Hamaika ipuin berri
Narrazio-kolpe berria eman diogu ipuina.eus atariari, hainbat garai, estilo eta autoreren lanak ekarriz. Joakin Larretaren Azelaingo zubia (1881),herri ipuina literatura idatzira ekarri. 1908ko Gertatzen dana, Biktoriano Iraolarena. Gezurra badirudi ere, Facebook, Instagram eta enparauetan dabiltzanei aplikatzen ahal zaien zertzelada ironikoa. Damaso Intzaren Martin Zintzoa (1913, Larrungo hizkeraz, baina narrazioaren zentzunaz. Moraltasuna, bai, baina interesgarria hala ere. Urte berekoa, Jose Goikoetxeaundiarena, Ataungo basagizona. Tituluak iradokitzen duenaz bestera dator Ataunen erretore izan zen gizona. Apunte labur bat, erdi etnografikoa erdi soziala. Plano desberdinetan narratua. Justo Mari Mokoroak ederki asko idatzitako 1923ko Oker baten ondorea, Mariren mitoa menditarren artean. 1929ko Gizarajoa!, Luzear-ena, bikote baten kontu aldrebes ederra umore handiz emana dakarrena. Hiriaren presentzia. Ezizenak nor ezkutatzen duen ez dakigun Zetarri-k 1937an ondu zuen Guda jazokunak, fronteko pasadizo xelebre bat dakarrena mairuen kalterako. Mikel Zarateren hiru ipuin: Zaldibi / Iturri bat, harri bat, zuhaitz bat / Adan Aurpegi Adarraga. Kotxe kontua lehena; gerra galduaz alegia bigarrena, azkena burla dotore bat gramatikalariei, Euskaltzaindiari, eta baita EGA tituluari ere. Satiriko baten lan bikaina. Eta berriena Idurre Eskisabelen Biribilketa (1999). Kontu delikatu-deserosoak lantzen dituen narrazioa: haur suizidioa, amodio galdua, militantzia, damua…