Julene Azpeitia eta Jose Manuel Estonba
1950eko hamarkadako bi lan gehitu ditugu aste honetan Klasikoen Gordailura: Julene Azpeitiaren Amandriaren altzoan eta Jose Manuel Estonbaren Izartxo. Eleberria da Estonba apaiz irundarraren lana. II. gizaldian kokatua, Izartxo neskak, Erko bikoteak eta Basurdi kontrarioak osatutako triangeluaren istorioa, iraganeko paisaje erromantiko batean —sorginak, basoko animaliak…— jokatzen da eleberri kostunbrista. Kuliska Sortak eman zuen argitara 1959an. Aurrekoa bezala gipuzkeraz idatzia, ipuinak dira Julene Azpeitiak Amandriaren altzoan bildutakoak. Herri tradizioko ipuinak, haurrentzakoak, hezkuntza alorrean egindako lanagatik ezaguna den idazle zumaiarrarena. Maistra izateaz gain, ordea, idazle ere izan zen Azpeitia, eta horren erakusle dira Euzkadi egunkariko euskarazko orrian eta hainbat aldizkaritan argitaratutako ipuin eta idazgaiak. Bere lehen liburu honetan herri tradizioko ipuinen bidetik jo bazuen ere, haurrentzako ipuinak diren heinean ekarpena ere egin zuten garai horietan denaren premian zegoen euskal literaturarentzat. 1961ean argitaratu zen Kuliska Sortan, Euskaltzaindiaren saria 1954an jaso zuen lanak. Hemen dituzue biak.