|
Hitz hits, paperezko mihisetan lits
XVIII.— AITORMENA
Aitortzen dut ez naizela damutzen, aitortzen dut ez dudala etsiko, hain da ederra, zoragarria, nire zuganako maitasuna.
Gizakion ustelkeriak epaituko gaitu, ur uherren hots zurrunbilatsuak erotuko gaitu, baina guk, hesi gogor bat, arantzez jositako hesi bat eraikiko dugu gure bidean etsipenean erori gabe, burua makurtu gabe, aurrera jo beldurrik gabe zainetan odola bero dugun artino.
Eta esan ditzatela, suge, apo, armiarma beltz horiek esan ditzatela, bai hitz pozoitsuak, gu gorrak bait gara, eta itsuak, eta amodioari, soilik hari dizkiogu zabalik begiak, besoak, erne belarriak eztia darien hitz gozoen fereka amultsuei, urtzen gaituzten gau beroetako xuxurloei.
Gure amodioaren preso bihurtuko gaituzte.
Baina apika norbaitek, noizbait, egunsentian ulertuko gaitu, eta leihoak irekiko dira, horma astunak erori, eta aire freskoaz horditurik eguzki jaioberri baten gozoa dastatuko dugu
askatasunean.
Hitz hits, paperezko mihisetan lits |