|
Hitz hits, paperezko mihisetan lits
XX.— GAUERDIKO MUSA
Udako gau epela, ilargi betea eta izar diztiratsuak balusa beltzeko mantuan eskegi. Belar hezearen gainean, suaren inguruan mendizale gazteok atseden une bat anaitasunean.
Kitarristaren hatz majikoek lehen akordea jotzen dute, eta bere ahots eztitsuaren zirrarari lotzen zaizkio hamaika margotako ahots beroak kantutan.
Gauerdi da kanpamenduan, hontzurien arnasa itotzen da bere melodien odol jario goriaz. Eta natura isiltasunean murgiltzen da kitarrajolearen ahots eztiaz goxatzeko, bere melodia fin, leun, epelean lasaitasunean loak hartzeko.
Niri, berriz, bazter batetan, isilpean, mututurik malkoak darizkit, barne erraiak zaizkit urtutzen kantariari ezpainetatik darion eztiaz blai.
Naturarekin bat eginik, bere arnasetik edanez bere bihurguneen gurintasunean atseden hartzen dut, begiak leunki hertsirik melodia gozo haien ezpainak samurtasunez laztandurik, uhin ikustezinetan kulunkatuz.
Eta, bere ile adats finez sortu nahi nuke nire kitarra, ase zezan nire egarria, izanez beti nire zorionaren iturri gauero bere maitale bilakaturik.
Hitz hits, paperezko mihisetan lits |