Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999

 

 

VI.— AMA LUR

 

   Haurgintza minetan erditu eta zure zainetan

gure lurrak ureztatuz,

uzta aberatsez hornituz,

gure egarria asetuz

isuri ziren uhol haiek,

gaur

gangrenaturik isurtzen dira,

zure bideak ureztatu

eta gure begirada iluntzen duen

odol satsu,

zornatsu

bilakaturik.

 

   Zure bularretatik

bizitza sapa edanez,

zure sabeletik

zure emankortasunaren opari jori ziren

fruitu helduak erauziz

eradoski gintuzun ama,

hor zara, gaur,

antzu,

idor,

ezintasunean, bizirik irauteko saio eroan

zure erroei atxekitzen zatzaizkie.

 

   Zure adegian isurtzen den euri garratz hori

edaten duzu,

eta

ez itotzeko ahalegin ikaragarriak eginez

ur uherretan,

zure azalaren poroak estali

eta zarakar opaku,

gogor bat bezala itsasten den

lokatz liskatsuan

hondoratzen zara,

gaurik ilunenean murgildurik.

 

   Eta arnasa hartu nahi duzu,

arnasari eusteagatik borroka egiten duzu,

hats gabetua,

saio etsituetan

aire garbia bilatzen duzu

baina ez duzu inon ere aurkitzen;

zure sabel gainetik hedatzen den

zetaka gris,

astun,

handi horri soilik

atxeki zakizkioke.

 

               Leku izkuturen batetan

            agian oraindik

            aire,

            ur,

            euri aratz garbiak izango dira,

            gizakia,

            zure etsai amorratu hori

            heldu ez den

            lekuren batetan.

 

               Baina ezin duzu ihes egin,

            eta zure agonian

            itxaropenik gabe

            egun horren zain zauzkagu.

 

               Zure heriotz egunaren zain.

 

Hitz hits, paperezko mihisetan lits
Arantza Etxeburua

Kutxa, 1999