Abu 07 07

Idatz & Mintz aldizkariko kritikak

Literatur Atalen Sorta azpizenburuarekin plazaratu zen Idatz & Mintz aldizkariaren lehen aletik, 1986tik, 2007ko azken alera arte literatur kritikari tokia eskainiz jarraitu du Labayru institutuaren ekimenez plazaratzen den aldizkariak. Hogei eta gehiago zenbakietan asko dira iruzkindutako liburuak, 20 urtez gure literaturak eman dituen lan esanguratsu anitzen komentarioa bilduz. 55 dira guk jaso ditugun kritikak, aldizkariaren 37. zenbakira bitartekoak.

1981ean kaleratu zuen lehen zenbakia Idatz & Mintz aldizkariak, Labayru institutuaren ekimenez. Mendebaldetik egina, eta mendebaldera begira, ez zion hala ere aldizkariak, literatur sorkuntzaren edo azterketaren aldetik bederen, ekialdera, iparraldera edo hegoaldera begiratzeari uko egin. Liburu kritikak lehen aletik beretik jasotzen hasi zen —Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena, Jon Kortazarrek iruzkindua—, eta gerora gaur egun oraindik ere irauten duen Liburuak atala sortu zuen, non liburu azterketa jarraitua egin den, hogeitaka aleetan azken hogei urteetako produkzioaren errepaso esanguratsua eskainiz. Hona tituluetako batzuk: Poliedroaren hostoak, Etiopia, Hamaseigarrenean aidanez, Kcappo, Mundu munduan, Ziutateaz, Kalamidadeen liburua, Azkenaz beste, Koaderno gorria, Harrien lauhazka, Hitzen ondoeza, Tigre ehizan, Non dago Basques’ Harbour?, Bai… baina ez, Azalaren kodea, SPrako tranbia … Autore zaharrei ere eskaini izan zaie toki berezia, haien lanen biltze edo berrargitalpenen inguruan: Txomin Agirre, Lauaxeta, Resurrecion M. Azkue, Barrensoro, Gabriel Aresti…

Aldizkariaren ingurunean lan egin duten izen batzuk errepikatzen dira kritikak sinatzen dituztenen artean —Jon Kortazar, Igone Etxebarria, Iñaki Sarriugarte, Arantza Etxebarria, Asier Astigarraga—, baina beste asko ere bildu izan dituzte euren sinadura jartzera: Iratxe Gutierrez Retolaza, Ritxi Lizartza, Nagore Amondarain, Ana Urkiza, Miren Agur Meabe, Ixiar Rozas…

Agenda

Efemerideak

Kritikak