzan. Horregatik, joan zaitez hilerrira eta eska iezaiozu barkamena. Eta hori lehenbailehen egin ezazu, zure arima lasai dadin —eta hau esanez, bedeinkazioa eman zion. Karmenek, abadearen aholkuak aintzakotzat hartuz, hurrengo goizean, albako ordu magikoan, kanposantura joan zen. Bazekien non zegoen Luziaren hilobia, noizbait joan baitzen hara. Bi panteoi handiren erdian zegoen eta bertara zuzendu zituen bere pausoak. Hara iristean, pertsona bat ikusi zuen panteoietariko baten gainean eserita. Haren jabea edo senidekoren bat izango zelakoan ez zion jaramonik egin eta hura handik joan arte itxaron behar zuela pentsatuz, hurbilen zegoen hilobi gainean jesarri zen bera ere. Ez ziren igaro minutu batzuk baino, hara non entzuten duen bere izena. Deitzen ziona, panteoi gainean eserita zegoen pertsona zen. Ez zion ongi ikusten aurpegia; hala ere, ziur zegoen ezagutzen ez zuenaz. Burutik beherako mantoleta batez erdi estalirik, gaztea ala zaharra zen ikustea ez zen erraza. Berriz ere bere izena entzun zuen, baina oraingoan, haren ahotsak zerbait ezaguna zuela iruditu zitzaion. — Karmen, hurbildu zaitez, ez izan beldurrik, hurbildu! Karmen, ez beldurtuta, baina bai harrituta, pertsona harengana hurreratu zen. Eta harridura izua bihurtu zen. Jesarrita zegoena Luzia zen. — Beldurtuta zaude, ezta? Badaukazu zeri. Ezin diezaiokezu ariman daramazun pisuari eutsi. Pisu horrek ekarriko zaitu ni nagoen lekura. — Barkaidazu, Luzia! Nire alabaren amorearren. Barkaidazu! Badakit gaizki egin dudana, baina niretzat nahi nuen Esteban. — Hara, ikusten duzu urontzi handiaren ondoan dagoen piperpototxoa? Ekar iezadazu bera bete ur. Egin ezazu diotsudana —joan zen Karmen Luziak esan ziona egitera eta ekarri zuen urez betetako piperpototxoa. — Isuri ezazu orain ur hori hilobi honen marmolaren gainean. Jaurti zuen Karmenek ura. — Orain batu ezazu berriro. — Ezin dut. Zuk badakizu hori ezinezkoa dena. — Nik dakidana da, zuk nire ohorea eta ondra zikindu egin zenuela guztien aurrean, eta baldea zabaldu zenidala herri osoan. Eta isuritako ura batzen ez den moduan, izen ona ere ez da batzen —eta hau esanez desagertu egin zen. Karmen, orduan, erdi zoratuta, noraezean, bere oinek nora eramaten zuten ez zekiela, kanposantutik irten zen. Eguerdi inguruan, etxean ez zenean agertu, bilatzen hasi ziren. Ilunabarrean, Tonpoi Handiaren gainean, hilerritik hurbil, zapatilak aurkitu zituzten eta beherago, haitzetan, bere jertsea.
ISURITAKO URA EZ DA BATZEN |