|
Hitz hits, paperezko mihisetan lits
IV.— PARABISUAN ESPETXERATURIK
Gau batetako iluntasun beltzean parabisuan sartzeko gonbita jaso zenuen.
Itsumenean, pausu bat eman eta urre trinkozko ate astuna zeharkatu zenuen. Hura bai edertasun zoragarria! Itsasoa esku biz besarkatu ahal izan zenuen, eguzkia irentsi eta lamiekin amodioa egin, ilargian kulunkatu edo izarrekin hitz egin. Han zenuen mugagabeko zorion lizuna dastatu hura zen zure ametsen harrobi.
Hainbat zenuen atsegin non berriz itzultzeko ase ezineko irrikaz beste txartel bat lortzeko zenuen guztia eman bait zenuen, zure sendia, zure adiskideak, neskalaguna eta ondasunak. Horrela, behin eta berriz.
Baina, egun batez itzaletan, nigarrez aurkitu zintudan, bilutsik, malko gaziek begiak erreta, dardarka sumindura garratzean murgildurik.
Parabisuan negu zen eta ez zenuen arroparik, elurte hariak zure sorbaldetan eskegi eta zainak ubeldurik, hain zinen, korapilaturik, izuturik. Irten nahi zenuen, baina ez zenuen, jada, ate astun hura irekitzeko indarrik; saldutako adiskide eta senideak birreskuratu nahi zenituen, baina, ez zenuen adorerik. Han ez zen ohe berorik, ez sutondorik, ez adiskide leialik, hotza eta bakardadea besterik.
Nire ezintasunean eskua luzatu nizun, baina parabisuko argi diztiratsuak itsutua zintuen, eta bere mugagabetasunean orain zu hutsal ahul soil biluzi horrek bakarrik horma astunak suntsitu eta itzultzeko bidea aurkitu behar zuen.
Hitz hits, paperezko mihisetan lits |