Rafa Egigurenen nobela berria: Chevrolet tropikala
Ilargia putzuan ageri izena zuen Rafa Egigurenen lehen nobelak (Erein, 1990). Chevrolet tropikala duzu bigarrena (Susa, 2007), urriaren 10ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztuko duena. Sanfermin jaietatik ihesi, Habanara iritsi da Migel Salaberria 1992an, urte erdia Kuban igarotzeko asmotan. Hilabete bakarreko baimena besterik ez daukanez, bertan luzaz bizitzeko aitzakiak eta agiriak bildu behar ditu albait arinen, turista soila izango ez bada. Eta orduan, espero ez duela, lagun batek deituko dio Iruñetik, esanez Che-ren heriotzaren 25. urteurrena izango dela udazkenean eta haren omenez ekitaldi batzuk antolatzen hasiak direla. Artekari bat behar dute Kuban, Migel da Habanako euren gizona. Ingenio sotil eta umore-txinparta gozoz zipriztindurik dago Rafa Egigurenen kontakizuna. Nobelako lehen zazpi kapituluak eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.