Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999

 

 

III.— ZURETZAT

 

                     Zuretzat,

                     kristal hautsien artean

                     loak hartzen zaituen horrentzat.

 

   Zure begitartearen ilargi barean

samurtasun pausatuzko esmeralda biren taupadak.

Itsaso uherretako ekaitza,

udaberriko fruitu ondua

elur eta orbelez inguratua.

 

   Zure adegi nareak zurituz doaz

baina oraindik urrun da zure udazkena,

eta poetaren inspirazio zara edertasunik gorenena, hutsik,

inoiz izango ez litzatekeena.

 

   Sapa ikasiaren iturri emankorra,

samurtasunez,

ikasle hilentzako

maisutasunezko espektroetan

hautseztatu eta baztertuak ziren

arimaren bide itzaltsu eta arantzatsuak

argitzen dituena.

 

   Maskararik gabe,

apal

amodiozko eskeintzan

aurkezten zara,

harkaitzik gogorrenak hauts bihurtu

eta nire azala zarrastaka urratzen duten

oinaze izkutuak oihukatuz.

 

   Isurtzen zarenean,

nigan berdatzen diren bideen egarria

asetzen duzuna,

nire adegia blaitzen duen

astro gozo

jainkotiarra.

 

   Min ematen,

zauritzen duten arantzartean

bide egiten duen

arima sakon baten gardentasuna.

 

         Eta odola dario

         baina ez du inoiz etsiko.

 

Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999