Ots
27
19
Jose Luis Otamendik otsailaren 28an aurkeztuko du poema liburu berria: Disoluzio agiriak. Bizi ditugun garai aldakorrek sortutako galderak plazaratu ditu liburu honetan, eta galdera horiek egiteko, poesia molde berri bat bilatu du, betiko Otamendi izateari utzi gabe. Zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri zaizkigu poemotan, giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputz bat, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorriko zaiona ikusten duena. Aurreko liburutik bost urte igaro diren honetan, idazlearen hasierako poemetako samurtasuna eta surrealismoa aurkituko ditu irakurleak liburuan, urteek eman dioten aberastasun teknikoarekin.
Ots
24
19
Garai batean idazle askorentzat letren plazara jalgitzeko atea baliatuta, Irun Hiria saria irabazita, Kutxak kaleratu zuen 1992an Arantza Etxeburuaren Hitz hits, paperezko mihisetan lits poema-liburua. Beste kasu askotan bezala, eta generoak hemen badu esangurarik, eta ez hain zuzen literarioak, segidarik izan ez zuen bidea. “Garai eta molde askotako euskal poema eta euskal olerkien oihartzunez” osatua aurkeztu zigun kritikak Etxeburuaren poemarioa, orain osorik eskaintzen dizueguna.
Ots
15
19
Iaz kaleratu zuen Idurre Eskisabel Larrañagak Goseak janak poema liburua. Orain, liburu hartako sei poema entzun ditzakezu egileak berak grabatuak.
Harrezkero
Tatuajea
Desira
Alize
Atso
Edurnezuriren amarenak – 4
Ots
15
19
Lau ipuin gehitu dizkiogu ipuina.eus egitasmoari. Amaia Lasak idatzitako Rita da lehenengoa: “Emakume beltz bat naiz, Rita dut izena”, deklarazio indartsuaz hasten da 1988an plazaratu zen narrazioak, Harlemen —baina nonahi dago Harlem—, kokatutako istorioan. Eta horrekin batera beste hiru, XX. mende osoa zeharkatzen dutenak. Nemesio Etxanizen Azkoititik Elgoibarrera Katuin zuloa, 1927koa, kronika estiloan ipuina barruan dakarrena. Aintzina aldizkarian hiru X handiz sinatua datorren Presonieraren segeretua da bestea, Etienne Salaberrirena (1942koa). XX. mundu gerran atxilotze-zentro batean, Stalag IVan, dauden bi presoen gertatuak dakartza kontakizunean, alemanen etxe batera lanera doazela: gerrako kontu latz bat, egileak berak ixtorio deitutakoa. Ipuin betz bat azkenik, Xabier Gereñoren Estalki zuriaren misterioa, 1979an argitaratua.
Ots
07
19
2018ko 3-4 alearekin aro berri bati ekin dio Egan aldizkariak, zuzendaritza eta erredakzio batzorde berriaz, ikerketa aldizkari gisa indartuta, baina orain arte bezala literaturaren azterketan eta sorkuntzan oinarrituz euren jarduna. Zenbaki honetan azterketa lanak badakartza (Ainhoa Urzelai, Patxi Salaberri, Iñaki Aldekoa…), eta baita sortze lanak ere, Iñigo Astiz, Angel Erro, Itxaro Borda, Jon Gerediaga, Miren Agur Meabe. Itzulpenak ere bai: Idea Vilariño eta Juana Ibarbourouren bina poema euskaratu ditu Ainara Maia Urrozek, eta Francis Scott Fitzgeralden Nerbio-krisia (The Crack-Up) testua Javi Cillerok. Azken hau, 1936an Esquire aldizkarian hiru ataletan agerturiko saiakera-artikulu entzutetsua, hementxe eskaintzen dizuegu.
Ots
07
19
1986ko udaberrian abiatu zen Enseiucarrean aldizkaria, Miguel Angel Elkoroberezibarren zuzendaritzapean, Deustuko Unibertsitatearen babesarekin, Euskal Kultura Mintegiaren itzalean. Lau zenbaki atera zituzten bi urtean, eta gero itzali egin zen. Baina 1990ean beste talde batek heldu, formatua aldatu eta segitu zuen aldizkariarekin, 1999ra arte (tartean talde eta formatu aldaketekin). 1990etik aurrera batez ere hizkuntzalaritza alorreko artikuluek osatua izan da, baina literatur aldizkari gisa jaio zen eta sormen-lana da nagusi (jatorrizko euskarazkoa eta itzulpena) lehenengo urteetako aleetan. Deustuko Unibertsitateak orain on-line jarri du Enseiucarrean.