Abu 30 07

Errealismoaren bidetik:
Jon Andoni Irazusta

Gorespen handiegiak jaso gabea, merezi ez duen ahanzturan eduki izan dute azterlari gehienek Jon Andoni Irazusta idazlea. 1884an Tolosan jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen, eta lanbide horretan eta politikan jardun zuen (Gorteetarako diputatu izan zen hiru biderretan) gerrak erbesteratu zuen arte. Puerto Rico, Kolonbia, Argentinan eta Perun bizi izan zen, Liman hil zela 1952an. Antzerti aldizkariaren sortzaileetakoa, antzezlan baten euskaratzailea, bi eleberrik sartu dute euskal letren plazan: Joañixio eta Bizia garratza da… Erbesteari buruzko eleberriak biak, erbeste ekonomikoaz lehena eta politikoaz bigarrena, 1946an Ekin argitaletxeak Joañixio argitaratzean lehenengoetariko euskal eleberri errealistarekin egin genuen topo. Ohiturazko eleberriaren kontrara (Agirrerenak, Donostia, Uztaroa), Joañixio-n protagonista benetako gizarte bateko partaide da, ez gizarte-ideia batekoa. Prosa ederrekoa, nahiz eta estiloan batzuetan zabar, Leturia bitarteko euskal eleberririk aipagarrienetakotzat jo genezake. Ildo berekoa, ez hain biribila, da gaur Klasikoen Gordailura dakargun Bizia garratza da… (Ekin, 1950) Gerrari ihesi Ameriketan patu zorionekorik topatuko ez duten Ander eta Andoniren istorioa kontatzen duen narrazioa.

Horrekin batera, 2001ean zendu zen Mariano Izetaren Dirua galgarri polizi nobela dugu, 1962koa. Elizondoko seme zen Mariano Izeta aldizkari eta egunkarietan, Zeruko Argia eta Herria-n batez ere, hainbat artikulu idatzia da, herri kronista handia izanik. Ipuinak ere baditu, bertso munduan lan handia eginikoa da, eta Klasikoen Gordailura dakargun honetaz gain, Nigarrez sortu nintzan nobela ere ondu zuen. Herri hizkeran idatzitako polizi eleberri bixia duzu Dirua galgarri.

Abu 28 07

Literatur aldizkarietako kritikak

80ko hamarkadan Euskal Herrian argitaratu ziren literatur aldizkari zenbaitetan literatur kritikak aparteko tokirik izan ez bazuen ere, iruzkinen bat edo beste plazaratu zuten. 1980ko Pott Tropikala aldizkarian, adibidez, Lauaxetaren Langille eraildu bati poemaren azterketa kritikoa egin zuten Jon Kortazarrek eta Jesus Etxezarragak. 1980an eta 1981ean zenbaki bana kaleratu zituen Xaguxarra-k ere bi azterketa kritiko kaleratu zituen, Bernardo Atxagaren Etiopia eta Koldo Izagirreren Gauzetan liburuena. Irungo Plazara aldizkariak, azkenik, hiru iruzkin kaleratu zituen 1991ko uztaileko zenbakian, hirurak Amaia Iturbidek eginak. Hemen dituzu denak. (gehiago…)

Abu 22 07

Bertsogintza klasikoa

Ez dira gutxi izan, ahoz ahoko tradizioari esker, klasikoak izatera ailegatu diren bertso sailak. Horietako batzuk topatu ahal izango dituzu Klasikoen Gordailuaren aste honetako emanaldian. Horietako zaharrena, Agustin Basterretxearen Jesu-Kristo gure Jaunaren pasioa da; 1760. urte inguruan sortua, 61 bertsoz osatutako sail honek hamaika aldaera jaso izan ditu mendetan. Guk paperean argitaratutako lehen bertsio ezaguna sareratu dugu, 1777koa. Beste bertso sail famatua Juan Kruz Zapirainen Brabanteko Jenobeba (1899) duzue, hau ere behin eta berriro argitaratutakoa. Multzoa osatzeko, Pello Errota bertsolari ezin klasikoagoak Jarritako bertsoak ere dasta ditzakezue.

Abu 21 07

Pamiela eta Korrok aldizkarietako kritikak

1980ko hamarkadan, literatur aldizkariek gurean garai oparoa ezagutu zuten hamarkadan, bi aldizkari indartsu izan ziren Iruñean eginak, Korrok eta Pamiela. Elebiduna Pamiela, euskarak eta gaztelaniak bat egiten zuten, literaturak eta beste zenbait gai forma aldetik berritzaileek bat egiten zuten bezalaxe. Euskara hutsezkoa izan zen Korrok, 12 zenbaki kaleratzera iritsi zena. Literatur kritikek, liburuez azterlanek, bietan izan zuten tokirik, handiegia ez bada ere. 20 liburu kritika kaleratu zituzten, hemen dauzkazuenak. (gehiago…)

Abu 15 07

Antzinako bost doktrina

Kontrakoa dirudien arren, Klasikoen Gordailuaren helburua ez da inor kristau legera makurtzea. Haatik, irudipen hori indartzera gatoz aste honetan ere, antzinako bost doktrina berrargitaratuta. Haien balio nagusia, antzinakoak izatea, 1656tik 1739ra bitartean argitaratu ziren eta. Zaharrena, Martin Otxoa Kapanagaren Dotrinea, XVII. mendekoa. Ondotik dator Jose Otxoa Arinen Doktrina kristianaren explikazioa (1713), argitaratu izan den gipuzkerazko lehen liburua. Beranduxegokoak dira beste hiruak: Martin Arzadunen Doktrina kristianeen explikazinoa (1731), Franzisko Elizalderen Apezendako dotrina kistiana uskaraz (1735), eta Juan Irazustaren Doktrina kristiana (1739), ostera berragitalpen eta moldaketa gehien izan dituena.

Abu 14 07

Olerti aldizkariko kritikak

Santi Onaindiak bultzatu eta burututako Olerti aldizkariak ez zion tarte handia eskaini literatur kritikari, sorkuntzazko lanen argitaratzeari baizik. Olerkiak —jatorrizkoak eta itzulpenak—, bertsoak eta prosazko zenbait lan kaleratzen zituen, batez ere, aldizkariak, baina hamar liburu kritika ere bildu zituen, 60ko hamarkadan agertutako liburuena. Olerki liburuak ia denak (Iratzederren Zeru-menditik, Arantzibiaren Bitargi, Gandiagaren Elorri, Bergiliren lanak…), Nemesio Etxanizen Lur berri billa ere bai (1967koa kritika, Santi Onaindiak dio Alain Robbe-Grilleten tankerakoa duela ipuin bat). Aldizkariaren egile eta sustatzaile nagusia zen Onaindia da kritika gehienak idatzi zituena, eta berarekin batera Zeleta, Aurre Apraiz eta Basabil. Hemen dituzu hamar kritikok. (gehiago…)

Abu 08 07

Mende osoko idazlea,
Eusebio Erkiaga

Antzerti yayan izan naz antzezlanaren eta Irribarrea galtzen denean eleberriaren artean 50 urteko tartea dago, eta urte horietan guztietan jardun zuen —hainbat urtetako isilaldiez, jakina— Eusebio Erkiagak, poemak idazten, kazetaritzan —Eguna egunkariko erredaktore izan zen—, euskararen aldeko lanetan… Lekeition jaioa 1912an, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan hasi zen poemak argitaratzen, eta 1936ko Lekeitioko Olerti Egunean aipamenik erdietsi zuen. Olerkiak idatzi eta argitaratzeari utzi ez bazion ere (liburu gisa ere bai, baina batez ere aldizkarietan: Olerti, Karmel, Egan), gerraren etenaren ostean eleberrigintzara jo zuen. Poemetan erakutsitako hizkuntza jori eta aberatsean, sei eleberri idatzi zituen, hiru 1950-60etako aroan —gaur Klasikoen Gordailura dakartzagun Arranegi (1958), Araibarko zalduna (1962) eta Batetik bestera (1962)— eta hiru 80etan, lanetik erretiroa hartuta: Txurio Txoria, Jaioko dira eta Irribarrea galtzen denean. Eleberri kostunbristak dira gaur Gordailura dakartzagunak, batez ere Arranegi, Txomin Agirreren Kresala-ren ildokoa dena, itsas giroko nobela. Hirira garamatzate besteek, eta pertsonaia diferenteagoeara, janzkera modernoa ematen diotenak, nahiz eta protagonisten bizibideetan —galbideetan batik bat— idazlearen ikuspegi morala larregi nabaritzen den. Hementxe hiru eleberriok.

Abu 07 07

Idatz & Mintz aldizkariko kritikak

Literatur Atalen Sorta azpizenburuarekin plazaratu zen Idatz & Mintz aldizkariaren lehen aletik, 1986tik, 2007ko azken alera arte literatur kritikari tokia eskainiz jarraitu du Labayru institutuaren ekimenez plazaratzen den aldizkariak. Hogei eta gehiago zenbakietan asko dira iruzkindutako liburuak, 20 urtez gure literaturak eman dituen lan esanguratsu anitzen komentarioa bilduz. 55 dira guk jaso ditugun kritikak, aldizkariaren 37. zenbakira bitartekoak. (gehiago…)

Abu 02 07

Augustin Anabitarte, narrazioaren gozoa

Euskarazko bidaia kronika lehenetakoa da Aprikako basamortuan, Augustin Anabitarterena (bereaz gain, Martin Ducq, Jon Izurrategi, Jean Etxepare aipatu ohi dira). 1891n Donostian jaioa, merkataria, aldizkarietan ekin zion idazle lanari: Argia, Euskal Esnalea, Euzkadi. Dibulgazioko lan batzuez gainera, 36ko gerra aurretik giro eta eduki kostunbristako bi eleberri idatzi zituen —Klasikoen Gordailuan jada dauden Usauri eta Donostia—, prosagile fina erakutsiz. Kostunbrismotik haratago, edukiari dagokionez ausartagoa da Poli eleberria, 1958koa, Donostiako kai eta kaleetan bizi den Poli umezurtzaren istorioa kontatzen diguna. Barojaren protagonisten eiteagokoa, Anabitarte eleberrigile destakatu moduan berretsi zigun. Aprikako basamortuan izan zen euskarazko bere azken lana, Poli bezala Itxaropena argitaldariaren Kuliska Sortan plazaratua (1961ean). Bidaia kronika, idazleak —bidaiaria zaletasunez, bere bidaien argazki sortak ere egiten zituena— Marseillan hasi eta Aljeriako basamortuan 1954an egindako ostera kontatzen du, paisajearen, herriaren, bidailagunen eta bizilagunen kronika bixia osatuz. Gerraosteko Anabitarteren bi lanok bildu ditugu Klasikoen Gordailura.

Abu 02 07

Hegats aldizkariko kritikak

Euskal Idazleen Elkarteko agerkaria den Hegats aldizkariak hasieratik bertatik landu ditu, sorkuntzazko literatur lanekin batera, kritikagintza eta literatur azterketa. Hainbat gairen inguruko artikuluez gain, liburuen literatur-kritika hertsia ere egin izan du. 1989an hasita 2004ra arte —oraindik ere badihardu, eta horiek Kritiken Hemerotekan jasotzen ditugu—, berrogeita hamarretik gora dira iruzkindutako liburuak. Sakon aztertutakoak zenbait, batzuk liburu-kritika hertsia bainoago zenbait libururen azterketa sakona baitira (aldizkariaren 8, 10 eta 12 zenbakiak osorik horretara eskaini ziren, liburu azterketara, Biderako arrastoak izenburuaren pean). Aldizkariak liburu inportanteen eta 90eko hamarkadako euskal literatur bideen segimendua egin duen heinean, denak bildu ditugu, 58. (gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak