Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999

 

 

X.— BORROKA FRONTEAN

 

   Konbat eremuan sua,

zauritu eta hiltzen duten eromen balak,

su gar gorien bataioa frontean,

nazionaltasun eta erlijio sentimendu

faltsuez

alienatutako soldaduak

mutu

lehergailuen oihartzunean.

 

   Suntsidura nonahi

konbat handian.

 

   Eta bakearen defendatzaileen ahotsa entzuten da,

anaiarteko loturen aliatu faltsuak,

doluminezko malko faltsuak,

gorroto unibertsalak geldiarazteko huts egindako saioak,

giza izaeretan hain gogor errotutako

sentimenduak.

 

   Eta lantegian nagusiak

langileari agirika egiten dio,

umiliatu, iraindu, mehatxatu.

 

   Alvargonzález-en semeek

supazterreko egurra ebagitzen zuten

aizkora

bere odolaren odolaz

blai.

 

   Haurrari,

nigarra dario,

agerian ditu bekokian

oinaze hatzak,

ez zen

bere aita inoiz egiteko gai izan ez zena

egiteko gai izan.

 

   Bere aitak, bitartean,

antsikabe,

egunkaria irakurtzen dihardu,

eta,

faltsuki

konbat handia salatzen du.

Kontraesan itzela

amets zupuztu,

esku odoleztatu

eta barkamena eskatzen duten oihu arrailagarrien

sukalde umil batetako

fronte txikian.

 

   Erretako amodioaren errautsak

nonahi hedatzen dira,

eta bortizkeria txiki eta handien zuzpertzaile den

gorrotoaren hazi emankorra ereiten da,

eta fruitua eman

neguan.

 

   Eta ezin izango dugu

inoiz

hain uzta aberats,

pozoitsua

ezteustu.

 

Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999