Hitzaurrea
Jean-Paul Sartre
euskaratzailea: Markos Zapiain
Prentsari sinetsi behar bazaio, Burgosko prozesuak eskandalua
eragin du soilik Francoren erregimenaren basakeria absurdua erakutsi duelako.
Ez dut uste hori egia denik: benetan ote du basakeria faxistak frogatua izan
dadin halako beharra? 1936az geroztik, ez al dira espetxeratzeak, torturak eta
exekuzioak ia edonon gertatu, iberiar penintsularen lurrean? Epaiketak Espainiako
eta Espainiaz kanpoko jendearen kontzientzia astindu du, ezjakinei euskal nazioaren
berri eman dielako; argiro nabaritu da naziotasun hori, berezia izan arren,
ez dela inolaz ere bakarra, eta nazio handiek beren buruari eman dizkioten mugen
barruan koloniak dauzkatela. Burgosen, akusatuak, kateaturik, eta, nolabait
esateko, bozaturik, etengabeko bataila baten ordainez, zentralizazioaren prozesua
egitera iritsi dira. Trumoia Europan: adibide bat baino ez jartzearren, haur
frantsesei erakusten zaie Frantziako historia ez dela funtsean «geure»
probintzia guztien batzea baino, erregeen pean hasia, Frantziako Iraultzak jarraitua,
XIX. mendean burutua. Eskolan nintzelarik horretaz harro behar nuela esaten
zidaten: batasun nazionalak, gurean goizik burutuak, gure hizkuntzaren perfekzioa
esplikatzen zuen, eta gure kulturaren unibertsaltasuna. Hori zalantzan jartzea
debeku zen, zirenak zirela gure hautu politikoak. Horri dagokionez, sozialistak
eta komunistak bat zetozen kontserbadoreekin: zentralismo jakobinoaren oinordekotzat
zuten beren burua eta, erreformatzaile zein iraultzaile, erregimen berriaren
onurak osotasun zatiezintzat harturiko hexagonoari ezarri nahi zizkioten. Gaur
egun inori ez zaio axola absolutismo monarkikoa bide eta hedabideekin batera
sortu izana, kanonaren ezartzearekin eta merkatuko kapitalaren exigentzia «merkantilistekin»
batera; Iraultzak eta jakobinismoak burgesia agintariari baimena eman izana,
batetik, ekonomiaren batzearekin jarraitzeko azken hesi feudal eta etnikoak
zapartatuz eta, bestetik, gerra atzerritarrak irabazteko iskiluak eramateko
adinean zeuden biztanle guztien bilketa masibo batez, jatorri etnikoaz kezkatzeke;
ezta XIX. mendeak job-a amaitu izana industrializazioaren eta bere ondorioen
bidez (landetako exodoa, kontzentrazioa eta ideologia berria: nazionalismo burgesa);
edota oraingo batasuna oroz lehen gaur egungo klase menperatzailearen proiektu
sekularraren ondorio izan dadin; eta klase hau ahalegindu izana edonon, Bidasoatik
Belgikako mugaraino, era bereko gizaki abstraktua sortzen, eskubide formal berdinek
demokrazian gaude! eta obligazio erreal berdinek definitua, kontuan
hartu gabe bere behar konkretuak: horrelaxe da, hor konpon, ez dugu deus ukituko.
Hortik dator 70eko abenduko txundidura: prozesua iraingarria eta absurdua zen,
baina ba ote zegoen presoen aurkako salaketei erantzutea aldi berean ETAren
helburuak hein batean bederen onetsi gabe? Jakina, gobernu espainola argiro
da faxista eta horrek afera nahasten zuen: manifestari gehienek ohartuki Francoren
erregimena zuten jomuga. Baina akusatuen alde egin beharra zegoen, eta ez al
zuen ETAk esaten: ez gaude soilik frankismoaren aurka, ezer baino lehen Espainiaren
aurka gara borrokatzen? Horixe baitzen irentsi beharreko pilula astuna. Zelan
onartu Pirinioez bestaldean euskal nazioa badela, «geure» euskaldunei
bertan integratzeko eskubidea aitortu gabe? Eta orduan Bretainia? Eta Okzitania?
Eta Alsazia? Frantziaren historia alderantziz berridatzi behar ote da, Morvan-Lebesque-k
berriki proposatu bezala, eta Du Guesclin, zentralismoaren heroia, kausa bretoiaren
traidore hustzat jo? Burgosko prozesuak egitate berri honi buruz erakarri du
arreta: gobernu zentralek «separatista» deitzeko ohitura hartu duten
joeren berpiztea, apur bat edonon. SESBeko anitz errepublika, Ukraina aurrena,
indar zentrifugoek grinaturik dabiltza; Sizilia ez da arras bereizi zaharra;
Yugoslavian, Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Belgikan, Kanadan, eta abar,
gizarte gatazkek badute alde etniko bat; «probintziek» nazio gisa
aurkitzen dute beren burua eta, argiro edo ez hain argiro, status nazional
bat eskatzen dute. Ohartu gara egungo mugak klase menperatzaileen interesen
araberakoak direla eta ez herriaren nahiaren araberakoak, potentzia handiak
hainbeste harrotzen dituen batasunak etnien zanpatzea ezkutatzen duela eta biolentzia
errepresiboaren erabilera ilun zein nabaria.
Mugimendu nazionalen oraingo sendotzea bi arrazoi argik azaltzen dute. Lehenik, iraultza atomikoak. Morvan-Lebesquek kontatu du Bretainiako buruzagi autonomista batek, Hiroshimako leherketaren berri izanik, oihu egin zuela: «Azkenik bada bretoi auzia!» Hori baino lehen, izan ere, zentralismo batzaileak bere burua zuritzen zuen eta sendotzen, gomutaraziz aldameneko herrien etsaigoak norberaren herria mehatxatzen duela. Iskilu atomikoak garaiz kanpo kokatu du txantaje hori: gerra hotzeko zentralismoa Moskutik eta Washingtondik abiaturik ezartzen da, eta ez probintzien gainean baizik nazioen gainean. Horren kariaz, nazio horiek bloke baten ala bestearen kide izateaz kezkatzen diren bitartean, beste nazio batzuk, txikiagoak, ustez integraturik zeudenak, beren izateaz kontziente egin dira berriro. Bigarren arrazoia, aurrenekoari lotua bestalde, azken mundu gerraren ostean hiru kontinenteren gainean hasi den deskolonizatze prozesuan aurkitzen dut. Irudika ezazue Finisterren jaioriko gazte bat, 1960 inguruan soldaduzka egitera Magrebera doana. Esan diote polizia-operazio sinple batean esku hartu behar duela, itsasoz bestaldeko zenbait frantses departamentutako iskanbila ero eta erruduna erreprimitzeko. Alta bada, hara non frantsesek, derrotaturik, departamentu-zatiketa zorroan gorde, Aljeriatik erretiratu eta nazio subiranoaren status-a ezagutzen dioten. Orduan zeri dagokio, desmobilizaturiko soldaduarentzat, Finisterreko biztanle bat izatea? Aljerren ikusi du departamentuak zatitze abstraktuak direla, bortxazko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen dutenak. Zergatik ez litzateke berdin «Metropoli» deritzon horretan, Mediterraneoz bestaldean? Finisterre existentzia errealik ez duena administrazioarentzat baizik abstrakzioan desagertuko da gaztearen soaren pean: honek bretoi sentitzen baitu bere burua, ez gehiago ez gutxiago, eta, konkista-eskubideen ondorioz, orobat frantses. Kolonizatua izatera etsiko du? Hortxe ditu algeriarren eta vietnamdarren adibideak matxinadara bidera dezaten, tentatua balitz. Batez ere Vietnamen garaipenek, kolonoek aukeren esparrua abileziaz mugatua ziotela erakusten diote, berari zein bere anaiei. Ezkortasuna zioten gogoan sartua: frantsesa zen heinean, esan zioten, ahalguztiduna zen, boto eskubidea baitzuen, beaucetar batek bezalaxe; aldiz, bretoi izanik, hatza goititu ere ezingo zuen, eta inolaz ere ez aginte zentralaren aurka altxatu, honek jo eta bertan suntsituko bailuke. Baina, Indotxinan, zenbait milioi nekazari txirok itsasora bota dituzte frantsesak eta orain bertan mundu kapitalistako botere militarrik handienaren aurka irabazten ari dira: hori ere ezinezkoa zen. Ez ordea: bere aukeren esparrua tanpez zabaldu da: eta indar kolonizatzaileak ez balira paperezko haginak dituzten tigreak baino? Atomoaren fisioa eta deskolonizatzea, horra «etnia» konkistatuetan jatorrizko abertzaletasuna harrotu duena. Hori azken batean denek dakite; baina askok, Frantzian, Espainian, Kanadan, uste dute independentzia nahi hori ez dela analogia faltsuetatik sorturiko arinkeria baino eta mugimendu separatistak berez desagertuko direla. Alabaina, hor da Euskal Herriaren etsenplua guri erakusteko, batetik, berpizte hori ez dela noizean behingoa baizik ezinbestekoa, eta ez zatekeela gertatu ere egingo baldin probintzia aizun horiek ez balute izaera nazional bat, mendeetan gaindi kentzen ahalegindu zaizkiona, eta, garaileek hertsia eta estalia, bertako biztanleen lotura historiko eta oinarrizko gisa iraun egin duena; eta, bestetik, lotura horren existentziak, aginte zentralak tazituki onartua, etnia konkistatuaren egoera azpiratua nabaritzen duela herri konkistatzailearen baitan eta, ondorioz, burujabetzaren aldeko honen borroka basari arrazoia ematen diola.
Euskal egitateak, Burgosen bere beharrezkotasunean ezarria, ez du amaitu katalanei, bretoiei, galiziarrei eta okzitaniarrei beren destinoari buruz argia ematen. Hemen saiatuko naiz kontrajartzen humanismo burgesaren unibertsaltasun abstraktua eta euskal herriaren unibertsaltasun berezia, erakusten zein zirkunstantziak eraman duten hau, dialektika saihestezin baten bidez, mugimendu iraultzaile bat sortzera eta zein ondorio teoriko atera daitekeen zentzunez bere oraingo egoeratik, alegia, deszentralizatzeak zein aldaketa sakon ekar diezaiokeen hemendik aurrera sozialismo zentralizatzaileari.
Historiari aurreiritzi zentralistarik gabe begiratuz gero, garbi ageri da euskal etnia alboko etnien guztiz bestelakoa dela eta inoiz ez duela bere berezitasunaren kontzientzia galdu, edozein kasutan gaur egun arte osorik gorde dituen ezaugarri biologikoek nabaritua eta euskara bere hizkuntzaren ezin kokatuak hizkuntza indoeuroparren artean. VIII. mendean Vasconiako dukerriak biltzen zituen menditarrek Karlomagnoren armadak derrotatu zituzten Orreagan. Dukerri hori milagarren urte inguruan Nafarroako erresuma bilakatu zen; XII. mendetik aurrera gainbehera joan zen eta Espainiak 1515ean anexionatu zuen. Konkista izan arren, eta, zalantza barik, baita konkistaren kariaz ere, euskal kontzientzia edo euskaldun izatearen kontzientzia sendotu zen. Esan beharra dago apenas irten garela aro feudaletik eta zentralizatze espainola aretan zalantzan dabilela: garaituei Eri Aroan zituzten eskubide zenbait gordeko dizkio, foruak, herri osoak babesten duen euskal erresistentziaren gotorleku izaten jarraituko zutenak luzaro. Euskal Herriak ez zuela aski autonomia erlatibo hori, bere gurariari galga ematen ziola eta independentzia berreskuratzeko itxaropena ez zuela galdua, hori Bizkaiko diputatu batek Napoleonek Europa berregiten ziharduela Enperadoreari alferrik eginiko proposamen batek frogatzen du: sor zezala, Inperioaren baitan, euskal estatu independente bat. Ezaguna da ondokoa eta, 1812ko Konstituzioak foruak praktikan ezabatu zituenez, mugimendu nazionalista iragana berrezartzeko ahalegin itsu batean galdu zen: Isabel bigarrenaren aurka, liberalago baina frantses erara zentralizatzaile, herri indarrek On Karlos erregegai absolutistaren alde egin zuten, hau ere iraganzale, baina iraganaren amodioagatik Nafarroan autonomia feudala berrezarri nahi zuena. Gerra bi, derrota bi: 1879an, Euskal Herria, bere azken pribilegioak galdurik, tradizionalismo santujale batean hondatu zen, historiari bizkar eman ziona. Sei urte barru esnatuko zen, Sabino Aranak EAJ fundatu zuenean, batik bat burgesak eta intelektualak elkartuko zituena: ordurako kontua ez da absolutismoaren alde borrokatzea foruak berreskuratzeko itxaropenaz, baina EAJ, politikoki aurrerakoia bada ere, independentzia eskatzen duenez, kontserbadorea da sozialki, eta hein batean iraganzale jarraituko du, bere leloetako batek frogatzen duenez: «Jainkoa eta lege zaharrak.» Euskal erresistentziak hainbeste kezkatu zituen espainolak ezen batek baino gehiagok Pi y Margall anarkistak, kasu garai hartan konponbide federalista bat proposatu baitzuen penintsulako arazoentzat. Gero, Errepublika garian, proiektua berriro hartuko zuten eta gobernu zentralak erregioen autonomia printzipioa aitortu zuen, baldintza batekin, biztanleen % 70ak onar zezala erreferendum batean. Nafarroa Garaiak, oro har nekazaria eta beraz karlismoari atxikia (karlistak segituan Francorekin batera borrokatuko dira), autonomiaren aurka bozkatuko du [1]; beste hiru probintziek alde, gehiengo nabarmena. Gobernu errepublikarra, zirudiena baino zentralistagoa, egonean utziko ditu arazoak, ez baitu borondaterik, 36a arte. Garai hartan azkenik autonomia onartu bazuen, gertaeren presioaren pean izan zen eta arrazoi funtsean praktikoengatik eta are militarrengatik: Euskal Herria bere alde jartzea zuen helburu, eta Francoren altxamenduari borroka armatuz aurre egingo ziola ziurtatzea. Berehala fundatuko da Eusko Jaurlaritza: hiru sozialista, liberal bi, komunista bat, horrek erakusten du EAJren eragina gizarteko esparru desberdinetara hedatzen ari zela eta bere jatorrizko izaera kontserbadorea apur bat malgutu zuela. Eusko gudarosteek, 37ko apirila arte, gogor defendituko zituzten Gipuzkoa eta Bizkaia. Ondokoa ezaguna da: Francok errefortzuak bidali, izua ezarri eta Gernika bonbardatu zuen: 1.500 hilotz; abuztuan, Euskal Errepublika amaitu zen. Gerra ostean errepresioa etorri zen: espetxeratzeak, torturak, exekuzioak. Agirre lehendakaria, EAJren buruzagia, Frantzian errefuxiatu zen; bigarren Mundu Gerran zehar demokrazien karta jokatu zuen, itxaropena baitzuen Hitlerren eta Mussoliniren jausteen ondoren Francorena etorriko zela. Orain neur dezakegu zein larriak izan ziren gure desohorea eta haren inozokeria: EAJk bere rola jokatua zuen: 45az geroztik, etengabe doa gainbehera. 47an, hala ere zalantza barik Aliatuak kinka larrian jartzeko asmoz greba orokor bat abiarazi zuen. Aliatuak ez ziren mugitu eta Francori greba birrintzen utzi zioten, errepresio anker batez. Amaiera zen: alderdiak Euskal Herrian ospe ziur bati eutsiko dio, alderdi «historikoa» baita, euskal Errepublika iragankorraren jatorrian izan zena. Baina dagoeneko ez du ekiteko aukerarik: bere jokabideak ez dagozkio egungo egoerari. Erbesteratuak zahartu ziren, Agirre hil egin zen. Ez dio axola: berehala sortuko zen ETA, alderdi burges zaharra ordezteko abagunean. Laburpen txiki hau aski da erakusteko Euskal Herriak, Espainiak berriki konkistaturiko etniak, integrazioari betitik muzin egin diola gogorki. Gaur egun euskaldunei botoa emanaraziko balitzaie, pentsa ezazue zein gehiengo ikaragarriz egingo luketen independentziaren alde.
Dena den, onartuko ote dugu ETAk bezala esatea Euskal Herria Espainiaren kolonia bat dela? Auzia garrantzitsua da, zeren kolonietan nahasten baitira klase borroka eta independentzia nazionalaren aldeko borroka. Ordea, sistema kolonialistan, herri kolonizatuek industrializaturiko metropoli bat lehengaiz eta elikagaiz hornitzen dute, merke: bertako langileei gutxi ordaintzen zaie. Eta ez zaio azpimarratzeari utziko Euskal Herria, batez ere Gizpuzkoa eta Bizkaia probintzietan, mende hasietatik industria garapen bete-betean dela. 1960an energia elektrikoaren kontsumoa biztanleko eta urteko 2088 kw-koa zen probintzia bietan, 650koa Espainian eta Katalunian [2]. Altzairu ekoizpena biztanleko eta urteko 860 kg-koa da Bizkaian, 450koa Euskal Herrian, 45koa Espainia-Katalunian. Hauxe da biztanleria aktiboaren banaketa, Gipuzkoan: lehen sektorea, %9'45, bigarren sektorea %56'80, hirugarren sektorea 33'75; Bizkaian: %8'60, %57'50, %33'90; ostera, Espainia-Katalunian, lehen sektoreak langileen %43'50 enplegatzen ditu, bigarren sektoreak %27'20 eta hirugarrenak 29'30. Azken bi sektoreen hanpatze nabarmenak, eta aldi berean probintzia hauetan nekazariak gero eta gutxiago izateak, ederki erakusten du Euskal Herriaren ahalegin itzela bere buruari industria bat emateko. Ikuspuntu honetatik, Gipuzkoa et Bizkaia dira iberiar penintsulako erregio pilotuak. Halatan, berriro aurkituko genuke, Euskal Herria kolonia izatera, paradoxa hau: herri kolonizatzailea txiroa eta batik bat nekazaria litzateke, eta herri kolonizatua berriz aberatsa eta gizarte hagitz industrializaturiko demografia moldearen jabe.
Hobeki begiraturik, paradoxa ez da itxurazkoa baino: Euskal Herria joria izan liteke, baina ez ditu bi milioi biztanle baizik; askoz ere gutxiago zituen 1515ean eta, garai hartan, populazioa nekazaria zen: konkista egin zen bi herrien egiturak homogeneoak zirelako eta batek besteak baino askoz ere jende gehiago zuelako. Bidasoaz bestaldean, konkistatzaile frantsesak Nafarroa Beherea sistematikoki ebatsi du, hondatu, jendegabetu: kolonizazioa aiseago nabari da. Bistan da Espainiaren letargiak mendeko lehen hogeita hamar urteetan hego Euskal Herriari ahalbidetu diola goiti doan erregio ekonomia bat ziurtatzea, gune ekonomiko baten inguruan, Bilbo. Baina nori zaio ekonomia hori mesedegarri? Horra auzia. Erantzun gisako bat eman liteke esanez ez dagoela adibide bakar bat ere, konkistaturiko herri batek konkistatzaileari zergarik ordaintzen ez diona. Baina ziurragoa da datu ofizialak kontsultatzea. Erakusten digute Espainia Euskal Herriaren benetako lapurreta fiskal bati eman zaiola. Ogasunak langileak suntsitzen ditu; Gipuzkoan penintsula osoko zergarik altuenak dituzte. Are gehiago: espainoltzat dituen probintzia guztietan, gobernuak gehiago ematen du, zergetan jasotzen duena baino: %150 Toledon; %151 Burgosen; %164 Avilan, eta abar. Euskal Herriko bi probintzia industrializatuek [3], esplotatzen dituen gobernu atzerritarrari 4 bilioi 338 milioi 400.000 pezeta ordaintzen dizkiote; Estatu espainolak, berriz, Euskal Herrian 774.000 pezeta xahutzen ditu [4]. Hortaz, 3 bilioi 500.000 pezeta inguru lapurtzen ditu, Gaztelako basamortua elikatzeko. Erantsi behar ote da «itzuliriko» 774 milioi errepresio organoetara doazela (administrazio espainola edo espainoldua, armada okupatzailea, polizia, epaitegiak, eta abar) edo deseuskalduntzeari emanetara (unibertsitatea, non ez den irakasten hizkuntza eta kultura espainola baino). Haatik, euskal industriaren arazoa, oroz lehen, produktibitatearena da: mundu mailako merkatuaren araberako salneurri lehiakorretan ekoizteko, makina modernoak inportatu beharko lirateke: estatu espainola, partzialki autarkikoa, kontra dago; kreditu madrildarrari dagokionez, diskriminatzailea da eta Gaztelari mesede egiten dio Bizkaiaren bizkar. Bilbo eta Pasaia itsas trafikora egokitu eta tona kopuru handiko itsasontziak jaso ahal ditzaten, berritu beharko lirateke, berriro tresnatu: lan handia behar, arrantza kaiek eskatzen dutena bezala. Ez da deus ere egin. Halaber, tren sarea, espainolek behiala instalatua, eragozpen astun bat da: Bilbotik Gasteiza trenez joateko 137 kilometro egin beharra dago; errepidetik 66. Baina administrazioak eta INIk (Industria Institutu Nazionala), estatu zapaltzailearen organo horiek, burokrata ezjakin eta oztopolariak babesten dituzte, herriaren beharrak inolaz ere ulertzen ez dituztenak (neurri batean probintzia espainoltzat dituztelako, teorikoki bederen) eta ezinbesteko doitzeak eragozten dituzte. Lehiakorrak ez diren produktuak, Espainiak ez ditu bereganatu nahi. Lehentasunezko tarifaren politika egiten du, baina alderantziz: salneurri jakin batzuk jaistea eragotziz, bere buruari euskal produktuak kontsumitzeko pribilegioa ematen dio, ekoizlearentzako mozkina handitu gabe. Ondorioa saihestezina da: biztanleko errenta penintsulako altuenetakoa da, ez baitu deus esan nahi; eta soldatapekoen (populazio aktiboaren %85) errenta aunitzez ere txikiagoa da madrildarrena, burgostarrena edo valentziarrena baino. Bestalde, azpimarratu behar da soldaten handitze proportzioa, 1955tik 1967ra, Espainian %6'3koa izan dela urteko, eta Euskal Herrian %4'15ekoa. Horrela, herriaren gainindustrializazioa gorabehera, kolonizazio klasikoaren osagai funtsezko bi aurkitzen ditugu berriro: kolonizaturiko herriaren lapurreta fiskala edo bestela eta langileen gainesplotazioa. Honi hirugarren bat emendatzen zaio, aurreneko bien ondorio baino ez dena: emigrazioaren eta inmigrazioaren erritmoa. Gobernu espainolak industrializazioaren beharrak baliatu ditu bere erregio bipilduen langabetuak Euskal Herrira botatzeko. Abantailak agindu zaizkie (esaterako, etxebizitza eskuratzeko orduan lehentasuna dute) baina, euskaldunak bezala gainesplotatuak direnez, baina garaturiko klasearen kontzientziarik ez dutenez, masa erabilgarri bat osatzen dute patronalarentzat: biztanle guztiak 1.800.000tik 2 milioira badira, 300dik 351.000ra etorkin dago. Alderantziz, erregio txiroetako euskaldunek emigratzen dute. Bereziki nafarrek: 150.000tik 200.000ra euskal hiritar dago Madrilen, zeinetarik 100.000 inguru nafarrak baitira. Odoluste larri hau eta langile espainolen sarrera erregio industrialetan desegituratze kolonialaren hasiera bat kontsidera litezke. Frankismoaren aldaketarik gabeko politika honek, bistan da, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresari handien laguntza eskatzen du. Hauek, izan ere, gerra karlistez geroztik, goi burgesia Bilbon agertu zelarik, zentralizatzaileak eta liberalak izan dira. Bada zenbait urte enpresa handien egoitza sozialen emigrazioa Madrila hasi zela. Burgesia handiak ez zizkion abantailak baino ikusten espainolen inkonpetentziak eta autarkiak modernizazioa geldiarazteari: Espainiako merkatu itzelak mundu mailan lehiakorrak ez diren produktuak xurgatzen ditu; patroiak ziurtatua du mozkinen portzentaia handi bat, inbertsio handiak egin behar izan gabe. Nazioaren benetako interesei arrotz, «kolabo» hauek, zeinen zentralismoak euskal ekonomia lur joarazten amaituko zuen, beren burua komunitatetik kanporatu eta compradores izendatu direnen rola hau ere klasikoa jokatzen dute. Azken analisian, izan ere, eta sistema zentralizatzailaren esparruan, malthusianismo halako batean beren probetxua aurkitu dute. Ondorioa argia da: itxurak gorabehera, soldatapeko euskaldun baten egoera eta langile kolonizatu batena guztiz antzekoa da: ez dago soilik esplotatua gaztelar bat bezala, adibidez, klase borroka «kimikoki aratza» egiten duena baizik deliberatuki gainesplotatua, zeren, lan berdina eginik, bere soldata langile espainol batena baino txikiagoa baita. Herriaren gainesplotazioa dago, gobernu zentralaren aldetik, compradoresen laguntzaz, zeinek, onarturiko gainesplotazio horretan oinarrituta, langileak esplotatzen baitituzte. Gainesplotazioari ez dio onurarik ateratzen kapitalista euskaldunak, esplotatzaile soila baita, zergez gainkargatua eta armada atzerritar batek babestua, ez zaio probetxugarri Espainiari baino, hots, faxista bihurturiko gizarte bati, inperialismo amerikanoak eutsia. Langile klaseak, edozein gisaz, ez du beti gainesplotazioaren kontzientziarik eta soldatapeko askok oraindik orain amesten zuten langile madrildarren edo burgostarren errebindikazioekin eta ekintzekin elkartzea, zentralismo negatibo batera eramango zituzkeena. Ulertarazi behar zitzaien ezen, Euskal Herriaren kasuan, auzi ekonomiko eta soziala arazo nazionala dela: herriak okupatzaileari zerga fiskal gehiagorik ez ordaintzean, benetako arazoak Bilbon eta Iruñean formulatu eta konpontzean, eta ez Madrilen, orduantxe ahalko ditu bere egitura ekonomikoak askatasunez aldatu.
Zeren, errepikatu beharra dago, espainolek euskaldunak gainesplotatzen dituzte, hauek euskaldunak direlako. Inoiz ofizialki aitortu gabe, konbentziturik daude euskaldunak bestelakoak direla, etniari eta kulturari dagokionez. Uste duzue espainolek galdua dutela karlistaden gomuta, 1936ko Errepublikarena, 1947ko grebena? Horien oroitzapena gorde izan ez balute, halako amorruz ahaleginduko liratekeela euskara suntsitzen? Bistan da hemen jokaera kolonial bat dugula: frantsesak Algerian arabiera suntsitzen ahalegindu dira ehun urtez; ez baldin badute lortu, behintzat arabiera literarioa hildako hizkuntza bilakarazi dute, irakasten ez dena; arrakasta desberdinez, gauza bera egin dute euskararekin Nafarroan Beherean, bretoierarekin Bretainian. Halatan, mugaren bi aldeetan, etnia oso bati sinetsarazten ahalegintzen dira bere hizkuntza ez dela hiltzorian dagoen dialekto bat baino. Hego Euskal Herrian bere erabilera debeku da praktikan. Ikastolak ipintzea debeku da, euskarazko argitalpenen eliminazioari ekin zaio, eskolek eta Unibertsitateak zapaltzailearen hizkuntza eta kultura erakusten dute; irratia, zinema, telebista, egunkariek espainolez azaltzen dituzte Espainiaren arazoak eta Madrilgo gobernuaren propaganda egiten dute; administrazioaren langileak espainolak dira edota espainolduak: funtzionario madrildarrek espainolez antolatzen dituzte oposizioetan biltzen dituzte langile horiek. Arrazoi honengatik hots, atzerritarrak horrela nahi izan duelako saminez esaten da Bilbon: «Euskarak eta euskal kulturak ez dute ezertarako balio.» Eta prentsa inspiratuak gustura errepikatzen du Unamunoren zoritxarreko esaldi hura: «Euskara berehala hilko da.» Hori ez da aski: eskoletan, euskaraz mintzo diren ikasleak zigortzen dituzte. Herrixketan nekazariak euskaraz aritzea toleratzen da. Baina bururatu ere ez hirian egitea: Burgosko akusatuetako batek espetxean bere aitaren bisitak hartzeko baimena zuen; baimen hori kendu egin zioten ohartu zirelarik aita euskaraz mintzo zitzaiola ez noski probokatzeagatik baizik beste hizkuntzarik ezagutzen ez zuelako.
Euskara bortxaz ezabatzea benetako kultur genozidioa da: Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa da. Jakina, kontinente osoko ekonomia nekazaria zen garai batean agertu zen; eta baldin, gerora, ez bazaio gizartearen bilakaerari aise egokitu, konkistatzaile espainolak bere erabilera debekatu zuelako izan da. XX. mendeko hizkuntza bilakatzeko hein batean jadanik badena aski du erabil dadin. Hebraierak Israelen, bretoierak Quimper-en, zailtasun berdinak izan dituzte eta konpondu egin dituzte: beren artean informatikaz edo atomoaren fisioaz eztabaida dezaketen israeldar berek itsaso hileko eskuizkribuak guk Racine edo Corneille bezala irakurtzen dituzte, eta Morvan-Lebesquek seinalatu du bretoierak errealitate modernoak adierazteko erregularkiago osaturiko hitzak dituela frantsesak, hizkuntza «nazionalak», baino. Nabarmenak dira hizkuntza zaharren baliabideak; hizkuntzok gazte diraute garapena eragotzi zaielako. Baldin euskara Euskal Herriko hizkuntza nazional izatera itzuliko balitz, iraganeko aberastasun guztiak ekarriko lituzke bere egitura propioen bitartez, pentsatzeko eta sentitzeko era berezi bat, eta sakonki zabalduko litzateke orainaldira eta etorkizunera. Baina espainolak euskara desagerraraziz euskal nortasuna desagerrarazi nahi du. Euskalduntzea, izan ere, bizkaitar batentzat, euskaraz mintzatzea da: ez soilik berea den iragan bat berreskuratzen duelako baizik oroz lehen euskaraz mintzo direnen komunitateari zuzentzen zaiolako, are bakardadean. Burgosen, «akusatuen» azken adierazpenak euskaraz egin dira; beraiek epaitzeko asmoa zuen epaimahai espainola arbuiatuz, ulertu ere ez baitzien ulertzen, beren herri osoa deitu dute epaigelara. Bertantxe zen segituan, ikusezin. Honi gagozkiola, hitzezko prozesu ofizialak seinalatu du akusatuek adierazpen ulergaitzak egin dituztela, «euskara zirudien» hizkuntza batean. Eufemismo zoragarria: epaileek ez zuten tutik ere ulertzen baina bazekiten jakin zein hizkuntza zen; euskal nazioak entzutegiko sala inbaditua zuela ohartzen zirela eman zezan saihestearren, euskara hizkuntza irudizko bat baino ez izatera mugatu dute, hain osotoro iluna ezin baita inoiz jakin solaskideak benetan erabiltzen duen edota ez ote dituen zentzurik gabeko eleak ahoskatzen. Beraz, horixe da Euskal Herriko kulturaren muina eta zapaltzaileen kezkarik handiena: hizkuntza hori suntsitzea lortuko balute, gura duten gizaki abstraktua litzateke euskal hiritarra eta espainolez mintzatuko litzateke, bere hizkuntza ez dena, inoiz izan ez dena; baina, gainesplotatua izateari ez liokeenez horrenbestez utziko, aski luke kolonizazioaren kontzientzia hartzea euskara berpiz dadin. Jakina, alderantzizkoa ere egia da: kolonizatu batek bere hizkuntza mintzatzea ekintza iraultzaile bat da.
Egungo euskaldun kontzienteak oraindik urrutiago doaz ematen zaien kultura eta beren buruari eman nahi lioketena bereizteko orduan. Diotenez, kultura gizakiak gizakia sortzea da. Baina berehala eransten dute ez dela kultura unibertsalik izango zapalketa unibertsala suntsitzen ez den bitartean. Euskal Herriko kultura ofiziala unibertsalista da gaur egun, euskalduna gizaki unibertsal egin nahi duelako, nazio idiosinkrasia oroz gabetua, hiritar abstraktu, espainol baten berdina zeharo, honetan izan ezik, euskalduna gainesplotatua dela eta ez dakiela. Zentzu honetan, dagokion unibertsaltasun bakarra zapalketarena da. Baina gizakia, zapalduena izan arren, ez da besterik gabe gauza bilakatzen: aitzitik, inposatzen zaizkion kontraesanen uko bihurtzen da. Hasieran ez borondatez, baizik gainditze eta proiektu delako. Horrela, euskaldunek, hasieran ezin diote bakoitzaren baitan jarri zaien gizaki espainolaren uko izateari utzi. Uko ez abstraktua baizik zehatza, beren baitan eta beren inguruan aurkitzen dituzten berezitasun guztien izenean. Zentzu honetan, euskal kulturak hasieran kontra-kultura bat izan behar du: kultura espainolaren suntsitzearen bidez egingo da, aginte zentralen humanismo unibertsalistaren ukoaren bidez, ahalegin nabarmen eta etengabe baten bidez euskal errealitatea berreskuratzeko, emana izan zaiena nola paisajea, ekologia, ezaugarri etnikoak, hala euskal literatura eta aldi berean zapaltzaileak turista atzerritarrentzako folklore inozo eta zaharkitu gisa itxuraldatu diena. Horregatik eransten dute hirugarren formula hau: euskal kultura gizakiak gizakia zapaltzetik askatzen den praxia da, Euskal Herrian kokatua. Praxi hori ez da berehala bere buruaz kontziente eta nahi izana: kultura ofizialaren anoaren xurgatzeak zuzenean eraginiko lan bat da, egunerokoa, izaera konkretua berriro aurkitzeko, hots, ez gizakia oro har, baizik euskal gizakia. Eta lan horrek, alderantziz, praxi politiko batean amaitu behar du, zeren euskal gizakiak ezin du bere burua osotoro mamitu ez bada subiranotasuna berreskuraturiko bere herrian.
Horrela, dialektika ekidinezin baten bidez, konkistak, zentralizazioak eta gainesplotazioak, Espainiak Euskal Herria desager dadin egin dituen ahaleginek berek, independentziaren errebindikazioa atxikitzea eta harrotzea ekarri dute ondorio gisa. Orain saia gaitezke egoera konkretu honen eskakizun doiak adierazten, hots, gaur egun Euskal Herriari eskatzen dion borrokaren izaera zehazten. Izan ere, zapalketa espainolari bi erantzun mota eman izan zaio, biak ala biak desegokiak. Azala zein mamia har dezaten, esango dugu bata Euskal Herriko PCrena dela eta bestea EAJrena.
PCk Euskal Herria izen geografiko soiltzat du. Madrilen jasotzen ditu aginduak, PCEk emanak, eta ez ditu tokian tokiko errealitateak kontuan hartzen, hartara zentralista izaten jarraitzen du uler dezagun, sozialki progresista eta politikoki kontserbadorea: saiatzen baita euskal langileak klase borroka «kimikoki aratzera» erakartzen. Herri kolonizatu bat dela ahaztea da hori, alegia, gainesplotatua. PCk ez du ulertzen ETAren aldeko zenbait adierazpen oportunista gorabehera, Burgosko prozesuaren sasoian proposatzen dituen ekintzek helburu desegokiak dituztela eta, honen kariaz, garrantzirik gabeak. Baldin euskaldunak esplotazio huts eta soilaren aurka borrokatzeari ekingo baliote, beren arazo propioak baztertuko lituzkete, langile espainolei burgesia frankista eraisten laguntzeko. Hori bere burua deseuskalduntzea litzateke eta kapitalismo zentralizatzaileak eraginiko gizaki unibertsal eta abstraktuarentzako gizarte sozialista bat eskatzera mugatzea. Eta gizaki hori Madrilen agintari izatean, bere lan tresnen jabe izatean, euskaldunak fio ote litezke, autonomia emango diela? Ez da batere ziurra: ikusi dugu Errepublikak belarritik tirarazi digula; eta herri sozialistak, gaur egun, gustura dira kolonizatzaileak. Gainesplotazioaren aurka, eta ondorioz dakarren deseuskalduntzearen aurka, euskaldunak ezin dira borrokatu bakarrik baizik. Horrek ez du esan nahi beste mugimendu iraultzaile batzuekin aliantza taktikoak egingo ez dituztenik, Francoren diktadura ahultzea xede. Baina estrategikoki ezinezko zaie agintaritza komun bat onartzea: bakardadean egingo dute borroka, Espainiaren aurkakoa baita eta ez herri espainolaren aurkakoa, arrazoi honengatik: kolonizaturiko nazio batek ezin du gainesplotazioa azkendu ez bada, burujabe, kolonizatzailearen aurka altxatuz.
Alderantziz, EAJ oker dabil independentzia hartuz helburu bere baitakotzat. Aurrena, dio, eraiki dezagun euskal Errepublika bat; ondoren ikusiko dugu gure gizartea zuzentzea komeni ote den. Baina baldin burges moldeko euskal Estatu bat sortzea erdietsiko balu, ia ezinezkoa dena, egia da gainesplotazio espainola amaituko litzatekeela, baina luze gabe eroriko litzateke Estatu hori kapitalismo amerikanoaren botapera. Gizarteak egitura kapitalista atxiki bitartean, aise pentsa daiteke compradoresek beren burua eskaintzailerik onenei salduko lieketela: diru arrotzak herria estaliko luke, AEBek gobernatuko lukete bertako burgesen bitartez, kolonizazioaren ostean neokolonialismoa letorke eta gainesplotazioak bertan lirauke, mozorrotuago izan arren. Soilik gizarte sozialista batek, bere ekonomia zorrozki kontrolatzen baitu, eduki ditzake nazio kapitalista eta sozialistekin harreman ekonomikoak, ez arrisku handirik gabe haatik [5].
Bi erantzun horien eskasak (PC-EAJ) ederki erakusten du Euskal Herriari dagokionez independentzia eta sozialismoa domina beraren alde biak direla. Halatan, independentziaren aldeko borrokak eta sozialismoaren aleko borrokak bat egin beharko lukete. Hala gertatzera, erran gabe doa, langileen klaseak hartu beharko luke borrokan agintaritza, urrutitik baita ugariena, ikusi bezala. Eskulangileak, gainesplotazioaren kontzientzia hartuz, baita beraz bere nazionalitatearena ere, aldi berean ulertuko du bere bokazio sozialista. Bertaraino iritsia dela esango ote dugu? Guztiz bestelako afera duzu hori, helduko diogu berriro aurrerago. Bestalde, herri kolonizatu baten egoerak klase ertainetako talde garrantzitsu batzuek despertsonalizazio kulturalari muzin egitea eragiten du, baina muzin horrek dakartzan ondorio sozialez konturatzeke. Printzipioz, langileriaren aliatuak dira; mugimendu iraultzaile bat, bere zereginaz oharti, kolonia batean, ez da inspiratuko «klasea klasearen aurka» printzipioan, ez baitu zentzurik metropoli batean baino, baizik eta, aitzitik, burges txikien eta intelektualen printzipioa onartuko du, baldintza honekin, alegia, klase ertainetarik datozen iraultzaileak langile klasearen agintaritzapean lerroka daitezen. Ikusten da egin beharreko lana, hasteko, argitze progresibo eta bikoitz batean datzala: langileriak bere izaera kolonizatuaren kontzientzia hartu behar du eta beste klaseek, errazkiago nazionalistak, ulertu behar dute nazio kolonizatu batentzat subiranotasuna erdiesteko bide bakarra sozialismoa dela.
Arrazoi hauei, ehun eta berrogeita hamar urteotan Independentziaren Alderdia bilakarazi dutenak, eta bere zaletuak aldatzeaz batera bere eskakizun iraganzalea, foruak berreskuratzea Estatu absolutista baten baitan, etorkizunari zabalduriko exigentzia bihurtu dutenak, gizarte subirano eta sozialista bat eraikitzekoa, beste bat erantsi behar zaie, iberiar penintsulako bereizgarri, euskaldunen borrokari izaera berezi bat ematen diona. Izan ere, batze zentralizatzailea, Italian eta Alemanian bezala, ez da burutu XX. mendean baino, eta, horren kariaz, diktadura faxista baten tankera hartu du, alegia, «separatisten» aurkako biolentziazko erantzun gordin eta eroarena. Hiru herri horien artetik bitan, faxismoa dagoeneko ez da agintari; Franco, berriz, Espainiako Caudillo dugu oraino. Horixe adierazten zuen euskaldun batek nire aurrean: «frankismoaren aukera ankerra dugu.». Zinez ankerra, esango duzue; baina zergatik «aukera»? Zeren baldin erregimen espainola demokrazia burges bat balitz, egoera anbiguoagoa litzateke: aginteak etorkor jokatuko luke eta, promesa faltsuen eta luzamenduen bidez, «erreformak» kalendak arte geroratuko lituzke. Hori aski litzateke, duda barik, euskaldunen artean fakzio erreformista garrantzitsu bat sortzeko, gobernu zapaltzailearen aliatua litzatekeena, eta harengandik estatutu federalista eta emaniko bat baino itxarongo ez lukeena. Frankismoaren basakeria itsuak, 1937az geroztik, lilura erreformistaren ergelkeria salatu du. Adieraziriko errebindikazio orori, ihardespen bakarra, gaur egun: errepresio odoltsua. Zelan harritu, erregimena horretarako baita egina? Baina emendatu behar da erregimen hori dela Espainia kolonizatzailearen egia. Izan dadin hau zein hura gobernu espainolaren forma, jakina da Espainia zentralizatuak euskal «separatismoa» sakonki arbuiatzen duela eta gertu dagoela, muturrean, Euskal Herriaren edozein matxinada odolez itotzeko. Espainolek, idealismo zentralizatzaileak eginak diren heinean, gizaki abstraktuak dira eta uste dute penintsula osoko biztanleak berdinak direla, agitatzaile taldexka bat izan ezik. Fede onez sinesten ote dute? Ez noski: badakite Euskal Herria existitzen dela, baina beren buruari ezkutatu nahi diote; hots, euskaldunei ondo doakielarik amorratzen dira eta euskaldunak gorrotatzeraino iristen dira euskaldun diren aldetik, alegia, gizaki konkretu diren aldetik. Sakonkiago, agintariek badakite Euskal Herriko erregimen kolonialaren amaitzeak berehala lekarkeela Gaztelako eta Andaluziako miseriaren areagotzea. Halatan, Errepublika bat ere frankismoak hasieratik erabili duen horretara iritsiko litzateke azken batean. Francoren gobernua euskaldunei «aukera» zaie disimulurik gabe erakusten duelako kolonialismoaren benetako izaera: honek ez du eztabaidatzen; zapaltzen du edo hiltzen du. Biolentzia errepresiboa saihestezina baita, kolonizatuentzako ez da beste irteerarik biolentziari biolentziaz aurka egitea baino. Tentaldi erreformista tokiz kanpo dagoenez, Euskal Herriak ezin du erradikaldu baino: orain badaki independentzia ez dela lortuko borroka armatuaz baino. Honi dagokionez, Burgosko prozesua argia da; espainolei aurre eginez, «akusatuek» bazekiten zein arrisku zuten: espetxeratzea, tortura, heriotza zigorra. Bazekiten eta borrokatzen ziren ez zapaltzaileak berehala kanporatzeko itxaropenaz, baizik armada klandestino bat osatzen laguntzeko. EAJren gainbeheraren arrazoia da tropa faxisten aurrean euskaldunek ez dutela gerra popularra beste irtenbiderik ulertu ez izana. Independentzia ala hil: atzo Kuban, Algerian esaten ziren hitz hauek, gaur egun Euskal Herrian errepikatzen dira. Euskal Herri independente eta sozialista baten aldeko borroka armatua, horra egungo egoeraren exigentzia osoa. Hori edo bestela men egitea zeina ezinezkoa baita.
1947tik 1959ra, exigentzia horrek hutsik eta biluzik dirau: itxuraz, ezerk ez du betetzen: egiatan, euskal populazioaren barne muinetan dabil, oroz lehen gazteengan, eta, 1953z geroztik, guztia abiatuko da. EKIN, urte hartan fundatua, intelektualen talde bat da, artean benetako euskal arazoaz, bere sinpletasun tragikoan, ez oso kontziente, baina ulertu zuen jokabide berri eta errotiko bati ekiteko beharra. Artean indartsu baina geldirik dagoen EAJn sartzera hertsatua izango da laster; ordea, EKINen muturreko jarrerek jeltzaleengandik bereiziko dute, hainbeste non, tarte labur baten buruan, beraietako bat «komunista» izateagatik egotzi eta talde osoak elkartasunez Alderdi nazionalista utziko baitu, aurrerantzean eskarmentuz konbentziturik Alderdi zaharrak abiaraziriko borroka, 36an onuragarria, gerra amaitu eta demokrazia burgesen traizioaz geroztik hitzontzikeria hutsean amildua zela. 59an alderdi berri baten ernamuina zen, oraingo ETArena. Hasieran, are jarrera teoriko bat hartu baino lehen, ETAk kontuan hartuko du herria joera bik zatitzen dutela: errebindikazio nazionalistak eta langileen erreboltak; 60az geroztik ulertuko du, eguneroko praktikan, borroka biak elkartu behar direla, batak bestea argitu eta erakunde berek batera gidatu. Hori egoera presentearen eskakizunak dezifratzea da, astiro baina ziurtasunez eta praktikoki. Alde egokitik heldu die arazoei, 60ko hamarkadan astinduko duten krisi biolentoek frogatzen dutenez: bere eskuin «humanistak» utzi egingo du; ezker «unibertsalista» bat egotzia izango da, langile espainolekin batera klase borroka «kimikoki aratza» egitearren ETAri borroka antikolonialista utz zezan larderiaz hertsatu eta gero. Irteera horiek bere ildoa hobeki definitzen dute hamaika izkribu teorikok baino. Purga horien ostean, 68az geroztik, ETAk, guztiarekin ere, bere burua teorikoki definitzeari ekingo dio: maila honetan, bere printzipioak ordurako finkatuak dira, taldearen barne borrokek eratu dituzte, bere eskuinaren aurka eta nolabaiteko ezker zentralista baten aurka, eta ez dira beste ezer, bestalde, egoeraren exigentzia objektiboak baino, progresiboki aurkituak. Orduan ETAk lau borroka fronte antolatuko ditu: langile frontea, fronte kulturala, fronte politikoa, fronte militarra, aldi berean dabiltzanak eta zuzendaritza komun baten pean baina desberdintasunari eutsiz. Langile frontean, 69an borroka eskulangileenganako hurbiltze batean datza, sarritan uzkur baitira, eta abangoardia gune bat antolatzean, langile klasearen baitan. Fronte kulturalean, ETAk borroka «kate mailarik ahulenaren» aurka egingo du, gobernu zapaltzailearen unibertsalismo deshumanizatzailea baita: aurrerantzean ikastolak sortuko ditu, haurtzaindegi eta lehen hezkuntzako eskolak, non soilik euskaraz irakasten baita eta 68-69an 15.000 bat umek erabiltzen baitzuten; helduen alfabetatze kanpaina bati ekingo dio, ikasle komiteak eratuko ditu eraginkorki errebindikatuko dutenak euskal unibertsitate bat sortzea (manifestazioak, grebak, okupazioak), herriarengana euskal artistak eramango ditu (idazleak, abeslariak, margolariak eta eskultoreak), herrixketaraino joango baitira bertan erakusketak egitera eta ikuskizunak antzeztera (herri kantak, karrika antzerkia, frantseson artean ongi ezaguna «antzerki zuzena» izenaz); 66az geroztik eskola sozialak antolatu ditu, non langileei marxismo-leninismoa irakasten baitzaie. Fronte politikoan, fronte militarrari estu lotua, ETAk euskal herri osoa politizatu du errepresioaren eskandalua erakutsiz. Horrek azaltzen du borroka armatuaren oraingo zentzua, dagoeneko ez duena inolaz ere helburutzat zapaltzailea uxatzea, baizik euskaldunen askapenerako armada klandestino bat osatzen joatea [6]. Egungo taktika espiral gisa defini liteke, zeinaren une diferenteak ekintza, errepresioa, ekintza baitira, ekintza bakoitzak errepresio basatiagoa dakarrela, faxismo zentralizatzailea agerian jarriz eta, gero eta herritar maila zabalagoei begiak irekiz, ahalbidetzen baitu, aldi bakoitzean, akzio garrantzitsuago bati ekitea. Borroka molde honen adibiderik onena Burgosko prozesuan behin behinekoz burutu den gertaeren kateatze dialektikoa da. Prozesuaren mutur batetik besteraino ETAk bere jokoa ezarri du eta garaile irten da trantzetik: hara bere taktikaren balioa frogatzen duena. Haatik, hasieran ez zegoen ETArik: 36ko masakreen eta 37ko errepresioaren ostean, frankismoaren bake astuna Euskal Herriaren gainean jausi eta suntsitu egin zuen. Errepresio zapaltzaile honen aurka, EAJ ikusi dugu ekintza bat antolatzen: 47ko greba. Benetako helmenik gabeko ekintza honek errepresio ikaragarri bat eragin zuen, eta EAJri itzala kendu zion. Baina hain zuzen porrot honetatik abiatuz belaunaldi berriak lekukoa hartu eta borroka armatura igarotzeko beharra ulertu zuen. ETAk bere existentzia adieraziko du, 61az geroztik, militar moldeko lehen ekintza baten bidez: lehergailu traketsak zartatuko dira, apur bat edonon, tren konboi bat saboteatzen ahaleginduko dira. Azken ekintza honek huts egingo zuen, eskarmentu faltaz, baina errepresio basa eragin zuen: ehun eta hogeita hamar militante atxilotu zituzten. Horrela, abiatua da ifernuko zikloa ekintza, errepresioa, ekintza. Ordea, zenbait urtetan, «ordenaren indarrak» poxelatuak dira: ETA harrapagaitza da, lehergailuzko atentatuek lurralde osoan jarraitzen dute. Soilik 68ko udaberrian ahalko du Poliziaren Buruzagi Gorenak komunikatu bat Bilboko prentsan argitaratu: «ETAren aurkako gerra beroa piztu da.» Egitez, giza ehiza hasi da, baina horrek ez du eragotziko zenbait egunen buruan lehergailu batek bidezabalean eztanda egin dezan, Espainiako Bueltako txirrindularien pasatzea moztuz («joan daitezela beste nonbaitetik, gurean ez dute deus egitekorik»). Ekainean, guardia zibil bat hilik aurkituko dute errepidean. Ordu batzuk geroago, beste guardia zibil batzuek, bide kontrol batean, «susmagarri» baten aurka tiro egingo dute motibo barik, eta hil. Xabi Etxebarrieta zen, ETAren buruzagietako bat. Berehala hedatuko da errepresioa erakunde klandestinotik populaziora: administrazioak nonahi debekatuko du Etxebarrietaren oroimenezko mezak ospatzea, halatan, jokaldia abileziaz baliatuz, herrixketako apaizak suminduko ditu eta baserriak bere aurka paratuko. Orduz geroztik, errepresio zabalduak erantzun bat eskatuko du, herriaren sakonuneak harrotu ahalko dituena: hiru hilabete geroago Manzanas polizia, euskaldunek ongi ezaguturiko figura siniestroa, badaramatzana hogeita hamar urte Euskal Herrian torturatzen, bere etxebizitzaren ataurrean exekutatuko dute. Ekintza honek, aurreikusi bezala, errepresio anker eta basati bat eragingo du; batez ere, argi eta garbi kontrajarriko ditu Euskal Herri osoa eta gobernu zapaltzailea. Honek ezin du onartu «bere» ordezkariak garbituak izan daitezen: behartua dago errudunak bilatzera, prozesu bat egitera eta hainbat heriotza zigor eskatzera; baina «biktima» borrero bat zenez, herriaren zati zabalenak ezin du garbitze hori gaitzetsi, ez baita zigor bat baino. Agintea kontraesan batean jausiko da, eta ez da bertatik irtengo: bere ikuspuntuaren arabera, aldagaitz zaiona, larderia zigorren bidez eman behar da. Baina prozesuaren publizitateak guztiei erakusten die justizia parodia bat dela; salatuak ausaz izan dira presoen artean aukeratuak, edota, ETAren burua ebakitzearren, ustezko buruzagien artean; baldintza horietan, instrukzioa ezin zen fartsa bufo bat baino izan: ez zegoen, ikusiko zen bezala, Izkoren aurkako inongo frogarik, baina hala ere heriotzara kondenatua izango da. Epaimahaia militarra da, baina «akusatuetako» asko epaimahai zibil batek gertaera berengatik edo antzekoengatik kondenatuak zituen lehenago. Epaileak ofizial militarrak dira, legeaz deus ere ez dakitenak, batek izan ezik, ezagutza juridikoak izan behar zituenak soldadu haiei aholku emateko; abokatuak, presidenteak etengabe espetxearekin mehatxatuak, nekez entzunaraz dezakete ezer. «Akusatuak», elkarri kateatuak, lasai bezain harro, etenik gabeko bataila bat borrokatu dute, ez beren zapaltzaileen salaketez defendatzearren baizik kazetariei pairaturiko torturen berri ematearren: honi presidenteak, akusatuak ezin zituenean isilarazi, beti «no interesa» batez erantzuten zion. Prentsaren ordezkarientzat bistako geratu zen militar horiek ez zirela epaitzeko elkartu, baizik hiltzeko hala ere zeremonia absurdu bati eutsiz, txarto ezagutzen zutena. «Inkulpatuek», amaitzeko, agerian jarri zuten Espainiaren biolentzia errepresiboa, beren abokatuei defentsa debekatu baitzien. Irabazi zuten: beren adore miresgarriak eta beren «epaileen» zozokeria tentelak, azkenik prozesua euskaldun guztien afera nazional zuten bilakatu. Enpresa handietan, Bilbon, langileek greba egin zutelarik, ETAk ulertu zuen langile klasearen esparru zabalak hunkitu zituela. Areago, hain handia izan zen mundu osoan sumina ezen, lehenbiziko aldiz, euskal auzia nazioarteko iritziaren aurrean jarri baitzen: Euskal Herria nonahi bere independentzia nazionalaren alde borroka egiten duen herri martiri gisa izan da ezagutua. Azken ekintza, errepresiotik sortua: haserre orokorrak gobernu espainola atzera egitera behartu du: heriotza zigorrak barkatuak izan dira. ETA, bere taktikaren ezusteko baina beharrezko arrakastarengatik, bere herrian finkatu da, langile klasearen batzorde tratulari gisa. Mobilizaturiko nazio osoan ospe nabarmena hartu du, EAJk hogeita bost urte lehenago zuena hain zuzen. Bere militanteek ederki dakite borroka luzea izango dela; diotenez, «hogei hogeita hamar urte beharko dira herri armada osatzeko»; ez dio axola: Burgosen, 70ko abenduan 71 urtarrilean, abiatze txilibitua jo dute.
Horretan gaude: guri frantsesoi, beti apur bat jakobinoen oinordeko nahi izan gabe ere, herri heroiko batek, alderdi iraultzaile batek gidatua, bestelako sozialismo bat sumarazi digu, deszentralizatzailea eta konkretua: halakoxea da euskaldunen unibertsaltasun berezia, hain zuzen ETAk zapaltzaileen zentralismo abstraktuari kontrajartzen diona. Sozialismo horrek, guztiontzako balio ote dezake? Ez ote da herri kolonizatuentzako behin behineko soluzio bat? Beste hitzetan esanik, baiets dezakegu azken helburua dela, edota etapa bat, behin esplotazio unibertsala amaiturik, eta edozein berezitasun gainditzearen bidez, gizaki guztiek maila berean egiazko unibertsaltasuna gozatuko duten unerantz bidean? Horixe da kolonoen arazoa. Ziur egon gaitezke kolonizatuei, independentziaren aldeko borrokan murgildurik, arazo hori ez zaiela batere ardura. Euskal militanteen ustez, egia dena da ezen burujabe izateko herrien eskubideak, bere exigentziarik errotikoenean onartuak, oraingo mugen berrikustea dakarrela apur bat edonon, burgesiaren hedatzearen hondakinak baitira, herriaren beharrekin inolaz ere bat ez datozenak, eta hori ezin dela egin ez bada iraultza kultural baten bidez, gizaki sozialista sortuko duena bere lurrean oinarrituz, eta bere hizkuntzan, eta are bere ohitura berrituetan. Soilik hortik abiatuta utziko dio pixkanaka gizakiak bere ekoizpenaren ekoizpen izateari, azkenik gizakiaren seme bilakatzeko. Marxistak ote dira ikuspuntu hauek? Honi dagokionez, ETAren buruzagien artean zenbait zalantza sumatzen da, zeren batzuek «neomarxistak» direla diote eta beste batzuek gehienek, dirudienez «marxista-leninistak». Borrokaren eguneroko eskarmentuak erabakiko du. Behin batean Gebarak esan zidan: «Marxistak, gu? Tutik ere ez dakit.» Eta erantsi zuen, irribarrez: «Ez da gure akatsa errealitatea marxista izatea.» ETAk gizaki guztiek, orobat zentralizatzaileek, unibertsaltasun abstraktuaren aurka beren berezitasunak baiesteko duten beharra erakusten digu: euskaldunen ahotsak entzutea, bretoienak, okzitaniarrenak, eta beren alboan borroka egitea, beren berezitasun zehatza baiets ahal dezaten, horrek dakar, ondorio zuzenaz, geuk frantsesok ere Frantziaren benetako independentziaren alde borroka egitea, Frantzia baita bere zentralismoaren lehen biktima. Zeren bada euskal herri bat eta herri bretoi bat, baina jakobinismoak eta industrializazioak gure herria akabatu dute: gaur egun jadanik ez dago frantses masak baizik.
[1] Bistan da ez zuela autonomia arbuiatu baizik Errepublika.
[2] Hain desberdinak dira Espainia eta Katalunia, edozein aldetatik aztertuta, lekuz kanpo bailegoke estatistika komunak egitea, darabiltzagun datu ofizialek ez balituzkete berariaz nahastuko. Erran gabe doa, Espainia hutsari dagozkion zenbakiak emango balizkigute aunitzez ere baxuagoak liratekeela.
[3] Nafarroari gobernu espainolak % 106 bihurtzen dio.
[4] 60ko hamarkadako urte bati dagozkio datuok, baina oso antzekoak dira urte batetik bestera.
[5] Zailtasun hauen garrantzia azpimarratzearren, adibide bakar hau aipatuko dut: Kubaren eta SESBren arteko harremanak.
[6] Hala ere, eta 1970ko abuztuaz geroztik, joera berri batek ETAren desmilitarizazio partziala aldarrikatuko du, Euskal Herriko langileen ekintza politiko bati bide egitearren: joera honetako militanteen arabera, militarizazio osoak, eskatzen duen klandestinitate guztizkoaren kariaz, erakundea langile masengandik bakartu eta horrela helburuaren aurka jotzeko arriskua dakar.
Burgosko Prozesua, Gisèle HALIMI, Gallimard, Paris, 1971
© Jean Paul Sartre
© itzulpenarena: Markos Zapiain