|
Hitz hits, paperezko mihisetan lits
XIV.— SEME HILARI REQUIEM
Herio doilor hotzak eraman zintuen gaztetasunaren freskotasunean. Minez, dolorez urtu ziren ama eta anai-arrebak, herriko lagunak, solaskideak.
Zu zara orain lur jainkotiarraren magaletan datzan fruitu gazte eztia, ondu gabe erauzia.
Oraitzapen guztiak gogora bihurtzen dira saminki moltsotuz; zauriak irekitzen odolustuz.
Amak, urnegar urrakor mingotsean murgildurik herio doilor hotzak ohostutako semearen gela isil hutsean bularretan estutzen du bere usoaren atorra arnasestuka, ukabilak gogor hertsirik barnetik darion dolaminez itoa ezpainetara hurbiltzen du, samurki, oihu ito batean, begiak estuturik laztanez josi garai batean lilitegiko urretxindorra, bere odolaren odol, arnasaren arnas izandakoaren udaberriko lurrinaren bila.
Oroitzapen mingotsen sorleku joria, gela isil bakartia, ama arrenkuratsu baten auhen arrailagarriak soilik urratzen duen bakea.
Eta, belaunikatuz, ahapeka bihotzetik otoitz egiten du argilotan den aingerua iratzar ez dadin.
Hitz hits, paperezko mihisetan lits |