Egan aldizkariaren aro berria
2018ko 3-4 alearekin aro berri bati ekin dio Egan aldizkariak, zuzendaritza eta erredakzio batzorde berriaz, ikerketa aldizkari gisa indartuta, baina orain arte bezala literaturaren azterketan eta sorkuntzan oinarrituz euren jarduna. Zenbaki honetan azterketa lanak badakartza (Ainhoa Urzelai, Patxi Salaberri, Iñaki Aldekoa…), eta baita sortze lanak ere, Iñigo Astiz, Angel Erro, Itxaro Borda, Jon Gerediaga, Miren Agur Meabe. Itzulpenak ere bai: Idea Vilariño eta Juana Ibarbourouren bina poema euskaratu ditu Ainara Maia Urrozek, eta Francis Scott Fitzgeralden Nerbio-krisia (The Crack-Up) testua Javi Cillerok. Azken hau, 1936an Esquire aldizkarian hiru ataletan agerturiko saiakera-artikulu entzutetsua, hementxe eskaintzen dizuegu.