Abu 25 09

Truman Capote hil zela 25 urte

Truman Streckfus Personsek aitaordearen abizen bat hartu zuen idazle izentzat: Truman Capote. 17 urterekin The New Yorker aldizkarian hasi zen lanean, eta 23 zituela argitaratu zuen aurreneko nobela: Other Voices, Other Rooms. Idazle amerikar ezagunenetako bat bilakatu zen Gosaria Tiffany’s-en (1958) eta batez ere Odol hotzean (1965) eleberrien kariaz. Orain hogeita bost urte hil zen Los Angelesen, 1984ko abuztuaren 25ean. Haren oroigarri Iñaki Iñurrietak 1991n itzulitako Eskerregite eguneko bisitaria liburua eskaintzen dizugu sarean. Haurtzaroko oroitzapenak kontatzen ditu Truman Capotek, Alabamako herrixka batean.

Capoteren beste lan batzuk euskaraz:

  • Kameleoientzako musika. Itzul: Xabier Olarra (2000, Igela)
  • Odol hotzean. Itzul: Xabier Olarra (1993, Igela)
  • Gabonetako ipuinak. Itzul: Joseba Urteaga (1991, Igela)
  • Ehun atsekabeen atea. Itzul: Joseba Urteaga (1990, Igela)
  • Eskuz landutako hilkutxak. Itzul: Xabier Olarra (1990, Igela)
  • Gosaria Tiffany’s-en. Itzul: Koro Navarro (1989, Elkar)

Abu 19 09

Andoaindarren hotsak

Joyceren Dublindarrak edo Montoiaren Gasteizko hondartzak kontakizunetan bezalatsu, andoaindarrak protagonista bilakatu zituen Pablo Sastrek Elurretan hotsak liburuan (Susa, 2004). Sei ekitalditan ondutako nobela mintzatu hau osorik argitaratu dugu sarean: film dokumental baten gisara eraikia, ehun lagun inguruk jokatua.

Abu 17 09

Orain 30 urte hil zen
Jokin Zaitegi

“Halabeharrez, eta zuzentasunaren alde jokatzearren, bizitzarte osoan erbestean bizi izanda, euskaldun nonahitar gertatu izan naiz” aitortu zuen Jokin Zaitegik. Gaurko egunez hil zen, 1979ko uztailaren 17an, gure literaturak izan duen ekintzaile handietarik bat, Euzko-Gogoa aldizkariaren sortzailea, itzultzailea (Sofokles, Euripides, Platon, Eichendorff, Heine, Uhland, Morike, Liliencron, Dehmel, Longfellow, Pascoli, Hugo, Baudelaire, Sully Prudhomme, Baroja, Benavente, Verdaguer, Costa i Llobera, Joan Maragall…) eta poeta. Sarean jasoak dituzu Zaitegiren Goldaketan (1946) eta Berriz ere goldaketan (1962) liburuak, bai eta ere Koldo Izagirrek apailatutako poesia kaiera antologia.

Abu 09 09

Hermann Hesseren
lehen eleberria

Peter Camezind nobela (1904) izan zen Hermann Hesse idazle alemaniarrak idatzitako estreinakoa, euskarara Xabier Mendiguren Bereziartuk 1992an ekarria, eta orain sarean eskaintzen dizuguna. Peterrek ama ohean hiltzen ikusi zuen, eta aitaren izaera bihozgogorraz akiturik, herrixkatik alde egingo du mundua ezagutzera, Frantzian, Italian eta Suitzan barrena. Nobelaren amaieran, ordea, gaztetan ardoa edaten erakutsi zion aitarengana itzuliko da: “Pozik nago, munduaren zorionaren atzetik ehiza zorte gabean ibili ondoren, berriro laku eta mendiaren bitarteko zoko hartara neure burua gidatzen ikusteaz”. Hermann Hesse Suitzara joan zen bizitzera 1919an, Lehen Mundu Gerrari buruz idatzi zituen kritikengatik lagunen arbuioak jasan ezinda. Nobel Saria eman zioten 1946an.

Hesseren beste lan batzuk euskaraz:

Abu 04 09

Knut Hamsunen Gosea

Duela 150 urte, 1859ko abuztuaren 4an jaio zen Knut Hamsun idazle norvegiarra, 1920an Nobel sariduna izan zena. Arrakasta izan zuen hogeita bederatzi urterekin idazten hasitako Gosea nobelarekin (1890an argitaratua) eta eragin handikoa izan zen XX. mende hasierako literaturan, esate baterako Maxim Gorkik eta Thomas Mannek laudatua. Bi film ere egin dira eleberri horretan oinarrituak: 1966an Henning Carlsenek eta 2001ean Maria Giesek. Bigarren Mundu Gerran Hamsum nazien alde agertu zenez (Goebbelsi oparitu zion Nobel sariaren domina), bere obrari bizkarra eman zitzaion. Juan Mari Mendizabalek 1990ean euskaratutako Gosea nobela osorik eskaintzen dizugu. Idazle gazte bat du protagonista, pobreziak eta goseak eromenerantz daramana.

Agenda

Efemerideak

Kritikak