|
Hitz hits, paperezko mihisetan lits
I.— FERIA
Iritsi dira, hemen dira, gorriak, berdeak, horiak, urdinak,laranjak eta dirdirak, hamaika margotako egunsentiaz apaindu da feria.
Haur musu gorriek amaren eskutik gozoz igurtzitako sagarrak maizkatuz zoramenean mozkortuak lepoa luzatzen dute ontzi majiko horien begirada labur baten bila.
Irriak, orruak, sorgailuen taupada erritmikoak parabisura zaramatzaten ontzi-kirrinkarekin nahasturik, almendra zurituak, kotoiezko hodei gozokien zerua lurrean.
Hor zaldiko-maldiko jira eta bira olatuen mugimenduan orain gora, orain behera organotxoaren musika inguratzailearen doinuan dantzan.
Haur begi zabalak untzi kulunkariari so bere zirrara dastatzeko ase ezinezko irrikan.
Erne dira hor norian zamalkatzeko zain beste bira baterako arrenkuratsu badoaz oldarturik, nahasmenean txunditurik abiadura bizian gora, zerua laztantzera ahoak zabalik, gogor helduz, begiak estuturik, taupadak gogor bularrean, oihu eta irri eroak izaki jainkotiarrak ernatu nahiean.
Txurro erre eta azukre usain, irripar eztiak badoaz amiltzen arrats geldian. Gozo hondakinak darizkie okotzetik behera, bere paperezko usoei putz eginez badoaz zorion zirrarak begitartean.
Hustu da haur amets sorleku joria. Hori dira gelditzen bost hogerlekogatik etorkizuna igerriko dizuten sorginak, krispeta zorro hustuak, gozoki bildukin likinak, poliki hebainduz sorgailu-taupada erritmikoak.
Feriaren majia da orain zerura abiatzeko gozatutako pasaien artean lo datzan errealitate mingots-likitsa.
Hitz hits, paperezko mihisetan lits |