Abu 21 07

Pamiela eta Korrok aldizkarietako kritikak

1980ko hamarkadan, literatur aldizkariek gurean garai oparoa ezagutu zuten hamarkadan, bi aldizkari indartsu izan ziren Iruñean eginak, Korrok eta Pamiela. Elebiduna Pamiela, euskarak eta gaztelaniak bat egiten zuten, literaturak eta beste zenbait gai forma aldetik berritzaileek bat egiten zuten bezalaxe. Euskara hutsezkoa izan zen Korrok, 12 zenbaki kaleratzera iritsi zena. Literatur kritikek, liburuez azterlanek, bietan izan zuten tokirik, handiegia ez bada ere. 20 liburu kritika kaleratu zituzten, hemen dauzkazuenak.

Nafarroako euskal idazleen plataforma garrantzitsua izan zen Korrok aldizkaria. 1984an abiatua, talde eragilea Jon Alonso, Josune Aranburu, Josetxo Azkona, Xabier Diaz Esarte, Ana Iribar eta Mikel Tabernak osatu zuten, eta Nafarroako idazle askoren bilgune izatera iritsi zen: Aingeru Epaltza, Patziku Perurena, Txiki Idoate, Gorka Setien, Isidro Rikarte, Joakin Balentzia, Bixente Serrano, Asisko Urmeneta…. Literatur sorkuntza aldetik, eta batez era artikulugintza literarioaren ikuspegitik, ale oso interesgarriak kaleratu zituen. Eta zortzi liburu azterketa, 1984an eta 85ean kaleratuak batez ere (azkenak 1989an): Os Eidos; Onkoteak; Basilika; 110. street.eko geltokia; Euzkadi merezi zuten; E pericoloso sporgersi; Gauaz parke batean; Narrazioak.

Korrok-en jardundakoek idazten zuten Pamiela-n ere, Nafarroako gaztelaniazko idazleekin batera argitaletxea ere barruan bildu zuen proiektuan bildu zirenak. 1983tik 1993ra bitartean 14 zenbaki kaleratu zituen. Txema Aranaz, Miguel Sanchez Ostiz, Xabier Eder, Pello Lizarralde, Victor Moreno, Santiago Etxandi… 80etako hasieran literaturaz solasteko eta lanerako biltzen ziren, eta handik etorri ziren Pamiela aldizkaria lehenik eta argitaletxea gero. Formetan berritzailea, irudiari aparteko garrantzia eman ziona, dozena bat liburu kritika plazaratu ziren agerkariak kalera atera zituen 15 zenbakietan, gehienbat 1983-86 tartekoak: Izurri berria; Jolasean; Zoo ilogikoa; Oromenderrieta; Ta marbuta —liburu hau, Susa aldizkarian bezala, egurra jasota—; Ni ez naiz hemengoa; Ispiluak; Dudular; Nafarroako artizarra… Luis Gutierrez Larreak, Kakabeltzek —Korrok-en ere hainbat kritikaren egilea—, Txema Larreak, Luigi Anselmik… jardun zuten, besteak beste, kritikari.

Agenda

Efemerideak

Kritikak