Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999

 

 

I.— FERIA

 

   Iritsi dira, hemen dira,

gorriak, berdeak, horiak,

urdinak,laranjak

eta dirdirak,

hamaika margotako egunsentiaz

apaindu da feria.

 

   Haur musu gorriek

amaren eskutik

gozoz igurtzitako sagarrak

maizkatuz

zoramenean mozkortuak

lepoa luzatzen dute

ontzi majiko horien

begirada labur baten bila.

 

   Irriak, orruak,

sorgailuen taupada erritmikoak

parabisura zaramatzaten ontzi-kirrinkarekin

nahasturik,

almendra zurituak,

kotoiezko hodei gozokien zerua

lurrean.

 

   Hor zaldiko-maldiko

jira eta bira

olatuen mugimenduan

orain gora, orain behera

organotxoaren musika

inguratzailearen doinuan dantzan.

 

   Haur begi zabalak untzi kulunkariari so

bere zirrara dastatzeko

ase ezinezko irrikan.

 

   Erne dira hor

norian zamalkatzeko zain

beste bira baterako arrenkuratsu

badoaz oldarturik,

nahasmenean txunditurik

abiadura bizian gora,

zerua laztantzera

ahoak zabalik,

gogor helduz,

begiak estuturik,

taupadak gogor bularrean,

oihu eta irri eroak

izaki jainkotiarrak ernatu nahiean.

 

   Txurro erre eta azukre usain,

irripar eztiak

badoaz amiltzen arrats geldian.

Gozo hondakinak darizkie

okotzetik behera,

bere paperezko usoei putz eginez

badoaz

zorion zirrarak begitartean.

 

   Hustu da haur amets

sorleku joria.

Hori dira gelditzen

bost hogerlekogatik

etorkizuna igerriko dizuten sorginak,

krispeta zorro hustuak,

gozoki bildukin likinak,

poliki hebainduz

sorgailu-taupada erritmikoak.

 

   Feriaren majia da orain

zerura abiatzeko

gozatutako pasaien artean

lo datzan

errealitate mingots-likitsa.

 

Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999