|
Hitz hits, paperezko mihisetan lits
XV.— GARRAISI MUTUA
Zure sabelari atxekirik, hemen naukazu, Mayi oparoa, goizeko ihintzetan heze, eguzkiz egartsu hilobi beltz honetan kateztaturik, irten ezin eginik marmolezko sapai astunaren azpian.
Non dira haiek, hainbeste maite ninduten haiek, nire joanari nigar egin zioten haiek, nire besoetan amets egin zuten haiek, nire eskuahurretan amodioaren larrosa dastatu zuten haiek, nire begietan onespen eta maitasuna baizik ikusi ez zuten haiek? Zergatik naukate orain ahazturik, bazterturik, izkutaturik, ilunpetan espetxeraturik?
Betoz, ikus nazate orain, urrikal daitezen, lagun nazate, aska nazate!
Ez dut ahots gozorik entzuten, ez pausurik, ez beso zabalik ikusten, nire arnasestua eta bihotz taupada gogorrak baizik ez.
Bakartasuna, beti bakartasuna.
Adiskide mingotsa, isiltasuna.
Hitz hits, paperezko mihisetan lits |