Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999

 

 

XII.— ITSASGIZON ZAHARRA

 

   Oraindik

isladatzen da bere begietan

itsasoaren urdintasun hori,

eta bere begirada,

geldoa,

hodeiertzean finkatua,

itsaso eta zeru,

lan eta sari

maitasunezko besarkadan

bat egiten diren gunean

galdurik.

 

   Zuri,

itsasoa bizi izan zenuen horri,

sofritu zenuen horri,

beragan lehertu

eta bere zangartasunean borroka egin zenuen horri,

ordainez,

berak

bere erraietako dohaiak,

bere bizitz-altxorrak

eskeini zizkizun

sakrifizio eman.

 

   Orain,

zure adegi zurietan

zeruan zehar,

kaioekin batera hegan doazen oroipenak

moltsotzen dira,

eta

malenkoniazko malko gaziek

zure begitarte gogor,

lehorra

zeharkatzen dute

goitik behera.

 

   Oraindik,

lan gogorraren,

nekearen arrastoak

gordetzen dituzten esku horiek,

zenbaitetan gainezka,

zenbaitetan hutsik

sareak eutsi zituzten esku horiek

dardarka,

orain,

arrantzaleak itsasoratzeari so.

 

   Gezalak

zure hezurrak marraskaturik

aingura lurrean bota zenuen,

eta orain,

geldirik,

bortura abiatzen direnak gidatzen dituzu,

gunerik garaienetik,

kasik zerutik

farozain zahar baten

argia

bilakaturik.

 

Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999