Aza
26
15
Hamar urte dira “Neguko zirkua” plazaratu zuela Harkaitz Canok. Orain Beti oporretan narrazio liburu berriarekin dator, 14 kontakizunez atondua. Azaroaren 27an jendaurrean aurkeztu aurretik eskaintzen dizkizugu osorik. Uda, asteburu luzea, txangoa… geure buruari opa diogun gozamen tartea da oporraldia: atseden hartu eta indarrak berritzeko sasoi irrikatua. Beti ez dira gauzak espero bezala gertatzen hala ere. Desegokia suerta daiteke bidaidea, nahas liteke giroa edo trakestu familiako bakea. Bizipozaren ifrentzuak badu bere taupada: iraganeko zoriona berritu ezinak dakarren sosegu eza. Zoriontsuak izan ginen lekuetara ez itzultzea gomendatzen dute zuhurrenek. Nola eutsi tentazioari, ordea, noizbait paradisu txikiren bat ezagutu baldin badugu?
Aza
18
15
Bahiketa baten istorioa da Gidariaren okerra nobela laburra. Burua galtzeko zorian dagoen taxista batek antolatua da ekintza, konplize dituela bere iloba lehenik eta diru premiaz dabilen argazkilari bat gero. Bilbora datorren ikerlaria atzeman, balio bereziko informazio medikoa erauzi eta akabo. Baina zer gertatu zen benetan? Argazkilaria (narratzailea) ez dago seguru; saiatzen da memorian dauzkanak kontakizun koherente batera ekartzen, nahiz eta bahiketako kideen amarruek eta sekretuek nahasgarri bihurtzen dituzten egiak eta gezurrak, errealitatea eta irudipenak. Gotzon Barandiaranek azaroaren 19an aurkeztuko du nobela jendaurrean.
Aza
12
15
Ehun urte azaro honen hamabian Roland Barthes semiologo handia sortu zela. Oroigarri, orain hirurogei urte xuxen idatzi zuen Frantziako Turra epopeia gisa izeneko artikulua ekarri dugu (Le Tour de France comme épopée, 1955) laster osatuko zuen liburu ospetsuan ere argitaratua (Mythologies, 1957). Obra honetan Barthesek zorroztasunez eta ironiaz ikertu zituen garaiko gizarte frantsesaren mito nagusiak: sukaldea, DS Citroena, ardoa, Abbé Pierre… Mitoa, izan ere, komunikatzeko tresna dugu, baina mezu zehatza daukan tresna, historiaren une jakin batean gizarte jakin bati zuzentzen zaionez: mitoaren muinean dago alderdi ideologikoa. Hitzen naturaltasuna inposatua dela erakusten digu Barthesek, horretarako direla hain zuzen mitoak, adierazteko eta jakinarazteko, ulertarazteko eta bortxaz nagusitzeko. Baita, bidenabar, estalgarri dotore bat pausatzeko ere oinarriaren gainean, alegia, mitoa sustatzen duen antolamenduaren zinezko helburuak ezkutatzeko.
Aza
02
15
Berrogei urte azaroaren bian Pier Paolo Pasoliniren gorpua Ostiako hondartzan azaldu zela. Nekez argituko da haren heriotza: gorroto handiak bildua urteetan, eta ikerketa arriskutsu batean abiatua Mattei aferan. 1968 urte mitikoan estatuaren egiturak astindu zituen mugimendu handia sortu zen Italian, Ezker Berria esan izan zaiona, alderdi komunistaren ildo kontserbadorea agerian utzi zuena. Pasolinik itxaropenez eta begi zorrotzez jarraitu zituen belaunaldi gazteen borrokak, Scritti corsari liburuan bilduko zituen artikuluetan bere iritzi beti librea emanez. Horietako bat ekarri dugu oraingoan, Ile luzearen aurka (Contro i capelli lunghi,1973), Pasolini politikoa, pentsalaria eta semiologoa ederki islatzen duelakoan, alegia, Pasolini ezezagunena. Ez haatik makalena.
Aza
02
15
Bartzelonako Biblioteca Esquerra de l’Eixample-n euskal literatur liburuez jardunaldiak egingo dituzte katalanez, azaroan abiatu eta maiatza bitartean, hilero laugarren asteartean arratsaldeko 19:00etan. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea azaroaren 24an, Unai Elorriagaren SPrako tranbia abenduaren 22an, Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa urtarrilaren 26an, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao otsailaren 23an, Harkaitz Canoren Twist martxoaren 22an, Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean apirilaren 26an eta Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian maiatzaren 24an.