Urt 26 07

Otañoren bertsoak eta operak

Atariko intxaurpean utzi nahi izan zituen hezurrak Pedro Mari Otañok, baina ez zuen lortu. Ameriketako panpetan gelditu ziren, Rosarion hil zelarik, 1910eko maiatzaren 6an. 53 urte lehenago jaioa zen, 1857ko urtarrilaren 26an, Gipuzkoako Zizurkilen, duela 150 urte. Euskal herriminaren kantari handienetako bat, bertsolari sonatua zen Ameriketara lehen bidaia egin zuenerako. Hainbat lagun joan omen zitzaion itsasontzira agur egitera. Ozeanoa bost aldiz zeharkatua, eta gure literaturaren uretan ere halaxe ibili zen. Izan ere, bertsolaria da Otaño, baina bestelako porturik ere jotzen du, literatur arnasa handiko bertso-sorta eta olerkiak onduz: Limosnatxo bat, Ameriketako Panpetan, Txepetxa. Zazpiak bat poemarekin goiburu bat baino gehiago dena ere ehundu zuen. Buenos Aires-en 1900ean argitaratutako Alkar poema liburua jasoa geneukan Klasikoen Gordailuan, bere bertso eta olerkien antologia bat izan zena. Gainontzeko lanak erantsi dizkiogu. Zerbait olerki liburua, 1895ean Biktoriano Iraolaren irarkolan plazaratutakoa (gero ere argitara emango dituen Txepetxa, Limosnatxo bat badakartza). Bestalde, liburuetan plazaratutakoez gain, 38 bertso-sail, Antonio Zabalak bilduak. Horiekin batera, baina, opera bat ere bai, Artzai mutilla, 1900ean Bergarako Lopezenean argitaratua, Felix Ortiz y San Pelayoren musika daukana; eta Lora, ipuin kanta hiru egintzatan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak